«Santamarinak iritsi zain egoten ginen izugarrizko ilusioarekin»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mai. 18a, 10:12
David Agirrezabalaga 'Kapaxko'.

Aurreko asteburuko atariko ekitaldien ondoren, gaur arratsaldean emango diote hasiera Santa Marina festei. Txupinazoa bota eta bandera igoko dute kapaxkotarrek, tartean David Agirrezabalagak, 19:00etan.

Kapaxkotarrak izango dira aurtengo santamarinetako omenduak. Beraiek izango dute gaur bandera igotzeko ardura. Hain zuzen ere, David Agirrezabalagak (Zarautz, 1986), haren aita Miguel Angelek eta osaba Jaimek emango diete herriguneko festei hasiera. «Omenaldia berez nire aitona Marianori egingo zaio, hura hasi baitzen festetan jostailuak banatzen eta hark sortu baitzuen familiako enpresa», dio Agirrezabalagak.  

Zer moduz jaso duzue berria?
Ilusio handia egin digu. Urtero saiatzen gara festei geure ekarpena egiten, eta hori eskertu eta aitortzea beti da pozgarria.

Zuk, gainera, esperientzia errepikatu egingo duzu.
Duela hiru urte izan nuen aukera bandera igotzeko, Amenabar Zarautz Asobal Ligan jokatzeko igoera faserako sailkatu zenean. Santa Marinakoa izanda, eta taldearen ordezkari gisa, niri egokitu zitzaidan bandera igotzea.

Zure familiak beti izan du lotura estua santamarinekin, baina ez bertakoak zaretelako soilik, ezta?
Aitona duela 50 bat urte hasi zen jostailuak banatzen auzoko jaietan, eta ordutik mantendu dugu tradizio hori. Aurreko asteburuan, esaterako, marrazki eta pintura lehiaketa izan zen, eta errotuladoreak-eta banatu genituen. Askotariko txapelketak izaten dira, eta guk ahal duguna ematen dugu. Gustura egiten dugu, gainera, geure kaleko festak baitira. Balkoitik ikusten ditugu haurrak jostailuekin; ilusioa egiten digu ume bakoitzak bere jostailutxoa jasotzea.

Familia enpresa da zuena. Nola hasi zuen ibilbidea?
Keler enpresan lanean jardun zuen nire aitonak, eta gerora bere kabuz hasi zen bidaiatzen eta jostailuak ekartzen beste herrialdeetatik. Kirolekin lotutako jostailuak, erraketak, musika tresnak... ekartzen zituen, eta Espainian zehar banatu. Ondoren, Kapaxko enpresa sortu zuen, gerora JM izango zena, eta nire aita eta osaba aritu ziren harekin lanean. Aitona erretiratzean, aitak eta osabak hartu zuten haren lekukoa, eta egun nik ere bertan egiten dut lan. Belaunaldiz belaunaldi doan enpresa da, beraz.

Zer dute berezia santamarinek zuentzat?
Betidanik bertan bizi izan da nire familia, eta, beraz, beti bizi izan ditugu oso gertutik jaiak. Oroitzen dut txikitan nola ikusten genituen zezen txikiak, beti parte hartzen genuen txapelketatan... Beti santamarinak iritsi zain egoten ginen izugarrizko ilusioarekin. Gainera, festa herrikoi kutsua dute, beti jendez gainezka. Udaberriko festak deitzen zaie, eta jai egutegiko lehenbizikoak dira. Jendea festa giro gosez egoten denez, polita izaten da. Era berean, adin guztietako herritarrentzako festak izan ohi dira, haurrentzat zein helduentzat ekitaldiak izaten baitira. Familia guztia batzeko.

Enpresa soilik ez datorkizue familiatik, baita eskubaloirako duzuen zaletasuna ere.
Aita hasi zen eskubaloian jokatzen, eta ondoren nire anaia zaharrak jarraitu zuen. Mikel oso gazte zela joan zen Bartzelonara jokatzera, eta ibilbide luzea egin du talde ezberdinetan. Beste bi anaiok, Albertok eta nik ere haren pausoak jarraitu ditugu; guk ere egin dugu geure ibilbidetxoa, hainbat taldetan jokatuz. Orain, Alberto Frantzian dago, Nimes taldean, Mikel Anaitasunan eta ni Zarautzen. Agian, nire azkenengo partidak jokatzen, lesioaren ondorioz.

Gaztetatik sartu gara eskubaloi munduan, eta hor jarraitu dugu hiru anaiok. Finean, jende askok du lotura eskubaloiarekin Zarautzen.