Hasi da Pro Zarautz surf txapelketa, igandea bitartean

Zarauzko hitza 2016ko api. 1a, 14:47

(Zarauzko Udala)

Asteburuan zehar, "eguraldi eta olatu onak" izango dira, eta ikuskizuna "bermatuta" egongo dela esan dute antolatzaileek. Txapelketaren bueltan, egitarau oparoa prestatu dute.

Pro Zarautz surf txapelketari hasiera eman diote gaur, ostirala, ordezkari politikoek, surflariek eta herritarrek. "Eguraldi eguzkitsua eta olatu onak" espero dituzte Zarautzen datozen egunetan, hala azaldu Xabier Txurruka alkateak. "Gogo eta ilusio handiz" antolatutako ekitaldia dela esan du Txurrukak; izan ere, zarauztarrek aukera izango dute "surfaz gozatzeko" eta "mundu osoko surflariak olatuak hartzen" ikusteko.

Zarautz aitzindaria da surfaren munduan, alkatearen arabera. Hori dela-eta, haren hitzetan, "apustu sendoa" egin du udalak mundu mailako lehia berreskuratzeko. Irailean egiten zen lehen, eta dataz aldatu dute, "eguraldia tarteko". Gizon eta emakumeen QS1000 proba jokatuko da aurtengoan Zarautzen; eta, "berdintasunari bide emanez", lehen aldiz, sari bera izango dute bi sexuetako kirolari irabazleek. Oier Illarramendi Gipuzkoako Surf Federazioko ordezkariak esan du "ikuskizuna bermatuta" egongo dela, eta zarauztar zein bisitariak gonbidatu ditu hondartza aldera gerturatzera.

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo, Kirol, Gazteria eta Kultura diputatuak adierazi du Zarautzen dagoela "Euskadiko surfaren habia eta etorkizuna". "Horrelako ekitaldiek lagundu eta babesten dute hori hala izan dadin", nabarmendu du. Beraz, halako txapelketak sustatzea da beraien asmoa, hemendik aurrera: "Mapan jartzen gaitu halako garrantzitsua den kirol batean. Izan ere, nazioarteko proiekzioa du surfak". Itxasok uste du Gipuzkoaren irudi "modernoa eta irekia" ematen duela kirol horrek eta zaletasunak.

Eskertza

Zarauzko Alkateak eskerrak eman dizkie txapelketa Zarautzen egin ahal izateko lagundu duten guztiei: Gipuzkoako Foru Aldundiari, Jaurlaritzaren Basquetour turismo agentziari, Gipuzkoako surf federazioari eta World Surf Leageko antzolatzaileei.

Egitaraua

Apirilak 1, ostirala

09:00. Surf Your Soul yoga saioa eta gosaria, txapelketa gunean.
10:30. Surf ikastaroak, surf eskolen eskutik.
11:00-20:00. Betiko market azoka, txapelketa gunean.
12:00. Txotxa, Izeta sagardotegiaren eskutik, txapelketa gunean.
12:30. Posterrak sinatuko dituzte, txapelketa gunean.
18:30. Pro Zarautz Skate Txapelketa, Borgetoko skate parkean.
22:30. The Nephews taldearen kontzertua, Munoan.
23:30. Mamba beat taldearen kontzertua, Munoan.

Apirilak 2, larunbata

09:00. Surf Your Soul yoga saioa eta gosaria, txapelketa gunean.
10:30. Surf ikastaroak, surf eskolen eskutik.
11:00-20:00. Betiko market azoka, txapelketa gunean.
12:00. Txotxa, Izeta sagardotegiaren eskutik, txapelketa gunean.
12:30. Herri kirol erakustaldia txapelketa gunean.
17:00. Self Surfboards shape erakustaldia, txapelketa gunean.
17:30. Xolomo Gansta taldearen kontzertua, txapelketa gunean.
18:30. Pro Zarautz BMX erakustaldia Borgettoko skate parkean, Sergio Layos, Nil Soler, Roger Soler, Joan Balmaña, Richard Grimal eta Igor Eskuderoren eskutik.
22:30. Makala Jazz Funk Band taldearen kontzertua, Munoan.
23:30. Priscila Band taldearen kontzertua, Munoan.

Apirilak 3, igandea

09:00. Surf Your Soul yoga saioa eta gosaria, txapelketa gunean.
10:30. Surf ikastaroak, surf eskolen eskutik.
11:00-20:00. Betiko market azoka, txapelketa gunean.
12:00. Txotxa, Izeta sagardotegiaren eskutik, txapelketa gunean.
12:30. Alzola ur dastaketa, txapelketa gunean.
13:30. Air show aereo txapelketa, txapelketa gunean.
18:00. Sari banaketa, txapelketa gunean.