"Hondartzan, egiten ez den hori da erreskaterik onena”

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 16a, 10:26
Felix Zubia Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakaria. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Duela 23 urtetik, Zarauzko Gurutze Gorriko boluntarioa da Felix Zubia (Zarautz, 1974), eta, azken hamabi urteetan, bertako lehendakaria ere bai. Zarautzen, bihar hasiko da hondartza denboraldia, eta prest dute hiru hilabetez eskainiko duten zaintza zerbitzua. Une oro, Gurutze Gorriko 21 lagun ariko dira lanean. Gipuzkoako Hitzak egin dio elkarrizketa.

Zarautzen hastear da hondartza denboraldia. Nolakoa izango dela espero duzue?

Urteroko modukoa izatea aurreikusi dugu, baina atzerritik bisitari gehiago etorriko direla uste dugu. Gero eta jende gehiago etorri izan da azken urteotan, eta turismo bulegoetan ere datu hori berresten dute beti. Gainontzean, urterokoa izango da guretzat. Prebentzioan egiten dugu lanik handiena; beti esaten dugu egin ez dugun hori dela erreskaterik onena. Horretarako, aurrez egin behar izaten da lana: banderak ondo jarri, arrisku lekura inor ez dela sartzen bermatu…

Zein da zuen lan egiteko modua zaintza zerbitzuari dagokionez?

Kontratuarekin aritzen dira lanean zaintza zerbitzua eskaintzen duten pertsonak, eta boluntarioak gara hori guztia antolatzen dugunak. Langileak aukeratzean kontuan hartzen dugu euskara. Badakigu euskara garrantzitsua dela; beraz, euskara ulertzeko eta gutxieneko elkarrizketa bat edukitzeko gaitasuna daukate langile guztiek. Horregatik, bailarakoak dira ia guztiak. Denek daukate eginda uretako lehen sorospen ikastaroa, eta denbora dezente eskaintzen diogu prestakuntzari.

Lan egiteko zer moduzko hondartza da Zarauzkoa?

Bi ezaugarri nagusi ditu: bata, itsasoari oso irekia dagoela eta ipar-mendebaldetik sartzen dela normalean. Zurrunbilo edo korronte dezente sortzen ditu horrek. Korronte horiek, gainera, aldatu egiten dira marearen arabera. Hori dela eta, adi ibili beharra daukagu banderak ondo jartzeko eta eremuak ondo zehazteko. Eta beste ezaugarria da hiriko hondartza dela, eta bertan elkartzen direla itsas kirolak egiten dituztenak, ezintasun fisikoak dituztenak… Saiatzen gara guztientzat espazioa bilatzen eta oreka mantentzen. Errespetua izan dezatela eskatuko nieke guztiei; bainulariekiko errespetua batez ere, haiek direlako ahulenak.

Oro har, errespetatzen al dira banderak?

Orokorrean, jendeak errespetatzen eta aitortzen du gure lana. Kontua da nahikoa dela bizpahiru lagun etortzea guri lan handia emateko eta jendea arriskuan jartzeko. Hala ere, oro har, asko errespetatzen gaituzte, eta urtetik urtera kontzientzia handiagoa daukate herritarrek.

Irakurri elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Erlazionatuak