«Futbol zelaian bizitako unerik ederrenetako bat izan zen»

Aritz Mutiozabal 2017ko mai. 11a, 10:47
Ezkerretik hasita, Sara Aranguren jokalaria, Aitzol Astiazaran entrenatzailea, Iratxe Oliden jokalaria eta Koldo Uribarri ZKEko futbol saileko emakumezkoen arduraduna. (Aritz Mutiozabal)

Azken jardunaldian lortu zuen Euskal Liga irabaztea ZKE Futboleko nesken taldeak, eta balentria horri esker, hurrengo denboraldian Espainiako Bigarren Mailan lehiatzeko txartela lortu du. Aitzol Astiazaran ZKE Futboleko nesken taldeko entrenatzailea eta Sara Aranguren zein Iratxe Oliden jokalaria lorpen horren inguruan aritu dira ZARAUZKO HITZArekin.

«Igo ginen momentutik hasi ginen ospatzen». Ezbairik gabe, ospatzeko moduko lorpena erdietsi du Zarautz Kirol Elkarteko nesken taldeak: Euskal Ligako txapeldun izan da, eta, ondorioz, Espainiako Bigarren Mailara igo da. Kirol merituaren erantzuletako hiru dira Aitzol Astiazaran (Zestoa, 1991) entrenatzailea eta Iratxe Oliden (Orio, 1993) eta Sara Aranguren (Getaria, 1992) jokalariak.
Azken unera arte borrokatu behar izan zenuten liga irabazteko. Ez dirudi gauzak erraz utzi dizkizuenik.
Aitzol Astiazaran: Bigarren sailkatutako Bizkerre taldearekin berdinduta geratu gara sailkapenean, eta gol aldeari esker izan gara txapeldun.
Iratxe Oliden: Azken bi jardunalditako partidak tentsio handikoak izan dira. Egia esan, sailkapeneko lehen postuan jarri eta Bigarren Mailara igotzeko aukera ikusi genuen unetik gogorra egin zaigu liga. Ez dakit urduritasunak zirelako edo...
Sara Aranguren: Partidak gogorragoak izan dira. Aurkariak intentsitate handiagoz jokatu dute gure kontra, eta gehiago sufritu dugu.

Menderatu beharreko taldea zineten, beraz.
A.A.: Azken finean, gol gutxien jaso eta gol gehien sartzen zituen taldea ginen. Talde indartsua bihurtu gara, eta lehen jardunaldian bakarrik galdu genuenez, kontrario guztiak gu irabazteko asmoz zelairatzen ziren. Azken partidan ere, nahiz eta gu 0-2 irabazten gindoazen, Erandioko Betiko Neskak taldeak guztia eman zuten amaieraraino. Bazirudien beraiek zirela liga irabazteko lehian ari zirenak.
Partida bukatzeko hamabi minuturen faltan gola sartu zizueten, eta 1-2koarekin jarri zineten. Berdinketak ez zizuetela balio jakinda, larritu egin al zineten?
S.A.: Bai, asko larritu ginen. Beraiek gure atera hurbiltzen ari ziren, gainera, eta gaizki pasa genuen norgehiagoka amaieran.
I.O.: Baina ez zuten sartu bigarren golik, eta gure helburua lortu genuen.

Eta behin partida irabazitakoan... Nolakoa izan zen momentu hura?
S.A. eta I.O.: Sekulakoa izan zen.
A.A.: Futbol zelaian bizitako unerik ederrenetako bat izan zen. Beste gauza batzuk irabazi izan ditugu. Nire kasuan, esaterako, Zestoarekin Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen jubeniletan. Baina hau ezberdina izan da. Ehun pertsona joan zitzaizkigun animatzera, eta ederra izan zen haien aurrean irabaztea, nahiz eta zelaitik bidali egin gintuzten beste partida bat jokatu behar zutelako.
I.O.: Gurea ez da taldea Bigarren Mailara igotzen dugun lehen aldia. Urtean zehar entrenatzailearekin komentatu izan dugu  aurretik ere denboraldi onak egin izan ditugula, baina agian ez aurtengoa bezain estua kontrarioekiko lehia horretan. Orduan, honek balio berezia izan du.

Azkenekoz noiz jokatu zenuten Bigarren Mailan?
S.A.: 2012-2013ko denboraldian jokatu genuen azkenekoz, orduan galdu baikenuen maila. Hiru urtez Euskal Ligan aritu gara: lehen urtean, gainera, jaitsi egin ginen, baina talde batzuek beren plazari uko egin ziotenez, guri eskaini ziguten eta mailari eutsi genion; bigarren urtean ere erdipurdi ibili ginen; eta iaztik, Aitzol etorri zenetik, txukun aritu gara, iaz laugarren eta aurten lehen postuan bukatuz.
Beraz,aldaketa bat eman zuen taldeak aurreko denboraldian.
I.O.: Iaz, laugarren bukatu baldin bagenuen ere, Gipuzkoako lehen taldea izan ginen sailkapenean. Egia da aurreko denboraldian salto kualitatibo bat eman genuela, eta aurten hobetu egin dugula.
A.A.: Laugarren geratu ginen, eta Bizkerre gure aurretik geratu zen, hirugarren postuan. Aurreko denboraldiko bi talde indartsuenak, berriz, mailaz igo ziren eta aurten ez ditugu izan aurkari. Baina espero ez genuen Oiartzun B taldeak oso gogor ekin zion denboraldiari: fitxaketa ugari egin zituen, eta ligako lehen itzuliko partida guztiak irabazi zituen, bat izan ezik, berdindu egin zuela. Haiengandik 9 puntura geunden, eta Gabonetan haien kontra irabaztea lortu genuen Astin. Galtzen zuten lehen partida zen, eta handik aurrera okertzen joan ziren; 9 puntu ateratzen ziguten, eta, orain, liga bukaeran, 5 puntuko aldea atera diegu. Bizkerre, berriz, hor goian ibiltzen da urtero, baina badirudi kosta egiten zaiola azken jauzi hori ematea.

Txapeldunak zarete, baina na­hiko modu xumean ekin zenioten ligari, ezta?
A.A.: Denboraldiko lehen partida galdu egin genuen, Oiartzun B taldearen aurka. Gainera, irabazten gindoazen, eta geure atean sartutako bi golen erruz galdu genuen. Ondoren, martxa ona hartzen joan ginen, garaipenak eta berdinketak lortuz.
I.O.:  Hasieran ikusten genuen gure aukera bakarra zela Lehen Mailako Oiartzun mailaz jaitsita. Izan ere, Oiartzungo lehen taldea Bigarren Mailara jaitsiz gero, bigarren taldeak ezingo zukeen maila berera igo. Hain justu ere, Oiartzun B taldearen ligako lehen itzulia sekulakoa izan zen, eta ezinezkoa iruditzen zitzaigun haiengana hurbiltzea. Baina, 2017a hastearekin batera, goraka hasi ginen eta aurrenak bukatu dugu.

Zuek biok, Sara eta eta Iratxe, Bigarren Mailara igotzen zareten bigarren aldia al da?
S.A.: Bai, guretzat bigarren aldia da. Duela zazpi bat urte Liga Nazionalean aritu zen taldea, baina ondoren jaitsi egin zen, eta pare bat urtez erregionaletan lehiatu ondoren, berriz igotzea lortu genuen 2012an, baina denboraldi bakarra egin genuen. Orain, berriro lortu dugu mailaz igotzea.
I.O.: 2012-2013ko denboraldian aritu ginen ia jokalari gehienok jarraitzen dugu taldean. Gainera, bada taldekide bat hirugarren  igoera lortu duena Zarautzekin.

Igoera bata ala bestea, zein izan da zailagoa?
I.O.: Ezberdinak izan dira. Azkengo aldiz igo ginenean, liga hiru multzotan zegoen banatuta: liga bana jokatzen zen Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ondoren, lehen sailkatuek igoera fasea jokatzen zuten hiruko txapelketa batean. Beharbada, Gipuzkoako taldeen artean maila gutxiago zegoen, eta denboraldi nahiko erraza izan genuen aurreko hartan.
A.A.: Euskal Liga geroago sortu zuten, Zarautz Bigarren Mailan aritu zen urtean. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoa hartzen zuen kontuan liga berriak.
S.A.: Erregional mailatik Bigarren Mailara salto handiegia zegoela-eta, tartean beste liga bat sortzea erabaki zuten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako talde onenak bilduko zituena.

Espainiako Bigarren Maila, zalantzarik gabe, hitz potoloak izango dira, ezta?
S.A.: Bai, maila horretan nahiko talde sendoak daude, eta, gainera, biziak.
A.A.: Aurten, lagunarteko partidak jokatu ditugu Bigarren Mailako bi talderen aurka: Añorgaren eta Eibarren aurka. Eibarri irabazi egin genion, eta Añorgaren aurka irabazten joan ondoren, galdu egin genuen. Gure taldea horren ongi aritu da Euskal Ligan, Bigarren Mailan lehiatzeko moduan gaudela uste baitut. Jakina, Athletic B bezalako talde oso indartsuen aurka ere lehiatu beharko dugu, eta haien aurka oso zaila izango da irabaztea.
I.O.: Mailari eusteko ezinbestean irabazi beharreko partida batzuk izango ditugu. Beste norgehiagoka batzuk, ordea, guztiz konplikatuak izango dira, talde jakin horiek bestelako joko maila bat dutelako.
A.A.: Iaz, adibidez, Athletic B izan genuen aurkari Kopako kanporaketan, etxetik kanpo eta partida bakarrera. Aurpegia eman genuen, baina ezin izan genuen irabazi.

Bi aste ere ez dira igoera lortu zenutela eta jada hurrengo denboraldiari begira jarri zaretela dirudi.
A.A.: Nik uste dut abendutik ari garela hurrengo denboraldiari begira:  zer pasatuko den, zer egingo beharko den... Egia esan, amets asko egin dugu, eta, orain, helburua beteta, oraindik eta gehiago pentsatzen ditugu gauza horiek.
Aurtengo helburua igoera lortzea zen. Datorren urtekoa mantentzea izango al da?
I.O.: Horretan saiatuko gara, noski. Baina oraindik liga bukatu baino ez dugu egin, eta uda luzea da.
A.A.: Aurten oso goiz bukatu da liga, eta oraindik oso urrun ikusten dugu hurrengo denboraldia.
S.A.: Niri pena pixka bat ere ematen dit aurtengo denboraldia bukatzea, asko gozatu baitugu.
A.A.: Tentsio handiz bizi izan dugu, baina irabaziz gero, gozatu egiten duzu eta ez duzu amaitzerik nahi.

Erlazionatuak