"Maila handiko" surflariek hartuko dute parte Pro Zarautz Surf Txapelketan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko mar. 14a, 14:27
Ezkerretik hasita, Collazo, Illarramendi, Garmendia, Txurruka, Itxaso eta Aymat.

Zarautzek munduko surf zirkuituko proba bat berreskuratuko du martxoaren 31tik apirilaren 3ra.

Urte batzuetako geldialdiaren ostean, mundu mailako surf proba bat jokatuko dute aurten Zarautzen: Zarautz Pro txapelketa. Martxoaren 31tik apirilaren 3ra izango da Zarauzko Turismo Bulegoak, Gipuzkoako Surf Federazioak eta World Surf Leaguek antolatuta. "Izen handiko" surflariak lehiatuko dira QS 1.000 mailako proba horretan, eta lehenbiziko aldiz emakumezkoek ere hartuko dute parte Zarautzen. 1.000 puntu banatuko dituzte gizonezkoen zein emakumezkoen artean eta sari aldetik ere berdintasuna bermatuko dute. Hala, 20.000 dolar banatuko dituzte: 10.000 dolar gizonezkoen mailan eta beste 10.000 dolar emakumezkoen mailan.

Nazioarteko—Hawaii, AEB, Israel, Brasil, Uruguay, Argentina, Zelanda Berria, Frantzia eta Portugalekoak, besteak beste—zein Euskal Herriko 75 gizonezkok eta 16 emakumezkok hartuko dute parte Pro Zarautz txapelketan. Emakumezkoen artean, QS zirkuituan lehenbiziko postuetan dauden Justine Dupont eta Pauline Ado frantsesak ariko dira. Gizonezkoen artean, berriz, Joan Duru baionarra, Kiron Jabour hawaiiarra, Hossegorreko Marc Lacomare, Nick Von Rupp portugaldarra eta Gony Zubizarreta galiziarra, besteak beste.

Surflari euskaldunek ere ez dute Pro Zarautzen parte hartzeko aukera galduko. Bertan izango dira Aritz Aranburu, Indar Unanue eta Hodei Collazo zarauztarrak; Imanol Yeregi zumaiarra; Eneko Acero eta Jatyr Berasaluze getxoztarrak eta Natxo Gonzalez plentziarra. Horiez gain, txapelketan parte hartzeko wildcard-a lortu duten Mikel Elizalde, Roberto Letemendia Tito, Ainara Aymat eta June Erostarbe zarauztarrak eta Ethan Egiguren donostiarra ere izango dira. Elizaldek Zarauzko Surf Txapelketa Herrikoia irabazteagatik lortu du gonbidapena; Letemendiak Euskal Herriko txapeldunorde izateagatik; Egigurenek eta Aymatek Gipuzkoako txapelketa irabazteagatik eta Erostarbek Zarauzko probako txapeldunorde izateagatik. 

"Ohore bat"

Gaur aurkeztu dute ekitaldia Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak,  Oier Illarramendi Gipuzkoako Surf Federazioko ordezkariak, Collazok eta Aymatek. Txurrukak gogoratu du Zarautz "aitzindari" dela kirol horretan, eta hori neurri batean surf elkarteek egindako lanari zor zaiola. "Mundu mailan ezagunak dira surflari zarauztarrak eta ohore bat da hori guretzat. Zale ugari biltzen dira urte osoan zehar gure hondartzan". Munduko zirkuituko proba bat berriz ere Zarautzen jokatuko delako "gustura" agertu da alkatea."Apustu berri bat da eta espero dugu jende ugari gerturatzea udalerrira surfaz gozatzera".

Itxasok ere udalerriaren eta surfaren lotura nabarmendu du, eta adierazi du Zarautzek "beste behin" erakutsiko duela "badakiela" halako ekitaldi bat antolatzen. Txapelketak turismoa indartzen eta elkartasuna bezalako baloreak sustatzen lagunduko duela aipatu du. 

"Pisuzko arrazoi asko" izan ditu Eusko Jaurlaritzak proba babesteko, Garmendiaren arabera. "Euskal kostaldea leku paregabea da surfa praktikatzeko eta Zarauzkoa da, hain zuzen, gure kostaldeko hondartza adierazgarrienetakoa da. Nazioartean maila eman duten surflarien jaioterria da". Horiek kirolari "bikainak" izateaz gain, balore jakin batzuen bultzatzaileak ere badirela nabarmandu du: ahaleginaren, itsasoarekiko maitasunaren eta gauzak zaintzearen eredu. Jakinarazi duenez, nazioarteko surflari onenak bilduko dira Zarautzen egun horietan eta horri esker "Euskadi izena entzungo da berriz ere munduan".

Aymat eta Collazo ere "pozik" daude beste behin euren herrian maila horretako txapelketa bat antolatu dutelako. Collazok aurreratu du surflarien zerrenda ikusita "maila ona" ziurtatuta egongo dela eta espero duela datozen urteetan ere txapelketa hori antolatzen jarraitzea. Aymatentzat "ohore bat" da txikitatik surfeatu duen olatuan halako lehiaketa bat antolatzea eta bertan parte hartu ahal izatea, berdintasuna bermatuz.

Surf txapelketaz gain, jarduera fisikoarekin eta euskal kulturarekin lotutako askotariko jarduerak izango dira lau egunetan Illarramendik adierazi duenez.