«Politikariek agintaldian zehar ere kontuak ematea da gakoa»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mar. 2a, 09:00
Eneko Agirre, Garoa Web Consulting-eko arduraduna (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Duela ia hiru urte jarri zuten martxan Osoigo plataforma Garoa Web Consulting-eko lagunek. Orain, Atlantikoaren beste aldera saltoa eman eta Argentinara zabaldu dute. Eneko Agirrek egitasmoaren berri eman dio Hitzari.

Duela hilabete inguru jakinarazi zuten Donostiako Garoa Kultur Lab ixtera zihoazela. «Oso polita izan den kapitulua itxi dugu eta orain beste fase bat irekiko dugu», adierazi du Eneko Agirre Garoako ordezkariak. Hain zuzen, Osoigo.com plataforma indartzea da horietako bat.

Nolatan egin duzue salto Argentinara?
Euskal Herrian zein Espainian erantzun ona jaso duela ikusita, herrialde ezberdinetatik proposatu ziguten Osoigo leku haietara ere zabaltzea. Argentinatik proposamen serioa egin ziguten orduan: bi enpresa elkartu eta eurek hartu zuten ardura bertan  Osoigo marka aurrera eramateko. Duela sei bat hilabate hasi ginen harremanetan, plataforma ahalik eta modu duinean eramateko hara. Eguneroko lan hori beraiek egingo dute, eta guk kudeatuko dugu hemendik.

Osoigo sortu zenutenean adierazi zenuten «entzuten duten politikarien ataria» zela. Argentinan ere entzuteko prest agertu dira, beraz.
Bai. Osoigorekin hasi ginenean, Espainiako Kongresura joaten ginen beldurrez, esanez «zein gara gu,  plataforma baten bidez, herritarren galderei erantzuteko ardura eskatzeko?». Aurkezten hasi eta konturatu ginen, ordea, politikariek begi onez ikusten zutela, eta tresna erabiltzeko prest zeudela. Eurek esperimentu gisa hartu zuten horrek, bi urte eta erdiren buruan funtzionatu egin duela ikusi dugu. Orain arte 16.000 galdera egin dituzte guztira eta 600dik gora politikari ditugu izena emanda. Beraz, bai, ikusi dugu herritarrek galdetu eta politikariek erantzuteko ataria bilakatu dela.

Argentinaren kasuan ere gauza bera gertatu da. Duela bi aste kaleratu genuen, eta ikusi dugu politikariak eurak direla bertan parte hartzeko eskaera egiten dutenak.

Osoigo kongresutik erkidegoetara zabaltzeko nahia erakutsi zenuten, baina distantziagatik zaila izango zela aurreikusi zenuten. Orain, Argentinara egin duzue saltoa. Paradoxikoa, ezta?
Ikusi dugu distantzia horiek apurtzea posible dela, eta hori, ziurrenik, sareari esker da. Duela urte batzuk agian ezinezkoa litzateke, oso zaila izango litzateke proiektua beste herrialdeetara zabaltzea instituzioak tartean ez baleude.

Argentina handia da, zein zonaldetara mugatu zarete?
Lehenbiziko bi hilabeteetan Cordoba probintzian jardungo dugu. Gure artean ezagutzeko baliatuko dugu denbora hori. Azken finean, guk software bat eman diegu enpresa horiei eta haiek zerotik hasi behar dute. Haiek ikasi arte politikariekin nola hitz egin, galderak jaso, noiz bidali... Hori guztia egonkortu arte, zonalde horretan oinarrituko gara, proba moduan. Behin martxa hartuta, herrialde osora zabaltzeko asmoa daukagu, ea zer moduz joaten den.

Zein motatako politikariekin jarri da Osoigo harremanetan?  
Cordoba probintziako politikariak dira pausoa eman dutenak. Cordobak bi milioi biztanle inguru ditu, eta Buenos Airesen ondoren, bigarren hiriburu garrantzitsuena da. Bertako diputatuak izango liratekenak, legegileak, udaleko ordezkariak eta auzoetako presidenteak batu zaizkigu. Han auzo mailan politika asko egiten da oro har, eta auzoak ere hala daude prestatuta, gune bakoitzean esku hartzeko.

Funtzionamendu bera izango al du Argentinako Osoigok?  
Bai, bera. Herritarrek galdera egin ahalko dute, eta hamar egunean, finkatutako babes maila jasotakoan, politikariari bidaliko zaio, ahalik eta azkarren erantzun dezan. Horrez gain, Agora izeneko atal bat ere badu honek, mahai inguruak egiteko. Era berean, aztertuko dugu hobekuntzak non egin daitezkeen, bi webguneetan ezartzeko.

Tresna beharrezkoa dela nabarmenduko zenuke, beraz.
Zorionez, egun politikari gehienek erabiltzen dituzte sare sozialak, dela Twitter, dela Facebook , dela Telegram... Baina sare sozial horiek noranzko bakarra dute. Finean, kanpaina erremintak bilakatzen dira, egunero egiten dutena jakinarazten dute. Hor dago gakoa: hauteskundeetatik harago, agintariek agintaldian bertan ere kontuak ematea.

Horregatik, Osoigok horretarako bultzada ematen du: herritarrek  eurek jartzen dute gaia. Guk, finean, komunikazio tresna bat eskaintzen dugu, ez aldaketarako tresna bat. Aldaketa bat eman badaiteke, ezin hobeto. Eta aurkitu, aurkitu dugu horretarako tartea ere.

Izan al duzue zerbait aldatzeko aukera?
Bai, bi kasu nabarmenduko nituzke. Bat, Vicky Gonzalezena. Osoigoko erabiltzailea da, eta gaztea zenean, sexu erasoak jasan zituen. Berak eskatu du doaneko terapiak eskaini ditzaten hainbat autonomiatan. Izan ere, estatu mailako osasun publikoak ez du bermatzen kasu horietan terapia doan. Horregatik, martxoan joango gara Kongresura hainbat diputaturi bere kasua azaldu eta Osasuneko batzordean lantzeko eskatzera. Galdera bat da, baina galdera horretatik abiatuta, aldaketa bat etor daiteke. Kasua gogorra da, baina aldi berean, plataforma baten bidez berak etxetik egoera bera aldatu ahal izatea, oso polita da.  

Juanmi Goibururena da beste halako kasu bat. Ordiziarrak %93eko ezintasuna dauka. 50 langile dituzten enpresak behartuta daude %33tik gorako ezintasuna duten pertsonak enplegatzera, baina Juanmik dio bere kasua legeak ez duela babesten, enpresek berea baino ezintasun maila txikiagoa dutenak kontratatzen dituztelako. Horregatik, dio ez duela inoiz lan elkarrizketa bat izan. Hori dela eta, kongresura joan ginen, bere kasua azaltzera. Ez bazuen ezer lortu ere, behintzat aukera hori izan zuen.

Osoigoren babesik gabe, ia ezinezkoa izango luke halako aukera bat izatea, beraz.
Oso zaila da erakunde bateren babesik gabe Espainiako Kongresura heltzea. Osoigok ematen du horretarako aukera. Kasu oso bereziak dira, eta drama pertsonaletatik sortzen diren arazoak laguntzea oso aberasgarria da. Osoigotik saiatzen gara pertsonei laguntzen adieraziz norengana jo dezaketen eta zein ate jo behar dituzten euren kasuak azaldu eta eragin bat izateko.

Aurrera begira, hazten jarraitzeko asmoa al duzue?
Bai, erronka horri jarraipena eman nahi diogu. Hemen funtzionatu badu, zergatik ez du mundu mailan funtzionatuko? Uste dugu aukera erreal bat badagoela, ez dela hain urrun dagoen amets bat. Hala, Erresuma Batuan ere badugu Osoigorekin lotutako proiektua. Argentinakoa baino mantsoago doa, baina asmoa hor dago. Baita Mexikora zabaltzekoa ere. Latinoamerikan ikusten dugu aukera gehien; izan ere, 2018a arte hauteskunde ugari daude: Brasilen, Mexikon, Kolonbian, Perun, Kuban... Latinoamerikan, hain zuzen, politika asko bizi dute herri mugimendu gisa, eta datozen urtetan are gehiago. Asmoak zabalak dira eta aukerak ikusten ditugu.