"Oso ongi datorkigu beti surfa egin dugun olatu batean lehiatzea"

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko mar. 15a, 09:15
Ainara Aymat eta Nadia Erostarbe surflariak (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Ainara Aymat eta Nadia Erostarbe zarauztarrak nazioarte mailan lehian ari diren surflariak dira, eta Pro Zarautz txapelketa jokatuko dute.

Oso gazteak badira ere, —lehenak 19 urte ditu eta bigarrenak 15 urte—, badakite zer den onenen artean olatuak hartzen aritzea. Biek ala biek wildcart gonbidapena lortu dute Pro Zarautz txapelketa jokatzeko, eta ilusioz beteta daude.

Zer da zuentzat horrelako txapelketa bat etxean jokatu ahal izatea?

Ainara Aymat: Ohore bat da, zalantzarik gabe. Bertakoak gara eta txikitatik surfean aritu garen  olatua da Zarauzkoa. Etxean, betidanik surf egin duzun olatu batean txapelketa jokatzea itzela izateaz gain, oso ongi datorkigu. Izan ere, bertako itsasoaren ezaugarri eta baldintza guztiak zeintzun diren dakizkigu.

Beraz, zuentzako abantaila dela esan daiteke?

Nadia Erostarbe: Zentzu horretan, abantaila izango dugu, bai. Guretzako erraztasuna izango da, aldeko faktorea. Gainera, mundu mailako txapelketa izanda, ilusioa egiten digu goi mailako surflarien aurka lehiatu ahal izatea.

A.A.: Etxean jokatuko dugunez, lasaiago gaude. Eta horrek, jakina, asko laguntzen du lehiatzeko orduan.
Oinarri sendoa duzue halako lehietan; esaterako, Zarauzko txapelketan jokatzeko txarte la lortu duzue.

Nola ikusten duzue aurtengo denboraldia?

N.E.: Laster hasiko dut denboraldia. Iaz oso gustura bukatu nuen urtea. 21 urtez azpikoen Europako Txapelketako zirkuituan zazpigarren postuan bukatu nuen, eta Lanzaroteko Pro Juniorrean lortu nuen nire emaitzik onena, bigarren postuan sailkatuta. Egia esan, oso pozik nago lortutakoarekin, nahiz eta agian beste proba batzuetan gehiago egin nezakeen.

Eta aurten zer espero duzu?

N.E.: Aurten 21 urtetik 18ra jaitsi dute txapelketaren adin tartea, eta maila gutxiago dago. Zirkuituko onenak ni baino zaharragoak ziren, eta, hori kontuan izanda, dudan guztia emango dut, ahalik eta emaitzik onena lortzeko. Nire helburua da iaz eginiko lana hobetzea.

Zure kasuan, Ainara, zer moduz joan zen aurreko urtea?

A.A.: Iazkoa ez zen izan nire urterik onena izan. Egia esan, ez nintzen oso fin aritu denboraldi osoan. Ea aurten nola ekiten diodan denboraldi berriari. Ahalik eta ondoen lehiatzen saiatuko naiz.