Merkatu plazan jokatuko dute Euskal Etxeen Mus Txapelketako 8. jardunaldia

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 10a, 14:25

19:00etatik aurrera izango da, eta ondoren afari herrikoia egingo dute Gaztelekuan.

Igandean hasi ziren nazioarteko Euskal Etxeetako ordezkariak mus txapelketak jokatzen. Lehenbiziko eta bigarren jardunaldiak izan ziren egun horretan, Donostiako Kursaal jauregian. Euskadiko Mus Batzordeak antolatuta, urriaren 16ra, igandera arte iraungo du, eta zenbait jardunaldi hiriburutik kanpo jokatuko dituzte. Biharkoa, esaterako. Bihar Zarautzen izango dira Argentina, Australia, Kanada, Txile, AEB, Espainia, Frantzia, Mexiko, Peru, Uruguai, Venezuela eta Euskadiko 14 bikote. Merkatu plazako bigarren solairuko aretoan ariko dira musean, 19:00etatik aurrera.

Ez dute musean soilik jokatuko, ordea. Arratsaldean txakolindegi bat bisitatuko dute eta gauean, berriz, afari herrikoia egingo dute Gaztelekuan, 21:00etatik aurrera.