Udalak eta URAk akordioa sinatu dute Iñurritza eta Olaa berreskuratzeko

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urt. 26a, 12:00

Olaa erreka egun, KSB Itur enpresaren ondoan (Aritz Mutiozabal).

Errotaberri inguruan sortzen diren uholdeei irtenbidea ematea da akordioaren helburua, eta  Iñurritza eta Olaa ubideak berreskuratzea. Hitzarmen horrekin Errotaberri industrialdeko urbanizazio proiektuan aurrerapausu bat eman dela adierazi du Zarauzko alkate Xabier Txurrukak; izan ere, urbanizazio obren lehenbiziko fasearekin hasteko izapideak amaitu dituzte. «Errotaberri gaur egun dagoen geldialditik atera nahi dugu, Zarautzen etorkizunerako proiektu estrategikoa dela uste dugulako», nabarmendu du alkateak.

Duela bi aste bildu ziren Zarauzko udaletxean Txurruka eta URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari Iñigo Ansola hitzarmena sinatzeko, abenduaren 30eko udalbatzarrean gaia bozkatu eta aho batez onartu ondoren. Alkateak adierazi du akordio horrekin «pauso garrantzitsua» eman dutela udalerria zeharkatzen duten bi ibaien ubideak berreskuratzeko, «baldintza hidraulikoak zein ingurugiroa hobetuz».

Helburu horretarako Eusko Jaurlaritzako Uraren Euskal Agentziak 4.454.388 euro jarriko ditu datozen hiru urteetan: aurten 10.000 euro, 2017an 400.000 euro eta 2018an 4.044.388 euro. Udalak, berriz, 778.549 euroko aurrekontua hartu du beregain: 10.000 euro aurten ordainduko ditu, 368.549 euro datorren urtean eta 400.000 euro 2018an.

Aurreikusi dute 2017an hasiko direla Olaa berreskuratzeko lanekin, eta jarraipen batzorde bat izendatuko dute hitzarmenean adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

«Lehentasunezko» gaia

Zarauzko Udal Gobernuak «lehentasunezkotzat» jo du gaia. «Gune horretan babesa eman behar zaien herriko enpresa garrantzitsuak daude. Gainera, badira Errotaberriko urbanizazioaren lehenbiziko fasea burutzeko zain dauden enpresa berriak ere», azaldu du Txurrukak. «Egun Olaa erreka KSB Itur enpresaren instalazioen azpitik pasatzen da 300 metroko ibilbidea eginez, eta aurreikusitako lanekin ibaiaren ubidea desbideratuko da, kanpora ateraz, eta bere bazterrak berreskuratuko dira». Modu horretan, uholdeak saihestuko dituzte.

Izan ere, «arazo historikoa» da honakoa. Zarauzko Udalak urteetan zehar hainbat urrats eman ditu irtenbidea emateko, baina, adierazi dutenez, orain arte ez da aurrera atera. 2009an URAk eta udalak hitzarmena sinatu zuten Errotaberriko urbanizazio proiektuko obrak egiteko, baina lanak ez ziren martxan jarri. Gerora, udalak Injelan S.L. enpresari aurreproiektua idazteko eskatu zion Iñurritza ibaiaren zati bat hobetzeko. 2014ko azaroan udalak onartu eta Uraren Euskal Agentziara bidali zuten dokumentua, hark ere onar zezan. Duela bi aste sinatu zuten akordioa udalak eta URAk.