Ezkerretik, Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia, Bittor eta Rosi Zubizarreta, Marisa Merino eta Jasmilka Rodriguez

Gaur hasi eta igandera bitartean, Munoa Dantzan jaialdia izango da plaza horretako karpan  .Marisa Merino, BZ Dance Studio eta Warda Mallal eskolek hartuko dute parte.


Runba, tango, bolero, salsa, funky, street dance, sevillanak, hip hop, bachata, dantza orientalak... Askotariko dantzen erakustoki bihurtuko da Zarautz gaurtik hasi eta igandera bitartean, Munoa Dantzan jaialdiaren barruan. Aste Santuko ekitaldiak aurrera eramateko plaza horretan jarritako karpa aprobetxatuz, hiru eskolek hartuko dute parte jaialdi horretan: Marisa Merino, BZ Dance Studio eta Warda Mallal-ek. Zentro horietako ikasleek urtean zehar ikasitakoa herrian bertan erakusteko aukera izango dute.

Marisa Merinoren eskolako ikasleek hasiko dute dantza zikloa, gaur 20:30ean. Jasmilka Rodriguez dantzariak jakinarazi du guztira 13 emanaldi eskainiko dituztela eskola horretako 60 ikasle inguruk, estilo ezberdinetakoak guztiak.

BZ Dance Studioko ikasleen txanda izango da hurrengo egunean, bihar, 19:00etatik aurrera. Bittor Zubizarreta dantzariak jakinarazi du haurrek zein helduek hartuko dutela parte erakustaldi horretan: 5 urtetik aurrerako gaztetxoek funky, hip hop zein street dance-a egingo dute eta helduek, berriz, runba eta salsa, besteak beste. Guztira, 100 ikaslek girotuko dute larunbateko emanaldia. Warda Mallal eskolako ikasleek, berriz, ekialdeko erritmoak ekarriko dituzte Zarautzera, igandean. 19:00etan hasiko dute Udaberriko Gala izeneko ikuskizuna.

Lehenbiziko aldia da dantza eskolek elkarrekin halako jaialdi batean parte hartzen dutena, eta «plazera» dela nabarmendu du Merinok. Ekitaldiak irekiak izango dira, eta dantzariek herritarrak bertaratzera animatu dituzte, «ikuskizuna ziurtatuta» egongo delako BZ Dance Studioko Rosi Zubizarretak aurreratu duenez.

Asteburuak bete
«Aste Santua pasatu da eta ekitaldi zein bisitari ugari izan ditugu», jakinarazi du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak.  Oporraldi eta jaiegunez harago, urtean zehar ere, Zarautzen egitarau zabala eskaintzen jarraitzeko asmoa dute. Hala, asteburuak betetzeko lanean ari dira. «Zarautz erreferente izatea nahi dugu, jendeak jakitea zer egina badagoela udalerrian», dio.

 

 

Erlazionatuak