III. Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia

Amaia Benitez: «Erresonantzia magnetikoaz eta infragorri espektroskopiaz hitz egingo dut»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko aza. 3a, 10:43

Zer ikasi duzu?
Tecnumen ikasi nuen Ingenieritza Biomedikoa, eta ondoren Maastrichteko unibertsitatean (Herbehereak) bi urteko masterra egin nuen, Neurozientzia Kognitiboko alorrean. Orain doktoretza ari naiz egiten Maastrichten bertan. Bigarren ikasturtea hasi berri dut; guztira, lau urte izango dira.


Zein da egun esku artean duzun proiektua?
Garuneko aktibitatea lantzeko bi tresnekin nabil lanean une honetan: alde batetik, erresonantzia magnetikoarekin, eta bestetik, infragorri hurbileko espektroskopiarekin, hain zuzen. Gure hurbileko helburua da espektroskopiaren bidez egiten diren neurketak hobetzea, eta, horretarako, une honetan erresonantzia magnetiko bidez lor dezakegun informazioa ari gara erabiltzen.

Proiektu horren azken helburua, berriz, inguruarekin komunikatu ezin duten pertsonen bizitza erraztea da. Horretarako, komunikatzeko bide alternatibo bat ahalbidetzea da asmoa, infragorri hurbileko espektroskopia erabilita.

Bi tresna horiek izango al dituzu hizpide gaurko aurkezpenean?
Bai, hori azalduko dut, hain zuzen, gaurko aurkezpenean: erresonantzia magnetikoa eta infragorri hurbileko espektroskopia zer diren eta baita bi tresnak uztartzeko erabiltzen ari diren prozesua ere.
Era berean, infragorri hurbileko espektroskopia nola erabiltzen den ere erakutsiko dut, seguruenik bideo baten bidez.

Erlazionatuak

Zientziaz bustitzeko ordua

Zarauzko Hitza 2016 aza 03 Zarautz