Carmen Agoues, EHUko Udako Ikastaroetako zuzendaria: «Euskarazko eskaintza indartzea da asmoetako bat »

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko eka. 23a, 07:56

25 urte daramatza zuzenbideko irakasle gisa EHUn. Orain erronka berriari heldu eta Jose Luis de la Cuestaren lekukoa hartu du. Behin egoera berrira egokituta, erronka berriak betetzeko gogoz dago.

Duela lau hilabete izendatu zintuzten. Zer moduzkoa izan da hasiera?

Nahiko gogorrak izan dira hilabete hauek, egokitze prozesu bat izan delako.  Lehendik ere ezagutzen nuen mundu hau; hainbat ikastaro zuzendu ditut eta ikasle gisa ere parte hartu izan dut. Baina hau bestelakoa da. Ikustea 9.000 pertsona inguru pasatzen direla hemedik... Hori guztia kudeatzea bestelakoa da.

Ondoan izan dut uneoro aurreko taldea; eskertzekoa da. Oraindik ez naiz erabat egokitu, baina nahiko sendotu naiz. Helburuak argiago ikusten ditut, ditugun baliabideak ere bai...Horrez gain, lantalde onadut eta hori niretzat ezinbestekoa da.

Behin egokitzen hasita, erronkak ere argiago izango dituzu.

Bai. Ikusi dut hemen gauza asko egin direla eta oso ongi, gainera. Baina, beste aldetik, badakit askoz ere gauza gehiago egin daitezkeela. Badaude faltan ematen ditudan hainbat kontu. Esaterako, euskarari dagozkionak. Une honetan, 214 jardueratik 21 eskaintzen ditugu euskaraz. Asko dira;  2005ean sei ikastaro eskaintzen ziren euskaraz. Hala ere, askoz gehiago indartu nahi dugu alor hori. Euskaldun jendearengana heldu nahi dugu, gehiago. Horregatik, eskaintza ona eman jendea animatzeko.

Proposamen asko dago, baina eskaera gutxi. Hain zuzen, guk proposamenak aukeratzerakoan, irizpide gisa, euskaraz ematen dena lehenesten dugu, besteak beste. Batzuk harrera ona dute, hezkuntzarekin lotutakoak kasu, baina beste batzuk, ordea, ez. Hori da gure helburuetako bat, euskarazko eskaintza hobetu eta zabaltzea.

Zentzu horretan, zeintzuk dira indartu nahi dituzuen saioak?

Bertsogintzaren inguruko bi ikastaro ditugu, Mintzola bertsozale eskolak antolatuta. Batek Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan izena du. Denok dakigu ahozkotasunak duen garrantzia, baina oso gutxi hitz egiten da horretaz. Horregatik, bertsogintzatik horretaz jardutea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

Bertsolaritzaren bidegurutzeak izena du bigarren ikastaroak, eta bertan hiru gai landuko dituzte. Batetik, aztertuko dute bertsozale elkarteak zein jarrera duen administrazio eta alderdi politikoen aurrean. Bestetik, duela 35 urte inguru sortu ziren bertso eskolek egun eredu bera jarraitu behar duten ala ez hausnartuko dute. Hirugarren lerroari dagokionez,  neurologoak garuna ikertzeko esparru berria izango da aztergai: bertsogintza. Ikerketa horretan bertsogintzak zer-nolako pisua duen landuko dute.

Bertsogintzarekin lotutakoez gain, zein beste euskarazko ikastaro nabarmenduko zenituzke?

Ahozko komunikazioa eskolan izenekoa nabarmenduko nuke.  Duela urte batzuk jarri zuten abian eta arrakasta handia izan ohi du. Beste bat litzateke Nola hobetu irakasle lana. Hor, esaterako, Suitzako, Frantziako  eta Euskal Herriko hainbat esperientzia izango dituzte aztergai.

Horrez gain, Ikasteko kooperatu mintegia daukagu eta baita Hau zein hizkuntzatan egingo dugu? ere. Azken horren bidez Lehen Hezkuntzan konpetentzia eleaniztasuna nola kudeatu ikasiko dute parte-hartzaileek.

Gero badugu beste bat harrera haurrei buruzkoa, horiek nola hezi eta hazi behar diren lantzeko. Ingurumen alorrean, berriz, Euskal Herrian trantsizio energetikoa landuko dugu. Eta osasunaren arloan Felix Zubia zarauztarrak Osasuna etxean  ikastaroa gidatuko du, eta Andoni Egañak, berriz, Jendaurrean hizketan izenekoa.

Baina nabarmendu nahiko nukena da Etxepare institutuak antolatu duena, Mariasun Landaren omenez. Haur eta gazte literatura landuko dute bertan. Horrez gain, berrikuntza politikoaren inguruko jarduera bat ere eskainiko dugu, konstituzio erreforma, autogobernua, erabakitzeko eskubidea eta independentziari buruzkoa. Analisi politiko bat egingo dute, eta alderdi politikotako ordezkariak etorriko dira, Andoni Ortuzar, Asier Arraiz, Idoia Mendia, Arantza Quiroga eta Roberto Uriarte, kasu.

Euskarazko jarduerak indartzeaz gain, zeintzuk dira bestelako helburuak?

Beste erronka teknologia litzateke. Gure programan badaude horri lotutako askotariko saioak, baina beharbada EAEn teknologiak duen garrantzia ez dago ongi islatuta. Alde horretatik, gustatuko litzaiguke ordezkapen gehiago izatea. Horretarako, hitzarmenak sinatu nahian gabiltza alor horretako erakundeekin.

Horrez gain, beste erronketako bat Europa da. Egia esan, programako saio askok badute lotura Europarekin, baina gehiago izatea nahiko genuke. Azkenean, ez gara konturatzen baina Europar Batasunak hartzen dituen erabakiek izugarrizko eragina dute gure bizitzako alor guztietan. Hori hobeto islatu behar dugu udako ikastaroetan, eta horretan gabiltza.

Kalitate handiko eskaintza izango da, hortaz.

Bai, nazioarteko hainbat mintegi ere izango ditugu. Horien artean bat Bilbon eskainiko dute: ICOT 2015. Thinking for constructive communities. Dagoeneko 2.000 pertsonak eman dute izena mintegi horretan.

Gero, badira euskaraz ez direnak eta benetako arrakasta dutenak. Zoriontasuna, inteligentzai etikoa, beldurrak, barkamena, ahanztura, lan inguruko pertsona toxikoiei buruz...Pertsona ospetsuek eskainiko dituzte, esaterako, Begoña Ibarrolak, Jose Antonio Marina, Jorge Tizon eta  Espido Freire.

Beste berrikuntzarik ba al dago?

Bai. Ziklo berri bat antolatu dugu kriminologiarekin lotuta.  Besteak beste, elizaren inguruko sexu-abusuak jorratuko dituzte, justizia restauratiboa, tartekaritza mundu penalean, haurren testigantzak prozesu judizialetan.

Halaber, ikastaroak online ere eskainiko ditugu. Asmoa da udan egindako ikastaroak neguan jarraipena izatea,  norberak bere etxean. Aurten zazpi izango ditugu, eta horietatik hiru euskaraz. Horiek ere arrakasta handia izaten ari dira.

Zer moduz doa izen ematea?

Dagoeneko 5.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena, iaz baino gehiago une honetan. Iazko zenbakiak lortzeko bidean gaude, eta pozgarria da hori.

Hala ere, ez diot horrenbesteko garrantzia eman nahi zenbakiei.  Ondo dago kopurua mantentzea, baina garrantzitsuena da erronka berriei erantzutea eta kalitatea mantentzea. Izan ere, gure asmoa jendea gustura geratzea da, eta zalantzak sortzea. Kontzientzia mugitzea.

Norengana heldu nahi duzue?

Hiru profil nagusi ditugu: batetik, unibertsitateko mundua, irakasle zein ikasle; bestetik, askotariko arlotako profesionalak eta azkenik, pertsona oro. Profil horiek izaten ditu kontuan gure batzordeak ikastaroak eta mintegiak antolatzerakoan. Norentzat dauden zuzenduta, alegia.

Horrez gain, gaien aniztasuna ere oso garrantzitsua da. Eta noski, euskarazko eskaintza. Hori lehenetsi nahi dugu. Nolabaiteko diskriminazio positiboa egin behar dugu puntu horretan.