Babes katea antolatu du Zarauzko Mugimendu Feministak iganderako

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 7a, 08:55

Ehunka lagun elkartu ziren igandeko elkarretaratzea (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Munoan jarri dute hitzordua, 12:00etan, eta herrigunea eta kanpina batzen dituen ibilbidean kokatuko dute ekimena, azken egunotako sexu erasoak salatzeko.

Atzoko eraso sexista gaitzesteko Zarauzko Udalak gaur eguerdirako elkarretaratzearekin bat egin du Zarauzko Mugimendu Feministak, baina "haserrea eta egoeraren larritasuna" salatze aldera, deialdi berezia egin dute iganderako: 12:00etan Munoa plazan elkartu eta babes katea egingo dute. "Helburua litzateke eraso sexisten aurrean talka egingo duen kate indartsu bat eratzea, herritarrok protagonista izango gaituena". Parte hartzeko deia zarauztar orori ez ezik, Euskal Herriko gainontzeko herritarrei ere.

Mugimendu feministak jakitera eman duenez, herrigunea eta kanpina batzen dituen ibilbidean kokatuko dute ekimena. "Hor jarri nahi dugu arreta, azken erasoaren kokalekua izan delako eta aurreko urteko udan izan genuen erasoa ere inguru horretan gertatu zelako".

Instituzioei "erantzukizunez eta arduraz" jokatzeko exijitu die, eta, batez ere, Zarauzko Udalari "neurriak har ditzala" gune horretan. "Urteak daramatzagu gune ilunak seinalatuz eta salatuz. Ez da alperrik. Baina, jakina da zarauztar guztiongandik, emakumeongandik bereziki, kanpinerako bidea ibilbide zaila dela. Eta ehunka dira udan osoan zehar ibilbide hori egiten duten emakumeak Zarautzen, babesgabetasun egoera garbian geratuz. Eta neurria ezin da kontrol neurrietara mugatu edo argiztatzera, gure jendarteak dituen baloreak aldatu eta hauetan sakontzera bideratutako neurriak dira beharrezkoak".

"Eskubide eta askatasun berberak"

Mugimendu feministaren esanetan, "emakumeok gara beti aginduak bete behar ditugunak –mugikorra piztuta eraman, ez etxeratu bakarrik, azkar joan...–, baina bada garaia errespetuan eta askatasunean oinarrituko den jendarte baten baloreak irakasten hasteko, gure gorputza gurea dela eta inork, inoiz, ezin duela gugatik erabaki irakasteko, eta ez kartzelara joango zarelako, denok eskubide eta askatasun berberak ditugulako baizik".

Horretan oinarrituko den herria dute aldarri: "Guztiona den jendartea sortu dezagun, ez gu zapalduko gaituena. Emakumeok askatasunez bizitzeko eskubidea dugulako, ez dugulako beldurrez bizi nahi". Horretarako eraso sexisten prebentzioan lantzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du, baita emakumeen ahalduntzerako bitartekoak lantzen jarraitzea ere, autodefentsa feminista adibidetzat jarriz.

Horrez gain, Zarautzen eta antzerako herrietan uda garaia "aski berezia" izaten dela azaldu du, "herriaren biztanleria hirukoiztera helduz", eta horrek "lanketa berezia" eskatzen duela, "besteak beste, lanketa herritar horiekin eta inguruan dihardutenekin; ostalariekin;  festa antolatzaileekin; musikaren inguruan batu eta antolatzen diren herritarrekin...". Mugimendu feministatik dei egin die erakunde publikoei, bereziki Zarauzko Udalari, horretan sakontzeko. "Zarautz ez duelako erakargarri egiten hondartzak, herritarrak garelako babestu beharreko altxorrak".