Sanpelaioak 2016

San Pelaio jaietako lehen ekitaldiak dituzte bihar, Iñurritza auzoan

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 17a, 12:00

Larunbatean hasiko dira ospatzen sanpelaioak Iñurritzan (Aritz Mutiozabal).

Azoka, marrazki-txokoa, txakolin dastaketa, triki-poteoa eta kantu afaria antolatu dituzte.

Iñurritza auzoko jai batzordeak bihar abiatuko ditu sanpelaioak. Urtero bezala, hainbat ekitaldi antolatu ohi dituzte festen aurreko larunbatean, eta aurten ere zer gozatua izango da auzoko zabalgunean eta inguruetan. Goiz osoan bertako produktuen azoka egingo dute, eta haurrentzako Mendi marrazki txokoa izango da, 11:30etik aurrera. Eguerdian, 12:30­ean hasita, txakolin dastaketa egingo dute. Arratsaldean, triki-poteoari ekingo diote, Iñurritza elkartetik hasita, 19:00­etan, eta, azkenik, kantu afaria egingo dute, Yubio jatetxearen aurrean.

Jalgi dantza taldeak aurten igande eguerdian eskainiko du emanaldia, bihar Korrontzi Dantzan Galan hartuko duelako parte Iruñean. Euskal Herriko 14 dantza talde gonbidatu dituzte jaialdian parte hartzera, eta horien artean Jalgi. Taldearentzat «aukera paregabea» zela ikusita, Iñurritzako saioa egun bat atzeratzea erabaki dute.

Erlazionatuak