Metamorfosia elektrikoa

Aritz Mutiozabal 2016ko eka. 9a, 10:30
Occhi Di Farfalla taldeko kideak: ezkerretik hasita, Bati, Jokin Azpiazu, Miren Aranguren eta Hodei Esteban. (Hodei Esteban)

Zarauzko Occhi Di Farfalla taldeak ‘Lerroetatik ihes’ bigarren lana kaleratu berri du, oraingoan laukote formatuan eta doinu elektrikoetan murgilduz.

Tximeletaren begi­ak lehengo bera izaten jarraitzen duen arren, bestelako begirada bat du gaur egun. Bikote akustikoa izatetik laukote elektrikoa izatera pasatu da Occhi Di Farfalla taldea (tximeleta begia italieraz), eta formatu horretan eman dute argitara bere bigarren diskoa: Lerroetatik ihes. «Abesti akustikoak sortzen genituenean ere asko hurbiltzen ginen nagusiki entzuten dugun musikara. Konturatzen ginen akustikorako egiten genituen abesti horiek ere modu elektrikoan funtzionatu zezaketela», azaldu du taldeko abeslari Miren Arangurenek.

Bat-batean eta naturaltasun osoz gauzatu dute metamorfosia, «ezer gehiegi pentsatu gabe». Iazko udan Europan barna egindako bira izan zen guztiaren ardatz. Hasierako bikotea –Aranguren eta Hodei Esteban gitarrista– biran murgiltzekoa zen, eta lagun duten Bati bateria-jotzailea gogo berarekin zebilela-eta, eurekin joatea proposatu zioten. Ondoren, Jokin Azpiazu batu zitzaien baxu-jotzaile gisa.

«Intentsitate ezberdinetako kontzertuak izan genituen biran, eta moldatze ho­rretan distortsioa erabiltzen hasi ginen», gogora dakar Estebanek. Arangurenen esanetan, «biran konturatu ginen gustatu zitzaigula elkarrekin zer doinu lortzen genuen, eta arreta nahiz maina gehiago jarrita abestiak biribildu genitzakeela. Gainera, konfiantzazko talde bat osatu genuen, eta guztia oso ongi joan zen».

Joko gehiago
Taldean aritzeak «askatasun gehiago» eman diela nabarmentzen du Estebanek: «Biok bakarrik jotzen genuenean oso biluzik geratzen zen guztia. Orain, baxuaren eta bateriaren oinarria mantenduta, aukera zabalagoa ematen digu ahotsarekin eta gitarrarekin jokatzeko; lehen bada ez geneukana. Goxoa izan nahi baldin badugu, goxoa izaten jarraitzen dugu, baina momentu batean puskatu eta zarata gehiago sartu nahi bagenuen, aukera hori ere ematen zigun».

Taldeak zuzenean funtzionatzen zuela ikusirik, erabaki zuten etxera itzultzean formatuari segida ematea, abestiak zorroztuz, berri batzuk eginez eta horiek disko batean bilduz. Ereindako hazitik sortu da taldearen disko berria. Ander Barriusorekin (Elektrika Grabaketak ) grabatu zuten otsailean, Arrasateko Shot estudioan, eta bi formatutan eman dute argitara: CDan eta ekainaren erdialdetik aurrera biniloan. Gainera, bandcamp atarian ere jarri dute entzungai nahiz eskuragarri.

Lerroetatik ihes izenburuaren esanahiari buruz honakoa dio Arangurenek: «Jendartean inposatzen zaigunetik ihes egiteko deialdi moduko bat da, baina baita guk eraikitzen ditugun lerro, uste edo sinismen horietatik ihes egin eta berrasmatzeko deialdi bat ere». Baina badu beste interpretazio bat ere, «gure bi abestitan agertzen dena —Euria eta Monstruosis horribilibus abestietan— izenburuari buelta emanez: ihes-lerroa. Arrakalak sortzeko dugun ahalmenari buruz hitz egin nahi dugu, aldaketak sustatzeko, askotariko aukerak sortzeko».

Hamar abesti jaso dituzte diskoan, estilo aldetik oso anitzak direnak. Oinarrian rocka da jorratzen dutena, baina stoner, punk eta 70eko hamarkadako ukituak dituzte, besteak beste. Abestien hitzek asko dute iradokitzailetik, baina, oro har, ikuspegi feministatik lantzen dituzte. «Hortik begiratzen ditugu gauza asko, eta hori ezin duzu baztertu. Iradokitzen dizkiguten gaiak badira gorputza, elkartasuna eta bazterretako  pertsonak». Abestien hitzak Arangurenengandik sortuak dira, eta beretzako «ikaste prozesu bat izaten ari da kantatzeko idaztea», ez daramalako denbora asko horretan.

Bestalde, Audre Lorderen A litany for survival poema musikatu dute, We were never meant to survive abestian. Diskoko kanta bereziena da, sintetizagailuz egina dagoelako. Horrez gain, bi bertsio ditu: CDan jatorrizkoa entzun daiteke, eta biniloan, berriz, laburra.

Hainbat kolaborazio
Aurreko diskoan ez bezala, bigarren honetan hainbat kolaboratzaile izan dituzte. « Ilusioa egiten digun jendeari eskatu diogu parte hartzeko», nabarmendu du Estebanek. Hori horrela, Xan (Erantzun), Natalia (Humus) eta Okenek (Inoren Ero Ni) ahotsak grabatu dituzte Hotel, Su txikietan eta Euria abestietan, hurrenez hurren. Eten taldeko kide Ibonrg-k tronpeta jo du Nerekin abestian, eta Haritz Tobak aire platerak Eskilaretan kantan.

Oraingoan ere Izukari arduratu da diskoaren ilustrazioaz eta diseinuaz. «Bere marrazkien oso zaleak gara, eta osatu genuen lehen birarako kartela irudikatzeko eskatu genion. Berehala animatu zen, eta diskorako nahiz elastikoetarako irudia ere egingo zigula esan zigun. Harrezkero, taldekide bat gehiago da».