2018rako amaituko dituzte Santa Klarako azpiko pasabideko obrak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko abe. 15a, 09:26
Hainbat pertsona Santa Klarako pasabidea gurutzatzen. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Urtarrilean hasiko dira lanekin eta 18 hilabete inguru iraungo dutela aurreikusi dute. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko esleitu ditu lanak, 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin.  

«Agindu genizuen abenduan jakinaraziko genizuela Santa Klarako azpiko pasabideko esleipena eta data. Lanak eman dira, eta urtarrilean hasiko dira lanekin». Atzo iragarri zuen Xabier Txurruka alkateak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin batera egindako agerraldian. Txurrukak adierazi zuen egun «pozgarria» zela atzokoa; izan ere, «hainbeste urtetan itxarondako proiektua abian jartzera» doazelako.

Alvaro Moral obrako teknikari zuzendariak eman zituen lanen xehetasunak. Haren arabera, «obra adierazgarria» izango da; izan ere, «herria erditik zatitzen duen pasabidea murriztuko da». Era berean, obra «konplexua» izango da Moralen esanetan, ingurune urbano batean egingo delako eta gertu dituelako etxeak nahiz zenbait zerbitzu.

Ormigoi armatuzko kaxoi bat egingo da lur azpian, eta San Frantzisko zein Santa Klara kaleen egungo kotaren eta kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko aldapa zein eskailerak egingo dituzte Santa Klara kalean, bi  aldetara, herritar ororen irisgarritasuna bermatzeko.
Beste aldera, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikiko dituzte, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara jo ahal izateko. Obrek iraun bitartean sor daitezken eragozpenen aurrean, «pazientzia pixka bat» izateko eskatu die  alkateak herritarrei eta inguruko bizilagun guztiei. «Horiek amaitzean, hainbeste urtetan amestu dugun pasagune berri hori erabili ahal izango dugulako guztiok».

Hitzarmena klaratarrekin

Aurreikusi dutenez, obrek 18 hilabete iraungo dute, eta 2018 hasierarako bukatuta egongo dira. 1,6 milioi euroko aurrekontua izango du eta Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain. 2015eko abenduan sinatu zuten lankidetza akordioa Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Zarauzko Udalak.  Horren arabera, obra finantzatzeaz gain, proiektua idatzi eta obrak zuzenduko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Obra hori ETSk hiriguneetan dauden eta erabilera handia duten pasabideak murrizteko politikaren barruan egingo dute. «Halako obra batek pertsonen segurtasuna bermatzea du helburu, trenean doazen erabiltzaileena zein trenbidea gurutzatu behar dutenena», nabarmendu zuen Tapiak. Hori dela eta, «gure sarean azken 15 urtetan halako 81 pasabide kendu dira», eta horretarako 1.200 milioi euro baino gehiago jarri direla gogoratu zuen.

Udalak, bere aldetik, atzo bertan sinatu zuen Santa Klarako mojekin akordioa. Horren bidez, klaratarrek 199 metro koadroko saila eman diote udalari, azpiko pasabidea egin ahal izateko. Erakundeak, trukean, komentuko irisgarritasuna bermatzeko obrak egin ditu.

Santa Klara, oinezkoentzat

Lanak amaituta, asmoa Santa Klara kale osoa oinezkoentzat jartzea dela gogoratu zuen Txurrukak, «Zigordia kalearekin egin zen bezala». Horrekin batera, Santa Klara komentuaren sarreran ere galtzada jarriko dute —egun behin behineko irtenbidea eman zaio—.

Gauza bera egingo dute San Frantzisko eta Herrikobarra kaleak batzen diren gunean ere, galtzadatu, 2018rako aurreikusi duten oinezkotzearen hurrengo faserako dena prest egon dadin. «Guztian galtzada jartzea da helburua, bizikleten erabiltzaileak zein oinezkoak lehenetsiz».