Neguan ere zabalik egongo da kiroldegiko ikasgela

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 17a, 11:03
Maiatzetik uztailera zabaldu dute kiroldegiko areto nagusia, ikasleek azterketak prestatzeko.

Udalak kiroldegian egokitutako ikasgelaren balorazio "oso positiboa"egin du.

Udalak maiatzearen 8an zabaldu zuen kiroldegiko gela bat ikasgela modura erabiltzeko, proba modura. Uztailaren 7ra arte egon da erabilgarri, gazteek gune bat izan zezaten ikasteko. Sanz Enea sasoi batzuetan sasoi jakinetan "txiki" geratzen da, bereziki, azterketa garaietan. Nekane Iribar Hezkuntza zinegotziak nabarmendu du ikasleek "harrera ezin hobea" izan dutela: "Bagenekien ikasteko beste leku baten beharra zegoela baina jasotako datuekin egiaztatu dugu beharra erreala dela". Hori dela eta, ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin du udalak.

Jakinarazi duenez, eguneko 27 ikaslek erabili dute ikasgela, bataz beste. Emandako datuen arabera, maiatza izan da ikasle gehien bildu duen hilabetea, data horretan izaten direlako selektibitateko zein unibertsitateko azterketak. Zehazki, zabaldu zuteneko asteburua izan zen erabiltzaile gehien izan zena. "Larunbat arratsaldean, maiatzaren 13an, eta igande goizean, maiatzaren 14ean, areto bete zen 45 ikaslerekin", zehaztu du Iribarrek.

Astean zehar jende gutxiago ibili dela adierazi du Hezkuntza zinegotziak, "hauetako asko unibertsitateko klaseen ostean bertako liburutegietan geratzen direlako ikasten". "Sanpelaioetatik aurrera ikasle kopuruak beherakada izan duela ikusi dugu; 10 erabiltzaile inguru izan dira eguneko". Era berean, ikasgelan izan zen "giro aparta" nabarmendu du: "Ikasleei eskerrak eman nahi dizkiet ikasgelan izan duten jarrera bikainagatik. Euren artean errespetatu dira, isiltasuna mantenduz eta, zentzu horretan, izan duten jarrera arduratsua goraipatu nahi dut".

Neguko azterketa garaian ere

"Jasotako datuak kontuan izango ditugu datorren ikasturteari begira, ikasgelaren irekiera eta itxiera datak doitzen joaten", aurreratu du Hezkuntza zinegotziak. Hain zuzen ere, neguko azterketa garaian ere ikasgela berriz martxan jartzea erabaki dute.

Zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz, ikasgelan hobekuntzak egingo dituzte: "Datorren ikasturterako argiztapena hobetuko dugu eta berogailua jarriko dugu  martxan. Bestalde, aretoa 85 personantzat izan arren, 50entzat egokitzen jarraituko dugu. Datorren azterketa garaian jasotako emaitzak aztertuko ditugu eta kopurua zabaltzeko beharra dagoen ala ez baloratuko dugu".