«Zailena ez da leihatzea, baizik eta atzetik dagoen lan guztia»

Aritz Mutiozabal 2016ko abu. 3a, 11:30

Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak laugarren aldiz hartuko du parte Olinpiar Jokoetan: Atenas, Beijing, Londres eta, orain, Rio de Janeiron. Topera dabil prestatzen, abuztuaren 20ko probara ahalik eta ondoen iristeko.

Gero eta gutxiago falta da Rioko Olinpiar Jokoak hasteko. Zer moduz zaude azken txanpa honetan?
Oraindik aste batzuk geratzen dira, eta, egia esan, pixka bat nekatuta nago, asko entrenatzea tokatu zaidalako azkenaldian. Orain, entrenamendu laburragoak egiten ari naiz, baina intentsitate handikoak. Prestaketa ondo doa, baina nabari dut karga handia sartu dudala —igeri, bizikleta eta korrika asko egiten aritu naiz—,eta nekea igartzen dut gorputzean. Edonola ere, orain lan karga hori murrizten joango da, eta espero dut nekea ere arintzen joango dela, puntu-puntuan iristeko hitzordura.

Maiatzaren erdialdean iragarri zuten zein triatleta izango zineten Jokoetan. Horrek eragina izan du prestaketa egituratzeko orduan? Ezberdina izan al da aurreko Jokoekin alderatuta?
Aurreko Olinpiar Jokoetarako urtebete lehenago lortu nuen txartela, eta beste lasaitasun batekin ekin nion denboraldiari. Aurten, ordea, beranduago ziurtatu dut txartela, eta, alde horretatik, ezberdina izan da. Iaz ezin izan nuen eskuratu, eta, gainera, ezker oineko lesio batekin bukatu nuen urtea. Denboraldi berriari ere korrika egin ezinik ekin nion. Alde batetik, oso lasai eta pixkanaka nenbilen, baina, bestetik, topera lehiatzen hasi beharra neukan, Jokoetan egon nahi baldin banuen. Nahiko egoera zaila izan zen, eta gustatuko litzaidakena baino gehiego estutu behar izan nuen urte hasierako lehiaketetan. Horrenbestez, aurten txartela lortzeko presio horrekin aritu naiz.

Jokoetara iritsiko ez ote zinen kezkarik izan al duzu, bai lesioagatik bai txartela lortzeko kontuagatik?
Bai, noski. Ez da erraza sailkapena lortzea. Horretarako lan asko egin behar da, eta oineko lesioak nahikoa buruhauste eman dizkit. Iaz txartela lortzeko bidean nintzen, baina ezin izan nuen denboraldia bukatu, haustura bat izateko zorian nintzelako. Beraz, geratzea erabaki nuen, eta karta guztiak aurtengo denboraldian jokatzea.

Berriro ere korrika hasi nintzenean, lehen helburua minik gabe korrika egin ahal izatea izan zen, baina pausoz pauso joan nintzen. Denboraldiko lehen probetan nahiko motel aritu banintzen ere, denborarekin falta zitzaidan azkartasun hori berreskuratzen joan nintzen, eta emaitza onenak aurrerago lortu ditut.

Jokatuko dituzun laugarren Olinpiar Jokoak izango dira. Euskal kirolari gutxik esan dezaketen zerbait da hori.
Hiru dira orain arte hori lortu dutenak [Almudena Cid gimnasta, Maider Telleria belar-hockey jokalaria, Ainhoa Ibarra eskiatzailea]. Egia esan, kirolari gutxik izan dute aukera hori. Olinpiar Jokoetan aritzea oso zaila da, lan handia egin behar baita horretarako, eta kontuan badugu lau urtean behin jokatzen direla, horrek esan nahi du denbora luzez mantendu behar duzula goi mailan. Erraza ez da, eta lau alditan parte hartzea are zailagoa. Konstantzia nire bertutea da; izan ere, langilea edo burugogor samarra naiz entrenamenduekin. Zailena ez da lehiatzea, baizik eta atzetik dagoen lan guztia. Gehien kostatzen dena da egunerokotasuna ahalik eta ondoen eramatea. Triatloia, gainera, hiru kirol diziplinaz osatuta dago, eta hirurak lantzeak denbora asko eskatzen du. Asko gustatu behar zaizu eta erabat motibatuta egon aurrera egiteko. Egun txar asko izaten dira, entrenamenduak nahi bezala ateratzen ez direlako, baina zoirionez egun onak ere badira, eta emaitzek ere konpentsatzen dute egindako ahalegina.

Urte mordoska bat badaramazkizu goi mailan, behintzat.
Urte hauetan guztietan oso gustura aritu naiz, eta orain hasi nahiz konturatzen zenbat denbora pasatu den, hainbat belaunalditako zenbat triatletekin  lehiatu naizen... Gaur egun,
gero eta gazteagoak dira lehiakideak, eta orduan jabetzen naiz zenbat denbora daramadan honetan.
Aurreko Jokoetako esperientzia duzu. Lehiatzeko orduan abantaila izango da hori, ezta?
Espero dut hala izatea, badakidalako zer den Olinpiar Joko batzuetan lehiatzea. Testuingurua  eta komunikabideetan duen oihartzuna handiagoa bada ere, lasterketa bera Munduko Zirkuituko edozein probaren antzekoa izaten da. Lehiakideak eta zirkuitu mota bertsuak dira. Izaten ditugun gainerako hitzorduen oso antzekoa den arren, askoz ere garrantzitsuagoa da noski. Jende guztiak bertan egon nahi du, eta norbera sasoi onenean iristen saiatzen da. Azken finean, lau urtetik behin jokatzen dira, eta jarraipen zorrotzagoa egiten zaio. Egun jakin horretarako puntuan iritsi behar duzu, eta hori asmatzea izaten da guztion erronka.

Rioko Jokoen ondoren ez duzula beste ziklo bat osatuko azaldu zenuen duela urtebete. Aurtengoa izango al da azkena?
Ez dut uste beste lau urte gehiago iraungo ditudanik. Horrek suposatzen du Munduko Zirkuituan buru-belarri jarraitu beharko nukeela, eta zirkuitua bera oso gogorra da. Urte osoa horri eskaini behar diozu, bidaiatzen eta topera lehiatzen. Formatua oso polita da, baina oso zorrotza, bai fisikoki bai psikologikoki. Ez dut esan nahi jarraituko ez dudanik, baina Rion nola bukatzen dudan ikusi nahi dut, eta horren arabera erabakiko dut. Munduko Zirkuituan jarraitzeko gogo handiz egon beharko nuke, eta guztiz mentalizatuta.

Erlazionatuak