12 urteren ondoren, Zarautz Kirol Elkarteko Halterofiliako senior taldea Espainiako Errege Kopako finalean izango da bihar, Madrilen. Oro har, denboraldi  «oso ona» izan dute aurtengoa.

ZKEko Halterofilia saileko gizonezkoen senior taldea «oso harro» sentitzen da Espainiako Ligan 7. postua eskuratu eta bihar «mundu mailan diharduten kirolariekin» lehiatuko delako. Hain zuzen, Madrilen izango dira, taldeen arteko LX. Espainiako Errege Kopako finala jokatzen. Azkenekoz duela 12 urte hartu zuten parte final horretan,  eta orduan taldeak 8 kirolariz osatzen zituzten. Hori dela eta, urte horietan beste taldeetako kirolariak gonbidatu behar izan zituzten zarauztarrek, taldea osatze aldera. «Aurtengoa, ordea, ZKEko pultsolariez osatuta egongo da, Aritzbatalde kiroldegian entrenatzen duten kirolariez, alegia. Horrela, dudarik gabe, Zarauzko talde indartsuena dela esan dezakegu», diote ZKEko Halterofilia sailetik.

Hori argi ikusi dute Espainiako Ligan ere. «Espainiako Liga 2012. urtean hasi zen jokatzen eta aurtengoan izan da lehenebiziko urtea ohorezko maila osatu dena», azaldu dute. Liga horretan sei jardunaldi izan dira, eta gorabeherak izan dituzte — 3. eta 4. jardunaldiak 11. postuan amaitu zituzten—. Hala ere, ZKEko lehen taldeak aurrea hartu eta  7. postuan sailkatzea lortu du. «Ez genuen inondik inora espero», nabarmendu dute. Hain zuzen, argitu dute iaz 14. postua lortu zutela eta orduan txapelketa lau jardunaldik osatzen zutela.  

Hala, taldearen puntuazioa, «azken urteetan bezala, goruntz joan da». «Horrela, azken jardunaldian lortutako puntuazioa lehen jardunaldikoarekin alderatuz gero, 100 puntuko aldea dago».

Lehenbiziko 10en artean

Halterofilia saileko gizonezkoen lehen taldea sei kirolarik osatzen badute ere, urte osoan zehar zortzi kirolari jardun dira lehian senior taldean. «Maila hobetzen joan gara eta ez da sei pultsolariren mende bakarrik egon». Biharko finalerako ere taldeak sei lagunekoak izan behar dute. Hala, entrenatzaileek zortzi lagunetatik sei kirolarien sasoi fisikoaren arabera aukeratu dituzte, talde onena osatze aldera. Modu horretan, Stepan Tsirkin, Jon Mendizabal, Danel Lopez, Iker Guillamon, Borja Bravo eta Imanol Zulaika lehiatuko dira Madrilen.

Bi helburu jarri dituzte final horretarako: batetik, taldearen orain arteko puntuazio onena gainditzea, eta bestetik, lehenbiziko hamar postuetan sailkatzea. Horretarako, buru-belarri entrenatu dute, kirolari bakoitzaren egoera eta esperientziaren arabera. Jakitun dira gainontzeko lehiakideek errendimendu altuko zentroetan entrenatzen dutela, egunean bi saio eginez, eta «aldea handia» dela. Izan ere, nabarmendu dute ZKEkoek, besteak beste, ikasketak, lana eta familiaren ardurak dituztela, halterofiliaz gain.  


Denboraldi ezin hobea

Oro har, ZKEko Halterofilia sailarentzat aurtengo denboraldia  «oso ona» izan da, are gehiago, helburuak gainditu ditu. «Errege Kopako finalera sailkatzeko erronka 2017rako jarri genuen duela bi urte. Lehenago iritsi zaigu».

Senior taldearen lorpenez gain, beste mailetan ere hainbat  izan dira. Beste helburuen artean, nesken taldea osatzea zuten, eta aurten bi talde lortu dituzte, «lau pultsolariz osatutakoak, Espainiako Ligan 27. eta 57. postuak eskuratu dituzte».

17 urtez azpikoek, taldea osatzeaz gain, Espainiako Eskolarteko Ligan hartu dute parte eta 8. postua lortu. Harago, seiko taldea osatzeko bederatzi kirolari izan dira urte osoan zehar.

Gainera, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketan zein Euskadiko kadete eta promesen ligetan «maila bikaina» erakutsi dute zarauztarrek. «Gipuzkoako txapelketetan makina bat domina lortu dituzte eta Euskadiko txapelketetan, Gipuzkoako selekzioetan, gehiengoa izan dira zarauztarrak». Bestalde, bestelako ligak eta txapelketak ere irabazi dituzte zarauztarren artean Euskadiko txapeldunak izatea lortuz.