Ihesbidetik naturaltasun osoz

Aritz Mutiozabal 2016ko api. 14a, 10:30
Eraso!-ko kideak: ezkerretik hasita, Nestor Urdanpilleta, Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri, Iñigo Beitia eta Ibai Castro. (Josu Torrealdai)

Hogei urte bete ditu Eraso! laukoteak, eta ‘Kaiolatik ihes’ disko berria kaleratu dute; euren ibilbideko iraupen luzeko seigarren lana, alegia. Taldearen hasierako sentipenetara itzuli direla adierazi dute.

Gazte nintzen [...], azken finean, gaur egun naizena izateko». Ozen dio Eraso! musika taldeak abesti berrietako batean, jakitun taldeak 20 urte bete dituela, eta bere ibilbidean gorabeherak izan baditu ere, aurrera  egiteko borondatea izan duela. Urtemuga ospatzeko, baina batez ere osasuntsu eta ilusioz jarraitzen dutela berresteko, Kaiolatik ihes seigarren diskoa eman dute argitara, Bonberenea Ekintzak zigiluaren babesean. «Naturaltasuna ikusten diot disko honi. Hasierako Eraso! zen horretara bueltatu gara», aitortu du Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri abeslariak eta gitarristak.

Diskoko abestirik ezberdinena ere bada Kaiolatik ihes. Hasiera batean diskoan jasotzeko asmorik ere ez zuten, «baina grabatzeko orduan gustua hartu genion». Azkenean, diskoari izenburua ematen dion abestia bihurtu da. «Ohiko horretatik ateratzeko gogo hori islatzen du», nabarmendu du Nestor Urdanpilleta gitarristak: «Gure errutinatik ateratzeko behar hori, azken finean. Gure kasuan, musika taldea bera izan da ihesbide hori eman diguna». Musikalki eta talde moduan «aske» sentitzen direlako ere badela dio Ruiz Gonzalez-Txabarrik: «Sentipen hori grabatzerakoan eta zuzenekoetan nabaritu dugu, duela lau urte ez genuena».

Ez gara inoiz hilko lana kaleratu zuten 2012an, hainbat urte isilik egon ondoren. Baina hura ez zen «itzulera garbia» izan taldekideen iritziz. «Disko hura defendatzeko aukerarik ez genuen izan. Grabatu eta berehala Ander Izeta baxu-jotzaileak taldea utziko zuela esan zigun. Beraz, taldea eraldatu beharra izan genuen», gogora ekarri du Urdanpilletak. Sasoi horretan hasi zen Ibai Castro haiekin baxua jotzen, eta bere etorrerak «taldea arnasberritu» zuen. «Bere ikuspegi positiboak kutsatu egin gaitu erabat!».

Autokritika ere egiten dute Ez gara izoiz hilko aurreko diskoarekin hartutako erabakien inguruan. Ruiz Gonzalez-Txabarrik gitarra utzi zuen zuzenekoetan, abestera bakarrik mugatuz, eta apustu horrekin beharbada ez zutela asmatu diote. Abeslari eta gitarristaren hitzetan, «lan hark kutsu oso negatiboa izan zuen hasieratik, Kaiolatik ihes-ek ez daukana. Honekin, benetan, oso gustura gabiltza».

Betiko doinukeran
Hastapenetako sentipenetara itzuli badira ere, orain arte egindako guztiaren batuketa ere izan daiteke lan berria. Betiko Eraso!-ren doinukera duten abestiak daude, batzuk rockeroagoak eta besteak metaleroagoak edo astunagoak, betiere melodiarekin jokatuz. Abestien erritmoak kontuan hartuta oreka bat ematen saiatu dira. «Disko zuzena da, bederatzi abestiz [eta ezusteko batez] osatua. Dozena bat abestirekin agian luzeegia da. Laburragoa izateak lagundu egiten du», dio Ruiz Gonzalez-Txabarrik.

Hasiera batean, gainera, are iraupen laburragoko lan bat osatu nahi zuten, lauzpabost abestikoa soilik. «Astean behin entseatzen dugu, eta abestiak egiteak bere denbora eskatzen duenez, gutxi batzurekin aurrera egitea zen gure asmoa», jakitera eman du Urdanpilletak. «Baina pixkanaka-pixkanaka abestiak sortzen joan ginen, nahiko azkar, eta azkenean diskoa egiten bukatu dugu».

Bi euskarritan argitaratu dute Kaiolatik ihes, CDan zein biniloan, eta jarraitzaileek biak jasoko ditu diskoa erosterakoan. «Biniloa opari bat da guretzako eta jarraitzaileentzako. Bonbereneako jendeak animatu gintuen euskarri horretan argitaratzera. Egia esan, oso kurioso geratu da: CDa da eta biniloa duzu opari, edo alderantziz».

Grabazio prozesua bera ere oso positibotzat jo dute. Karlos Osinaga Txap soinu teknikariarekin aritu dira lanean oraingo honetan, Bonbereneako estudioan. Alde horretatik ere ihes egin dute euren betiko esparrutik: «Orain arte, Zarautz inguruan grabatu ditugu disko gehienak, antzeko jendearekin. Bageneukan mundu horretatik atera eta beste zerbait egiteko gogoa».

Segurtasun handiz
Doinu aldetik «freskotasuna» bilatu nahi izan dutela dio abeslari eta gitarristak. «Aurrekoa oso ekoiztua zegoen, eta hortik urrundu nahi genuen. Osinagak naturaltasun hori dauka, nahiz eta indie eta post-punk doinuetatik hurbilago dabilen. Baina baxua eta bateria jasotzeko modua asko gustatzen zait, eta Eraso!-k beti izan du oinarri erritmiko sendoa». Grabazio prozesua bera ere oso zuzenekoa izan zela gogora ekarri du Iñigo Beitia bateria-jotzaileak: «Pare bat aldiz jota nahikoa zela esaten zigun grabazioan. Segurtasun handia helarazi digu».

Abestietako hainbat letra edo letra horien ideiak aurretik idatzita zeuzkan Ruiz Gonzalez-Txabarrik. «Betiko ildoan, oso pertsonalak dira». Letra guztiak berak idatziak badira ere, Blue Demon abestia Harri Fernandez Iturraldek Gaur8 astekarian kaleratu zuen Mexikoko borroka librearen inguruko erreportajean oinarrituta dago.

Ez gara inoiz hilko-n bezala, memoria historikoari keinu egin diote lan berrian.  Sua.Herra.Mina abestiarekin Gernikako bonbardaketa dute hizpide.  «Ez da asko hitz egiten memoriaz, eta gustatzen zait gogora ekartzea» , gaineratu du abeslariak. Oroitzapenetan arakatzen jarraituz, Gazte nintzen abestia ekarri dute; aitortu dutenez, 20 urte izena zuen hasieran, baina gero aldatu egin zuten. «Rocka egiten ez gara zahar sentitzen, baina barneratu behar dugu ez garela gazteak. Eta horretaz abesten dugu: gazte izan ginela, gaur egun garena izateko».

Erlazionatuak