Mobibike Eguna ospatuko dute igandean, Aspanogiren alde

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 25a, 20:03
Mobibike Eguna aurkeztu dute, eta bertan izan dira Aspanogiko kideak, Haimar Zubeldia txirrindularia, Miren Letamendia zinegotzia, Porrotx pailazoa eta zenbait haur (Aritz Mutiozabal)

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen saio berezirako sarrerak salgai daude Lau okindegian eta Biyona supermerkatuan.

Mundu bat elkartuko da datorren igandean Aritzbatalde kiroldegi inguruan, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen aldeko Mobibike Egunarekin bat egiteko. 2009an ospatu zuten estreinakoz, eta harrezkero ez du etenik izan. Zortzigarren ekitaldi honek ere aurreko urteetako ildo bera jarraituko du: BTT irteera, triatloi txikia, bizikleta itzulia herritik, haurrentzako jokoak eta zirkuituak, eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen saio berezia izango dira.

Aspanogirik "elkartasuna adierazteko eguna" dela nabarmendu du udaleko Osasun zinegotzi Miren Letamendia: "Helburua elkartea diruz laguntzea da, eta txikiek egunaz gozatzea". Aspanogiko presidente Bittor Andonegik eskerrak eman ditu egitasmoa aurrera eramateko eta antolatzeko laguntza ematen dieten guztiei, eta bertan parte hartzeko deialdia egin du.

Egitasmoaren sorreratik kolaboratzen dute Porrotx pailazoak eta Haimar Zubeldia txirrindulariak, eta Aspanogirengatik "eman baino gehiago jaso" dutela azpimarratu dute. "Bere txikitasunean mundua aldatzen ari da Aspanogi", adierazi du pailazoak: Aspanogirekin ikasi dugu umorea dela bizimodua, bizitzan egoteko modu eraikitzailea, positiboa eta alaia, eta igandean ikasitako guztia partekatu nahi dugu". 

Porrotxentzat "plazera eta ohorea" da Mobibike Egunean parte hartzea, baita kirolarientzat ere. Horregatik, Zubeldiak jendea animatu du, "lotsak eta beldurrak utzita" egitasmoan parte hartzera.

Pailazoen saio berezia

Arratsaldeko 17:00etan eskainiko dute saioa Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek, Aritzbatalde kiroldegian. Ohi bezala, ekitaldi berezia izango da, hainbat gonbidaturen parte-hartzearekin: txirrindulariak, Zarauzko kirol egokituko kideak, Zarautz Rugby Taldeko kideak, pilotariak, Arritxu Iribar esataria, Izetatarrak eta harri-jasotze eskolakoak, Felix Zubia eta sendagileak, Irene Caminos trial txirrindularia eta Ekain pailazoa. Horrez gain, Manolo Urbieta izango dute gogoan, eta horretarako Iosu Txapartegi Txapas eta hainbat haur igoko dira oholtza gainera abestera.

Ekitaldiko sarrerak Lau okindegian eta Biyona supermerkatuan eros daitezke aurretik, 6 euroan. Egunean bertan ere jarriko dituzte salgai kiroldegiko lehiatilan.

Erlazionatuak

Mobibike Eguna 2016 (egitaraua)

Zarauzko Hitza 2016 urr 25 Zarautz