Etxeen sustapen «esanguratsurik» gabe 14 urtean

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko api. 19a, 08:00

Xabier Txurruka alkatearen arabera, azken 14 urtetan udalerrian ez da babes publikoko etxebizitzen sustapen «esanguratsurik» egin. Horregatik Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Planaren helburua da udalerriko etxebizitza beharrak identifikatu eta neurriak hartzea horri erantzuteko.

Etxebizitza beharren azterketa egin du Udal Gobernuak. Etxebideren datuen arabera, 1.150 lagunek —horietatik 851 daude udalerrian erroldatuta—  nahi dute etxe babestua lortu Zarautzen; 545 eskatzailek jabetzan eta 306 lagunek alokairuan.

Udal titulartasuneko etxeen azterketa ere egin dute. «Udala 13 etxebizitzen jabe da, alokairuan ditu: bat Ipar kalean eta beste 12ak Zuberoa kalean».

Zarauzko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra ere aztertu dute. Duela zortzi urte onartu zuten, eta horren barruan 870 etxe babestu eraikitzea aurreikusita dute. Alkatearen arabera, ordutik 35 etxebizitza berri soilik eraiki dira Salbide Zaharrean, horietatik sei tasatuak. «Horren aurrean txoke plana osatu dugu eta gure konpromisoa da hiru urtetan betetzea», dio.