Ehunka lagunek bat egin dute egunotako sexu erasoak salatzeko

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 7a, 14:43
Zarauzko Udaleko ordezkari politikoak, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaira eta aldundiko Berdintasun saileko zuzendari Miren Elgarresta, elkarretaratzean (Aritz Mutiozabal).

Gaurtik hasi eta Euskal Jaiak pasa bitartean, herriko kaleetan segurtasun neurriak areagotzea adostu dute Udal Gobernuak eta Ertzaintzak.

Ehunka lagunek egin dute bat eguerdian Lege Zaharren enparantzan, egunotan izan diren bi sexu erasoak salatzeko. Elkarretaratzeak hamar minutu pasatxo iraun du, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute. Bertan izan dira Zarauzko Udaleko ordezkari politiko guztiak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarresta eta Emakundeko zuendari Izaskun Landaira ere.

Xabier Txurruka alkateak adierazi du atzo goizaldean jarritako salaketa ikertzen jarraitzen duela Ertzaintzak, baina ez dagoela berri gehiagorik. "Kezkatuta gaude, herritarrak kezkatuta dauden bezala, erabat onartezina delako horrelako bigarren salaketa bat jasotzea astebetean; lehena, sanpelaioetan, eta bigarren hau, udako giroan hasita", adierazi du gaurko agerraldian.

Atzo bertan Udal Gobernua Ertzaintzako arduradunekin batzartu zela jakitera eman du, eta beharrezkotzat jota, adostu dute neurriak areagotzea herriko segurtasun bermatzeko eta "tristea da esatea, baina neskak eta emakumeak gure kaleetatik gauez nahiz egunez, festak direnean edo beste edonoiz, lasai ibiltzeko". Hori dela eta, "Ertzaintzaren presentzia zabalduko dugu herrian gaur bertatik hasi eta Euskal Jaiak pasa arte".

Emakundetik ere gogor gaitzetsi dute atzo goizaldean gertatutakoa, eta babesa adierazi diote bikitimari. Izaskun Landaira Emakundeko zuzendariaren esanetan, "ez, beti dela ez. Hori da zabaldu nahi dugun mezua, emakumeen kontrako indarkeriarik gabe gizarte bat eraiki nahi dugula eta horretarako gizarte osoaren inplikazioa behar-beharrezkoa dela". Emakumeen kontrako indarkeria "berdintasun ezaren ezaugarririk latzena" dela nabarmendu du. "Beraz, berdintasunean eraikitako gizarte bat lortzearren lanean jarraitu behar dugu".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, "gaitzespen irmoena" adierazi du aldundiko Berdintasun zuendari Miren Elgarrestak: "Zoritxarrez, hamar egun pasatu ez direla, bigarren kasu bat dugu Zarautzen, eta Landairak adierazi duen bezala, ez, beti da ez eta modu horretan ulertu behar dugu". Horren harira, Denok zu sentsibilizazio kanpainari aipamen berezi egin dio: "Gizarteak paper aktibo bat jokatu behar dug eraso guztien aurrean, eta gaitzespen guztien aurrean. Biktima guztiei adierazi behar diegu denok bat egingo dugula eta denok zu izan behar dugula".