Salbatore Mitxelena Ikastolako guraso taldea.

Salbatore Mitxelena Ikastolako guraso taldeak hartu du aurten 13. Pagoeta Mendi Lasterketa antolatzeko ardura. Hilaren 15ean jokatuko da, ibilbide berriarekin.

Salbatore Mitxelena Ikastolaren 50. urteurrena, mendi lasterketa ezagunari jarraipena ematea, ikastolaren jarduera herrira zabaltzea... Hainbat ideiak bat egin dute 13. Pagoeta Mendi Lasterketaren antolaketan, eta berritasunez josi dute aurtengo ekitaldia. Batetik, lekuko aldaketa izan da: ikastolako guraso taldeak hartu du Zarautz Kirol Elkartearen erreleboa eta hori arduratu da aurtengo ekitaldia antolatzeaz.

«Lehengo antolatzaileen artean, ikastolako zenbait guraso zeuden. Jende dinamikoa, parte-hartzailea da, eta haiek uzteko asmoa agertu baldin bazuten ere, ikusi zuten ikastolak bazuela potentziala halako proiektu batekin aurrera jarraitzeko», adierazi du Jon Azkue guraso taldeko kideak. Mendi lasterketari jarraipena emateko asmoarekin eta aurten Salbatore Mitxelenaren 50. urtemuga dela aitzaki hartuta, ikastolako guraso taldeak erronkari heldu eta ekitaldia antolatzeko apustua egin du, «ilusioz eta gogotsu».
Horrekin, era berean, «ohikoaz kanpo, jarduera ezberdin batean parte hartzeko aukera» izan dute. «Ikastolako atez kanpo eta lehendik martxan dagoen kirol ekitaldi polit bati jarraipena emanez», zehaztu du Azkuek.  

Antolatzaileena ez da izan aldaketa bakarra. Hain zuzen, egungo antolakuntza-batzordeak ibilbide berria prestatu du aurtengo lasterketarako. Zirkularra izango da, zati handi batean mendi bideetan zehar, eta aurreko urteetakoa baino luzexeagoa. Lasterkariek 17 kilometro —aurreko urteetan 14 kilometrokoa zen—  osatu beharko dituzte, 1.400 metroko gorabeherarekin.Teknikoki ez dela «zaila» adierazi du Igor Etxeberria guraso taldeko ordezkariak, eta  hiru ordu eta erdian egiteko modukoa dela.

«Parte-hartzaileak goxatu»
Maiatzaren 15ean izango da 13. Pagoeta Mendi Lasterketa, 09:30ean hasita.  300 parte-hartzailetara mugatu dute parte hartzea eta  interesa dutenek www.herrikrosa.eus webgunearen bidez eman dezakete izena, 18 euro ordainduta.

Sari ugari banatuko dituzte, askotariko babesleen ekarpenari esker. Hori baita aurtengo beste helburuetako bat: parte-hartzaileak «goxatzea». «Hori dugu helburua: datorrena gustura sentitzea, egun polita pasatzea eta errepikatzea, noski», dio Azkuek. Haren kide Iñigo Garciak dio lasterketaren ostean hamaiketakoa eskainiko dietela parte-hartzaile eta ikusleei, doan. Gainera, zozketak izango dira. «Festa handia izatea nahi dugu».


Jarraipena emateko asmoz
Helburua aurtengo erronkari jarraipena ematea dute; konpromiso hori hartu dute. «Badakigu halako apustu bat egiten denean, ez dela urtebeterako egiten», nabarmendu du Azkuek. «Errelebo honek jarraipen bat izan behar du. Kirolak duen indarrarekin eta ikastolako jendearen lanerako gogoak ahalbideratuko du jarraipen hori izatea».

Harago, datozen urtetarako ere ideia berriak badituztela aitortu dute ikastolako guraso taldeko kideek. «Aurtengo esperientziatik ikasiko dugu, trebatuta egongo gara... Eta hobekuntzak, nik uste, zentzu guztietan egongo direla. Baina momentuz, aurtengoan bilduko dugu gogoa», nabarmendu du Azkuek.