Zarauzko XXXI. Triatloiak iaz finkatutako sari kopuru «mardulei» eutsi die

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 8a, 17:25
Triatloiko antolatzaileak eta Xabier Txurruka alkatea, gaurko aurkezpenean.

Larunbatean jokatuko dute 650 triatletek distantzia ertaineko proba. Goi mailako kirolariak lehiatuko dira; tartean, Gustavo Rodriguez faboritoa. Ainhoa Murua ez da izango aurten lehian.

Heldu da urteroko kirol hitzordu nagusia: Zarauzko Triatloia. «Ero batzuren ideia» gisa jaio zen proba 31. aldiz jokatuko dute aurten, larunbat honetan. Iaz urtemuga biribila zela-eta, distantzi ertainean Espainiako «sari mardulena» ematea erabaki zuten, eta aurten horri eutsi diote: probako irabazleei 5.000na euro emango dizkiete.

Aurten ere izen ematea «ziztu batean» bete dela gogoratu du Zarauzko Triatloi Elkarteko kide Joseba Iriondok. Hain zuzen ere, minutu batean agortu ziren 650 dortsalak. Horrez gain, itxaron zerrenda ere beste minutu batean bete zen;  500 lagun daude zerrenda horretan. Triatloien egutegia «geroz eta osatuagoa» dela adierazi du, eta egun horretan, Zarauzkoaz gain, Valentzian «sona handiko triatloia» jokatuko dute eta Lugon estatuko ligen lehiaketa. Beraz, «ez da makala beste urtebetez hainbeste jende erakartzea».  

Zentzu horretan, «elitea» ez badator ere, goi mailako triatletak lehiatuko dira bihar. Gizonezkoen artean, Gustavo Rodriguez galiziarra nabarmendu dute. «Oso sasoi onean dator ,eta Zarauzko proba hirugarren aldiz irabazi nahi du». Iriondoren hitzetan, «guztiak Rodriguezen kontra» ariko dira: Cesc Godoy katalana, Peru Alfaro donostiarra eta Miguel Angel Fidalgo nahiz Alejandro Santamaria madrildarra, beste hainbaten artean. Gaur gaurkoz, Eneko Llanos gasteiztarrak ez du baieztatu Zarautzen izango denik.


Helmugan, aldaketak

Ainhoa Murua zarauztarrak, bai, jakinarazi du aurten «tamalez» ez duela parte hartuko proban. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lesionatu zen iaz, eta oraindik ere osatzen ari da. Edonola ere, «nesken maila ere altua» izango da: Sara Loehr, Merce Tussel eta Judith Corachan katalanak, Saleta Castro galiziarra, Estefania Gomez kantabriarra, Zumaiako bizilagun Helene Alberdi eta Nerea Gambra gasteiztarra ariko dira nor baino nor, besteak beste.

ZTEtik ere 30 bat lagun lehiatuko dira, eta beste talde batzuetan dabiltzan hainbat zarauztar ere bai.  Horien artean, Yepa taldeko Jon Unanueren parte hartzea nabarmendu dute. «Gerra apur bat» emango duela aurreratu du Patricia Damian elkarteko presidenteak.

Beste urteekin alderatuz, ibilbidean ez da «aldaketa handiegirik izango». Damianek azaldu duenez: Getariatik Zarautzera 2,9 kilometro egingo dituzte igerian parte hartzaileek; ondoren, 81 kilometroko itzulia emango dute bizikletan–Zarautz, Meaga, Iraeta, Zumaia, Getaria eta Zarautz artean zein Zarautz-Orio-Aiako murrua-Lokate-Andatza-Orio-Txurruka-Zarautz artean bina bira– eta azkenengo zatia, 20 kilometroko korrikaldia izango da, herriari hiru itzuli emanez.

Ohi bezala, 14:00etan hasiko dira emakumezkoak, eta ordu laurden geroago, gizonezkoak. Aurreikuspenen arabera, 14:30­ean helduko dira lehenbiziko triatletak Zarauzko hondartzara; korrikako zatia 16:45ean hasiko dute, eta lehen triatleta 17:45 aldera helmugaratuko da. Lege Zaharren enparantzan amaituko da proba, eta aurten gune horretan izango dira berrikuntzak. ZTEko presidenteak azaldu duenez, «estadio txiki» baten itxura eman nahi diote plazari, guneari «garrantzia emanez». Zigordia kalean harmailak atonduko dituzte, eta helmugarako bideak sigi-saga itxura izango du, azken txanpan triatletek jendearen beroa senti dezaten.

«Triatloia praktikatzen dutenen artean ospe handiko proba da Zarauzkoa, eta gogo handiz etortzen dira triatletak udalerrira», adierazi du Xabier Txurruka alkateak. Hori dela eta, udalak beste urte batez «babes osoa» eskaintzeaz gain, baliabide guztiak ZTEaren esku jarri ditu.

Igandean, haurren txanda

Probaren ondoren, eta «iazko arrakasta ikusita», Munoako karpan egingo dute triatleten afaria. Expo gunea ere bertan atonduko dute. Igandean, berriz, haurren txanda izango da. Triatloi Txikia jokatuko dute 2000 eta 2007 urteen artean (biak barne) jaiotakoek, Dama parean, 10:00etan hasita.

Ohi bezala, kutsu solidarioa izango du probak: partaide bakoitzak bere ekarpena egin ahal izango du, eta jasotako dirua Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari, Aspanogiri, emango diote.