Tolosako Abesbatza Lehiaketako sei talde, herrian entzungai

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko urr. 23a, 08:00

Musamari taldea.

Urriaren 30etik aurrera egingo dute Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa, eta aurten ere, lehiaketa aprobetxatuz, sona handiko taldeak ekarriko dituzte udalerrira. Zarautz Abesbatza duela 27 urte hasi zen kontzertu horiek antolatzen, eta ordutik nazioarteko talde garrantzitsuenek eskaini dituzte kontzertuak herrian. Aurten pauso bat aurrerago eman dute, eta inoiz baino abesbatza gehiagok eskainiko dituzte emanaldiak Nazioarteko Ahotsak zikloaren barruan.

Guztira, sei talde ariko dira astelehenetik larunbatera, hiru helduenak eta hiru haurrenak.  Hori dela-eta, Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Eskuderok nabarmendu du «ohore bat» dela maila horretako taldeak izatea Zarautzen. «Badirudi oso gustuko dutela Zarautz eta Frantziskotarren eliza; oso eroso sentitzen dira. Jende asko bertaratzen da, eta abesbatzetako kideek hunkituta amaitzen dituzte euren emanaldiak».

Mikrokosmos abesbatza.

Egunero izango dira kontzertuak eliza horretan, 20:30etik aurrera. Lehenbiziko emanaldia Frantziako Mikrokosmos abesbatzak eskainiko du. «Duela urte batzuk, ohorezko abesbatza gisa gonbidatu genuen talde hori», azaldu du Zarautz Abesbatzako zuzendariak. «Oso abesbatza berezia da; abesbatza honen emanaldiek taldeko lanaren mugak hausten dituzte», iritzi dio Eskuderok.

Asteartean, Estoniako Musamari haur abesbatzaren txanda izango da. Berezitasun bat badu horrek: abeslari guztiak neskak dira, 11-16 urteko artekoak. «Sari asko jasotakoak dira, bai kantuagatik, bai koreografiagatik», nabarmendu du. Hilaren 28an, asteazkenean, Letoniako Emils Darzins ganbera abesbatzako ahotsak entzuteko aukera izango da. «Talde honen historiala oso xumea eta arrunta da», zehaztu du Eskuderok, baina sari asko jaso ditu horrek ere. «Haien emanaldia ere oso ona izango da».

Amics de la Unioko 12-17 urte bitarteko gaztetxoen «ahots zuriek» girotuko dute Frantziskotarren eliza ostegunean. Eskuderok haien kalitatea goraipatu du: «Estatuko maila handienetako abesbatzen artean dago talde kataluniarra. Sortu zenetik hainbat grabazio egin ditu, eta ekoizpen ugaritan ere hartu dute parte».

Hurrengo emanaldia, sari asko bildu dituen Tous Ensemble argentinarrek eskainiko dute. «Parte hartu duten lehiaketa guztietan jaso dute saria. Abesbatzako partaide guztiak musika karreraren bat egin duten gazte profesionalak dira».

Tous Ensemble.

Azken kontzertua Bielorrusiako Lira haur abesbatzak eskainiko du. Zarautz Abesbatzako zuzendariaren arabera, urre diplomak eta sari ohoragarriak eskuratu ditu 12-16 urte bitarteko gaztez osatutako taldeak.

Bonuak eta sarrera solteak

Emanaldi bakoitzerako sarrerak hiru euro balioko du, eta egunean bertan jarriko dituzte salgai, elizaren sarreran. Horrez gain, bonuak ere eskuratu ahalko dira emanaldi guztietarako, 15 euroan. Lehenbiziko emanaldian zein aurrez—gaurtik aurrera, Martiarenan, Arantza loradendan eta turismo bulegoan— erosi ahalko dira bonuak.  16 urtetik beherako herritarrek, berriz, ez dute sarrerarik ordaindu beharko.