«Aitor diezaiegun gertatutakoa ahoz gora kontatzeko eskubidea»

Aritz Mutiozabal 2017ko eka. 6a, 10:10
Amagoia Gurrutxaga, 'Zarauzko gutunak' liburua eskuetan duela. (Aritz Mutiozabal)

'Zarauzko gutunak. 36ko gerra’ liburua argitaratu berri du Amagoia Gurrutxaga Zarauzko bizilagun eta Berria egunkariko kazetariak. Garaiko giroa «nola izan zen posible» azaltzen saiatu da agirirekin eta testigantzekin.

Lau urte geroago, Zarauzko postalak lanaren jarraipena argitaratu duzu: Zarauzko gutunak. Aurretik pentsatuta zeneukan ala ondoren sortutako ideia izan da?
2001-2002an elkarrizketak egiten hasi nintzen, eta horren emaitza bat izan zen Zarauzko postalak. Egindako grabazio batzuk ez ziren orduan sartu, garaiko herriaren argazki orokor bat egitea hobetsi nuelako; besteak beste, herria nola zegoen antolatuta eta Errepublika garaitik nola zetorren herriko giroa. Nolabait ere, argazki panoramiko bat eskaintzeari eman nion lehentasuna.  Liburua atera eta gero, jende gehiago ezagutu nuen, jasotzea merezi zuten istorioekin. Beraz, elkarrizketak egiten jarraitu nuen, eta pentsatu nuen, aurreko lana panoramikoa izan baldin bazen, oraingoa pixelez betea izango zela. Pertsona pila bat neuzkan bere istorio eta bizipen zehatzekin. Beraiek berea ezagutzen zuten, eta ez akaso herriko dena. Baina konturatu nintzen pixelak elkar batuta, kontrako norabidean, hasierako argazki orokor horretan agertzen ginela, askoz ere xehetasun gehiagorekin.

Pixel horiekin zer azaldu nahi izan duzu zehazki?
Kasu honetan, neure kezka pertsonalagatik, gehiago interesatzen zitzaidan ulertzera ematea nola izan zen posible hemen gertatu ziren izugarrikeria horiek guztiak. Baita denboran luzatu zen izu giroa ere. Familia ugari beldurrez bizi zen; batzuk Ameriketara joan ziren bertan ezin zutelako egon. Gerra bukatuta ere izua zen nagusi, ikaragarrizko sistema jazartzaile bat egon zelako. Orduan, giro hori nola izan zen posible nahi izan dut azaldu.

Zuk esana da postalek ezkutatzen zutela herrian bizitako gordintasuna.  Gutunek lehen pertsonetara ekarri al dute gordintasun hori?
Aurpegi bat jartzen diezu, eta lehen pertsonan kontatzen dizute zer gertatu zitzaien. Eta izugarriak dira. Badira pertsona batzuk beraien etxekoak obligatu zituztenak zuloak egitera, eta, adibidez, bizirik zegoen pertsona bat lurperatzera. Gaur egun, ia mende bat geroago, hori irakurtzen baduzu eta ez badakizu zer giro zegoen, zer gertatu zen horren bueltan, ezta testuingurua zein zen, ez duzu ezer ulertzen. Testigantzak besterik gabe emango banitu, hemendik urte batzuetara gure ondorengoek ez lukete ezer ulertuko. Beraz, testuinguru horren baitan osatu beharra zegoen. Badirudi herrian frenterik izan ez zenez, ez zela ezertxo ere gertatu, eta hori ez da hala. Gauza izugarri asko gertatu ziren, herri gehienetan bezala.

Transmisioan eten bat egon dela ere aipatu izan duzu...
Eta eten hori eragindakoa izan da, noski. Alde batetik, debekatu egin zen. Ezin zenuen salatu; hemen, adibidez, alargundu zituzten emakumeei ez zitzaien onartzen alargundu zituztenik ere.  Pertsona batzuk desagertuta daude oraindik herri honetan, eta zuk ezin zenuen jo justiziara krimen horiek erreklamatzera. Bestalde, frentean hildako beraien aldekoei sekulako hileta elizkizunak egiten zitzaizkien, eta herri haur guztiak behartzen zituzten haiei gorazarre egitera. Ume horien artean zeuden beraienak beste aldean hilak, eta ezin zenuen elizkizunik egin, ezin zenuen erreklamatu... Horrez gain, isiltasuna zen nagusi. Ez zen horretaz hitz egin, eta hitz eginez gero, norberarentzat zen kalte. Gerra irabazi zutenez, diktadura guztian zehar ere isilarazi egin zituzten, eta diktadura bukatu ondoren, baten batzuk erabaki zuten ez dakit noren izenean aurrera jarraitzea, hemen ezer gertatu ez balitz bezala. Baina horien mina isiltzearen izenean izan zen. Hor dago gakoa. Elefante bat daukagu alfonbra azpian, eta horri buruz hitz ez egiteagatik hor jarraitzen du. Nik elefante horrekin egin dut topo.

Pentsatzen duzu gerrako kontuak izango direla frentean gertaturikoak batez ere, hemen ez baitzen frenterik egon. Baina bat-batean jendeari galdetzen hasten zara eta zur eta lur geratzen zara. Hunkigarria da erabat. Nik negar pila bat egin dut. Oso gogorra izan zen... Gainera, batzuek lehen aldiz kontatzen zituzten haiei edo etxekoei gertaturikoak. Haurrei ere ez zieten kontatzen, kanpoan kontatuko zuten beldurrez. Kate bat zen, azken finean. Beraz, ailegatu gara mozketa kirurgiko bat eginda, eta lekuko horiek joaten direnean, beraien seme-alabek ere zer gertatu zen jakin ez zutenez, desagertu egingo da historiatik.  Perfektoa da: kristorenak egin dituzte, eta, gainera, ez da inon jasota geratuko. Horregatik izan da oso inportantea oraingo honetan beraiei hitza ematea. Eta gero artxibategietara joan eta haiek esandakoa agiriekin gurutzatzea. Batzuetan badaude dgorabeherak, baina orokorrean geratutakoa osatzen joan naiz.

Postaletatik gutunetara pasatu zara. Lekukoen indibidualtasun horretara?
Bai. Gainera, emakume bat ezagutu nuen Baionan, hemengo maistra baten alaba. Hark bere amaren gutun ugari zituela esan zidan, eta atera zizkidan gerora Diario Vasco egunkarira bidalitakoak. Hor eduki zuen gutunketa bat 36ko gerran hemen gertatutakoari buruzkoak, nire ustez bestialak. Hortik abiatuta, elkarrizketatuei gutunik bazituzten galdezka hasi nintzen. Denetarik dago: gerrako ume ebakuatuek gurasoei bidalitakoak; kartzelatik herrira itzultzen zirenak behartuta egoten ziren kartzelako zuzendariari idaztera, eta halakoak; esklabu lanetan ibilitako baten heriotzaren berri ematen duen udalaren gutun hotza, eta bataloiko kapilauak heriotz beraren berri familiari euskaraz bidalitakoa, askoz ere humanoagoa; hil aurreko azken hitzak emazteari eta umeei; Saturraranen izan zen emakume batena... Gutun bakoitzaren bitartez jazarpenaren gai bat azaltzen dut.

Udala nola osatuta egon zen ere jaso duzu.
Franco garaiko alkateak eta udalean zeintzuk izan ziren jaso ditut; bukaera aldean zinegotzi indepentienteagoak sartzen hasi ziren. Eta ikusten da, adibidez, hasieran jazarpen makinan zeuden asko nola ondoren botere guneetan egon ziren. Niretzako inportantea izan da esatea bakoitza non zegoen, horrela ulertzen delako nola banatu zuten boterea, bai ekonomikoa bai politikoa bai soziala. Horrela guztiak bat egiten du. Ondoren, jada testigantzetara pasatzen naiz.

Zenbat herritarren testigantza jaso dituzu?
Liburuan 24 testigantza sartu ditut, baina pila bat kanpoan geratu zaizkit. Askok eta askok diote beraiek edota beraien gurasoak beldurrez bizi zirela. Izan ere, jendea hil egiten zuten, herritik botatzen zituzten, desjabetu egiten zituzten, abertzaleen eta ezkertiarren senideak sozialki birrindu egin zituzten, gizonak herrira itzultzen zirenean jipoitu egiten zituzten... Hori zen beraien funtzionamendua. Erabateko inpunitatea zegoen, eta giro horrek askori eta askori eragin zien. Horrez gain, badago emakumeen kontua ere, inoiz hitz egiten ez dena. Munduko gerra guztietan jazarpen sexuala badago, gu ez gara izango salbuespenak, eta izan ziren harrapakari sexualak inpunitate hori lasai erabili zutenak. Botere guztia zeukatenez, nahi zuten guztia egin zuten. Beraz, emakume horiek nola bizi izan zuten hori jaso dut. Izan ere, tabu bat zen gertatu zitzaienaz orokorrean hitz egitea, eta horri eransten badiozu beste tabua, gaur egun ere badena, azkenean isiltzen bukatzen du erasotuak.

Herritarrek zur eta lur geratuko al dira irakurtzen dutenean?
Bai, batez ere adin batetik beherakoak. Etena gutxi gorabehera 55 urtetik beherakoetan dago. Niri gertatu zait ezagun jendearengana joan eta bere aitonari buruzko gauzak kontatzen hastea eta haiek ezertxo ere ez jakitea. Hor sekulako etena dago, eta jende horrek haluzinatu egingo du, alde batekoek zein bestekoek. Nik, behintzat, haluzinatu egin dut. Lan honen bidez, neure etxean kontatzen ez ziren gauzak kontatzen hasi zaizkit. Nire buruari jarri diodan hurrengo lana da hori lantzea, nire etxean alde batekoak zein bestekoak egon baitziren.

Orain da testigantzak jasotzeko momentua, pertsona haiek hil baino lehenago?
Hemen bilduta dauden asko hilda daude, 2001-2002an  hasi bainintzen elkarrizketak egiten. Momentua pasatu da, baina badago aukera egiteko. Nik uste dut 90 urtetik gorakoen zerrenda bat osatu beharko litzatekeela, eta sistematikoki herriz herri elkarrizketatu eta gorde. Baina, hau ikusi eta gero, agian frankismo garaiko jazarrien memoria jasotzeko garaia da, horiek askoz ere gehiago bizi baitira. Ez dadila gertatu hemendik 30-40 urtera hilda daudela esatea.

Horren haria, hirugarren liburu bat etorriko al da?
Ez dakit... Oraintxe bertan, be­hintzat, ez dut uste. Gai honek emozionalki eta pertsonalki izugarri eskatu dit. Denbora asko kendu dit, eta kontu handiarekin hitz egin beharreko gauzak izan dira. Oso-oso delikatuak dira, eta ezin dira edozein eratara eman. Gauza asko ezin izan ditut eman ezin izan ditudalako behar bezala kontrastatu, eta, benetan, faktura pasatu dit lan honek. Oraintxe bertan, atsedena behar dut; eta gero, behintzat, gure etxekoa nahiko nuke landu. Baina badakit jendea gerturatuko zaidala eta beti bezala liatu egingo naizela, baina ez dakit liburu batean aterako dudan.   Informazioa gordetzen joango naiz, eta, agian, egunen batean, denbora ateratzen badut, bada egingo dut.


Ikuskizun bat ere eskaini zenuen Literaturian: Sakaponetara, memoriaren ispiluarekin.
Baneukan buruan honekin halako irakurketa batzuk egitekoa. Hain zuzen ere, Zarauzko historia da, baina konturatu naiz gauza horiek herri askotan gertatu zirela. Beraz, testigantza batzuk  aukeratu genituen 36ko gerrak hemen utzi zuena azaltzeko. Literaturia zetorrela-eta, hasieran liburuekin mahaia jartzea pentsatu nuen, baina gero irakurketa egiteko aukera sortu zen, eta oso gustura geratu naiz emaitzarekin. Jendea joan zen, eta esker ona agertu zuten. Alde bateko zein besteko jendeak komentatu zidan orain gauza asko hasi dela ulertzen; besteak beste, zergatik etxean ez zen kontu horietaz hitz egiten eta zergatik hura gaizki ikusia zegoen. Horretaz guztiaz hitz egin ez badugu ere, arrasto bat utzi du gugan. Garaiko heziketa guztia nazionalkatolizismoaren baitan joan zen –Seccion Femenina, Falangea eta Cara al sol-arekin, eta erlijio eskuindar ustel horretan–, eta horretan hezitakoek hezi gaituzte gu. Nahiz eta beraiek horren kontra egon, barruraino sartu zitzaien. Hori guztia nahi nuen azaldu, eta horrek ere balio izan dit ulertzeko nire etxeko hainbat  gauza.

Ikuskizunari jarraipena emateko asmoa al duzu?
Momentuz bakarra izan da, eta ez dut pentsatu gehiagorik izango den ala ez. Gehiago izan zen ahoz gora tabua pixka bat astintzea. Esateagatik ez dela ezer gertatzen azaltzea, alegia. 81 urte pasatu dira, helduak gara eta goazen honetaz lasai hitz egitera heldutasunez. Azkura ematen du, jakina, baina azkura ematen duen zauria sendatzen ari den seinale da. Niretzat hunkigarria izan zen ikuskizuna: testigantzetako bat irakurri eta aurrean esan zuen pertsona egotea. Pertsona horren aurpegira begiratu eta ongi hartu zuela ikustea aberasgarria izan zen niretzako.

Korapiloak askatzeko?
Gogorra da, baina kontuan izan behar da gerrak oso gogorrak direla, eta guk hitz egiten dugula hemen ezer gertatu ez balitz bezala. Ni ados nago orain esaten den egia osoa, justizia eta errepazioa horrekin. Baina nik ikasi dut testigantza hauekin, eta kristoren pena eta tristurarekin, egia erdiz, injustiziaz eta erreparoz iritsi garela une honetara. Beraz, eman dezagun egia ahal dugun osatuena eta kontrastatuena. Justizia, epaile baten aurreko hori, inposiblea da, amnistia lege bat dagoelako indarrean eta gehienak hilda daudelako, baina gutxienez aitor diezaiegun gertatutakoa ahoz gora eta publikoki kontatzeko eskubidea. Ni horren bila joan naiz.