«Halako lan bat egitea loteria tokatzea bezala da»

Aritz Mutiozabal 2016ko aza. 23a, 12:00
Jexuxmai Lopetegi musikaria (Aritz Mutiozabal).

Antton Olariagarekin eta Harkaitz Canorekin batera, Itzal zaunka izeneko disko-liburua kaleratu du Jexuxmai Lopetegi musikari zarauztarrak; 11 abesti jaso ditu, hainbat lagunen parte hartzearekin.

Ilustrazioa, literatura eta musika uztartzen dituen proiektu batean murgilduta ibili da Jexuxmai Lopetegi (Zarautz, 1956) azken urtean. Orain, proiektu horrek bere fruitua eman du, Itzal zaunka disko-liburuan argitaratuta. Bera, nolabait esateko, lanaren «soinu bandaz» arduratu da.

Diziplina ezberdinetako hiru sortzailek bat egin duzue Itzal zaunka proiektua ontzeko. Nola sortu zen batze hori?
Abiapuntua Antton Olariagaren marrazkiak izan ziren. Bazkari batean elkartu gintuen Harkaitz [Cano] eta biok, 2015eko otsailean, Donostian. Anttonek istorio bat zeukan marrazkietan, eta lan hau egiteko biok behar gintuela esan zigun, Harkaitz gidoilari gisa eta ni neu soinu banda egiteko. Berak argi zeukan zer nahi zuen. Zakur bat izango zen protagonista, baina zakurra bera ikusi gabe, baizik eta bere itzala ikusiz. Zakurraren ikuspuntutik kontatzen da istorioa, eta marrazkiak ere haren alturatik eginak daude. Beraz, ikusi genuen bi lan zeudela hor: batetik, marrazki horiei zegokien istorio idatzia, eta hori liburuaren bizkarhezurra izango litzateke; eta bestetik, horrekin lotura edo lotura ez duen diskoa.

Zakurra existentzialista eta suizida samarra da, gainera.
Bai, eta hori adibidez bukaerara arte ez da jakiten. Harkaitzek jada marrazkietan ikusten zuen istorioaren haria. Batez ere irudietan azaltzen diren ezlekuengatik; izan ere, hiri kanpoko parajeak ageri dira, autobide azpiak eta halakoak. Gero, zuri-beltzean dira egunez, zakurrek ere hala ikusten omen dutelako; eta gauez, argi artifizialekin.  Kokalekuekin eta koloreekin bazekien nondik bideratu nahi zuen testua. Zakurrak berak ere existentzialista dela dio, eta hortik abiatzen da guztia.

Marrazkia eta istorio idatzia bat doaz, baina diskoa autonomoagoa dela esan daiteke?
Musikaren ardura zuzena Harkaitzek eta biok izan dugu. Kantuak egiterakoan, batzuk zakur horri lotutakoak egingo genituela esan zidan Harkaitzek, eta istorioko pasarteak badira abestietan; Zakur ilun, begi urrekara eta Zingira izenekoetan, esaterako. Baina beste abesti batzuk zakurraren pentsakeratik eginak daude. Egia esan, diskoa bera autonomoagoa geratzen da.

Zure bakarkako azken lanekin alderatuta, honako hau desberdina da. Intimistagoa, akaso?
Lan bat egiterakoan, ezin duzu nolabait ere zeure ukitua saihestu. Zurea izango da beti, eta zure gauzak agertuko dira, dudarik gabe. Aurreikusi genuen diskoaren tonua ahotsek emango ziotela, eta horretarako ahots ezberdinak sartu behar genituela. Blues bat zegoenez, argi geneukan Pettiri eman behar geniola abesteko, eta Batizek gitarra joko zuela. Nolabait ere, abesti bakoitza kokatzen hasten zara. Adibidez, Txakur txiki-k rock estandarrera jotzen zuen, baina arregloa haizezko instrumentu batekin joz gero, soul-funky ukitua hartzen zuen. Beraz, Sky Beats taldeko Lidia Insaustiri proposatu genion, estilo hori bikain menderatzen duelako. Gero, biloba ditudan Andrea Lopetegi eta Ane Arruti gonbidatu nituen koruak egiteko, eta Andreak Zingira abestu zuen eta berari egokitu genion. Azken finean, abesti horiek izango lirateke nigatik ezberdintzen direnak.
 
Konposatzeko lan horretan, hutsetik hasi zara ala marrazkiak kontuan izan dituzu?
Irudiak buruan izan ditut, baina pixka bat alboratzen saiatu naiz. Uste dut batzuetan hobe dela  doinuaren edo musikaren sonoritatetik jotzea, eta, horren arabera, zorrozten joatea. Batzuek tranpa deituko diote, baina nik uste dut lan egiteko modu jatorrena eta eraginkorrena dela: kanta horrekin zer kontatu nahi duzun ongi islatzea. Musikariak berak erabakitzen dute istorioa argiago edo ilunago izango den, eta arregloen bidez ematen zaio abesti bakoitzari behar duen sentsibilitatea edo gogortasuna. Ez baita berdina gitarrarekin eta bibolinarekin jotzea, edo banda osoarekin.

Proiektua hiruron lana izan da, baina diskoan hainbat lagunek hartu dute parte.
Beno, nire diskoetan hamar bat lagunek hartzen dute parte normalean. Oraingoan, gainera, hiru abeslari gehiago izan ditugu: Petti, Andrea eta Lidia. Diskoaren ideia orokorra %80ra izaten dut, baina baditut oso laguntzaile finak: Satxa Soriazu teklatu-jolea eta Unai Moraza teknikaria. Estilo askotan ibilitakoak dira, teknikoki asko kontrolatu eta ikuspegi zabala dutenak. Argi ikusten dute abesti bakoitzari zer datorkion ondoen. Adibidez, Konforme abestiaren sarrera gitarraz zen hasieran, baina azkenean dena ezabatu genuen, pianoagatik ordezkatuz. Balada ezberdin bat geratzen da, agian intimistagoa.

Olariaga gustura geratu al zen diskoa entzun zuenean?
Anttonekin ezusteko handiak jasotzen dituzu. 70 urte baditu ere, musikalki oso irekia da; Musika Hamabostaldira joaten den bezala, blues kontzertuetara joaten da. Alde horretatik, gustura geratu da emaitzarekin. Maketak geneuzkanean ez zuela entzun nahi esan zigun; diskoa amaitutakoan entzungo zuela, alegia. Bere azken urteetako helburua zen horrelako lan bat egin eta kaleratzea, eta, aurrekoan guztiok bazkari batera gonbidatu gintuen, oso gustura geratu delako.

Eta zuretzako zer suposatu du?
Anttonek ezagutzen zuen nire aurreko lana, azala berak egin zuelako, eta bazekien zer lantzen nuen. Nigan egin zuen apustu, eta niretzat halako lan bat egitea loteria tokatzea bezala da. Kantak sortu eta letrak Harkaitzek egingo zituela jakitea itzela izan da. Oso lan ederra da, eta hemendik bi urtera berriro egingo nuke lasai asko. Gustuko lana izan da.

Erlazionatuak