«Nahi gabe, musika taldeak gure bizitza egin du»

Aritz Mutiozabal 2016ko api. 14a, 10:30

Laukotea ‘Gaua’ bigarren maketako garaian. eraso!

Bi hamarkadak askorako ematen du, eta Eraso!-ren ibilbideak ere argiak eta itzalak izan ditu .Talde bat osatzeko ametsetik ekin zioten, eta bi maketa eta sei disko argitaratu dituzte.


«Berehala pasatu dira, ia konturatu gabe». Musika jotzen hasi zirenean talde bat osatzea zuten amets, eta pixkanaka-pixkanaka helburuak areagotzen joan zitzaizkien: kontzertuak ematen hasi, maketa bat grabatu, disko bat kaleratu... «Nahi gabe taldeak gure bizitza egin du», dio Ruiz Gonzalez-Txabarrik. 1996tik hona, bi maketa, sei disko eta ehunka kontzertu eskaini dituzte. «Sepultura, Machine Head, Slayer, Korn... Gure mito guztiekin oholtza partekatzeko aukera izan dugu, eta ezin gara kexatu», dio Urdanpilletak.

Hogei urteko ibilbidean hainbat momentu gakoa izan dituzte. «Taldea sortu aurretik, Javi [lehen bateria jotzailea] eta biok lokal batean entseatzen genuen, eta ondoko lokalean Nestor eta Iñigo aritzen ziren. Bi bikoteok bertsio berak jotzen genituen», barre artean gogoratu ditu abeslariak hasierako une haiek. Hala, honek Urdanpilleta gonbidatu zuen taldera, eta Amaiur Cajaraville gehitu zitzaien baxuarekin. Laukote hark Guztiaren arabera lehen maketa kaleratu bazuen ere, bost hilabete soilik iraun zuen. Jarraian, Beitia sartu zen taldera bateria jotzera, Javiren ordez, eta «berak eman zion taldeari ukitua, eta jada gure estiloa finkatu genuen».

Haurrentzako bateria txiki bat zeukala dio Beitiak. «Donostiara joan ginen 30.000 pezetarekin [180 euro] baxu bat erosteko asmoarekin, baina ez genuen topatu. Dendan geundela, bateria mini hura ikusi nuen, eta harekin itzuli ginen etxera». Hala ere, sekulako «egurra» ematen ziola oroitzen du Ruiz Gonzalez-Txabarrik. Beitiarekin lanean hasi zirenean, ordura arteko errepertoria alboratu eta hutsetik hastea erabaki zuten. Emaitza Gaua izan zen, bigarren maketa.

«Lan horrek oso ongi funtzionatu zuen, eta leku pila batean jo genuen», diote. Abiapuntu garrantzitsua izan zen, baina taldearen mugarria Fernando Etxabarri managerra ezagutu zutenean etorri zitzaien. «Gugan sinetsi zuen lehenengo pertsona izan zen, eta hari esker atera genuen Erantzunik gabe, lehen diskoa». Bolada hartan, diskoa izango zenaren lagina Soziedad Alkoholikako Jimmyk entzun zuen, eta Mil A Gritos diskoetxearekin kaleratzeko aukera eman zien: «Horrek ate asko zabaldu zizkigun, egia esan».

Baxu joleen joan-etorriak
Guztia ez da izan eztizko bidea, ordea. Gorabeherak ere izan dituzte, batik bat baxu jotzaileekin. «Eraso!-n baxua jota, gerora lana bilatuko duzu», dio txantxetan Ruiz Gonzalez-Txabarrik. «Amaiur Benito Lertxundirekin ibili da jotzen, eta Ander Barricadarekin. Beraz, hi lasai, Ibai, zerbait aterako zaik eta!». Baxu aldaketak taldearen doinuan eragin izan du, baina, haatik, Eraso! izaten jarraitu du.

Bukle modura, diskoak atera eta kontzertuak jotzen aritu ziren urterik urte. Kontra argitaratu ondoren, 2006an geldialdi bat egitea erabaki zutela gogora ekarri du laukoteak. «Familia kontuak tarteko, eta 10 urte geratu gabe gindoazela-eta, haize pixka bat hartu behar genuela ikusi genuen». Zazpi urteren ondoren,  Ez gara inoiz hilko lanarekin itzuli ziren. Paradoxikoki, taldearen momentu zailena disko hura atera zutenean pairatu zuten. Ander Izetak taldea utzi zuen, eta guztia korapilatu zitzaien. «Disko hark aldarrikapen mezu bat zuen, izenburuak argi azaltzen zuen bezala, baina hilda geunden».

Diskoetxeei dagokienez ere, halako madarikazio bat izan dute. Anekdota hutsa baino ez da, baina eurak zeuden zigiluak ixten joan dira. «Mil A Gritosekin lehen bi diskoak atera genituen, eta Metak-ekin hurrengo biak. Orain, bigarrena dugu Bonberenearekin. Beraz, kontuz ibili daitezela!», jarraitu du txantxetan abeslariak. Bakoitzaren zikloak ixten aritu direla iruditzen zaie, baina ez diote kontuari aparteko garrantzirik ematen.

Krisialdia hasi zen garaian hartu zuen taldeak atsedenaldia, eta berriz itzuli zirenean «musikaren panorama» aldatu egin dela konturatu ziren: kontzertu gutxiago antolatzen dira, eta gaur egun beste musika joera batzuk nagusitu dira. Horrekin batera, «gure izena jaitsi da, baina ez zaigu batere inporta». Betikoa egiten jarraitzeko asmoa dute, oholtza gainean gozatuz. Bihar Iruñean joko dute, eta hurrengo hitzordua sorterrian izango dute, hilaren 30ean, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, Dantza nazazu udaberria jaialdian.

Erlazionatuak

Ihesbidetik naturaltasun osoz

Aritz Mutiozabal 2016 api 14 Zarautz