Irabazi Zarautzek salatu du Santa Klarako pasabidea puntu beltz bilakatuko dela

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 19a, 15:51

Egungo proiektua aldatu, eta eskailerak zein alboetako aldapak egin beharrean, pasabide jarraia egiteko planteatu dute, Santa Klara eta San Frantzisko kaleak lotzeko.

Santa Klarako lur azpiko pasabidearen proiektuak "segurtasunik gabeko gune larri bat" eragingo duela salatu du Irabazi Zarautzek. Santa Klara kaletik tunelerako sarrera eskailera bidez aurreikusi dute, Frantziskotarren elizatik malekoira bitarteko N-634 errepidearen azpiko pasabidearen antzekoa, eta horrek "Azken Portutik datorren jendearen igarotzea ikusi ahal izatea zailduko" duela iritzi dio.

Irabazi Zarautzen arabera, proiektuak ez ditu betetzen genero ikuspegiko hiritartze diseinuaren irizpideak, eta Eusko Jaurlaritzaren Analisi Urbanoaren Gidaliburuan jasotakoa ekarri dute gogora. Horren arabera, ikusi eta norbera ikusi dezaten ikusgaitasuna oztopatzen duten elementuak saihestu behar dira, eta baita ezkutatzeko baliagarriak diren bazterrak ere.

"Eskailerek pasabidea gurutzatu behar dutenen ikusgaitasuna zailduko dute, eta horrez gain, alboetako aldapetan erraz ezkuta daiteke norbait, ondorioz, ez dira aipatutako irizpideak betetzen", salatu dute Irabazi Zarautzeko ordezkariek. Azken Portu eta Alde Zaharra batzen dituen gunean eraikiko dute pasabide, eta beraz, alde batera edo bestera jo nahi dutenek "derrigor" igaro beharko dute bertatik. "Gauetan, jende gutxiago dabilenean, puntu beltz arriskutsua bihur daiteke, bereziki, emakumeentzat".

Pasabide jarraia

Irtenbidea proiektua aldatzea litzateke Irabazi Zarautzentzat, eskailerak eta alboetako aldapak egin beharrean, Santa Klara eta San Frantzisko kaleak batuko dituen pasabide jarrai bat planteatuz. Horrek, ikusgaitasuna ez oztopatzeaz gain, irisgarritasuna hobetuko lukeela nabarmendu dute, ibilbidea murriztuko litzatekeelako.

Jakinarazi dute eskaera bat erregistratuko dutela, udalari zein ETSri eskatuz proiektua Emakunden zein Emakumeen Mahaian azter dezaten. Halaber, gogoratu dute udalak Berdintasun Plana onartu zuela, eta horrekin puntu beltzik ez sortzera konprometitu zela. "Arazo hori konpondu artean ez lukete lanekin hasi behar, hala ez balitz, etorkizunean konpontzeko oso zaila izango den puntu beltz bat sortuko litzatekelako".