Lesionatuta bada ere, Ainhoa Murua lehiatuko da Rion

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 19a, 17:22

Kalkaneoa hautsi du baina irteeran egongo dela baieztatu du triatletak. Bihar izango da, 16:00etatik aurrera.

"Kolpe gogorra jaso nuen asteartean kalkaneoaren haustura nuela jakitea. Egindako lan guztia pikutara... Ez dira nahi bezalako jokoak izaten ari baina gauzak datozen bezala onartzea besterik ez daukat", adierazi du Ainhoa Murua triatletak sare sozialetan. Bihar bukatzea ia ezinezkoa egingo zaiola aitortu du, baina irteeran egongo dela baieztatu du, "ahal duen guztia ematen"

Bihar arratsaldean lehiatuko da emakumezkoen triatloian, 16:00etatik aurrera. Triatloilariak jokatuko dituen laugarren Olinpiar Jokoak izango dira, Atenas, Pekin eta Londresen ondoren. Londresen zazpigarren postuan sailkatu zen; hori izan da Olinpiar Jokoetan eskuratu duen emaitzik onena.

Babesa ez zaio faltako. Poyete Channelekoek hura animatzek maillot-ak atera dituzte eta Zarauzko Triatloi Taldeak babesa eskaini eta proba zuzenean jarraitzeko hitzordua antolatu du larunbaterako, Izeta sagardotegian.