«Enpresa euskalduntzeko konpromisoa guk hartu behar dugu»

Nerea Uranga 2017ko uzt. 27a, 08:45
Ekaitz Esteban OBE Hettich enpresako LAB sindikatuko ordezkaria.

17 urte daramatza lanean Ekaitz Estebanek (Zarautz, 1980) Aizarnazabalgo OBE Hettich enpresan. Euskararen kalterako, lantegi horretan hizkuntza aldetik atzeraka egin dela uste du zarauztarrak. LAB sindikatuko langileen ordezkari gisa Urola Aitzindari proiektuan parte hartzen ari da. Argi du: zerbait egitekotan langileen konpromisoa beharko da.

Zergatik uste duzu Urola Aitzindari proiektua langileontzat garrantzitsua dela?
Non bizi garen eta non gauden kokatuta ikusita, garrantzitsua da euskararekiko konpromisoa hartzea. 17 urte daramatzat lanean OBE Hettich lantegian, eta ordutik enpresak egin duen bidea ikusita, euskarari dagokionez, pausoak atzeraka ematen ari dela esango nuke. Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko pauso batzuk ematen hasi ginen, baina beti trabak aurkitu genituen eta utzi egin genuen. Enpresak egin dituen azken kontratazioak kontuan hartuta, euskarari garrantziarik ez diotela eman ikusdaiteke, eta horrek pixka bat kezkatu egiten gaitu. Lan mundua pixka bat euskalduntzeak duen garrantzia kontuan hartuta, Urola Aitzindari proiektua interesgarria iruditu zitzaigun eta horretan ari gara.

Eskualdea euskalduna da, baita Aizarnazabal ere. Zuen enpresan zer garrantzia dauka euskarak?
OBE Hettichen euskara ez dago bigarren planoan ere; hirugarren planoan jarri nahi da, gaztelaniaren eta ingelesaren atzetik. Gaztelania oso sartuta dago, eta euskararen gainetik, ingelesari garrantzia ematen zaio. Joera hori tailer barruan ere ikusten da. Beraz, guk geuk ez badugu bultzatzen euskaraz egitea, ez dakit zertan geldituko den kontua, gainetik pasatuko zaizkigu.

Beraz, enpresako funtzionamendu guztia erdarazkoa da.
Enpresa barruan gauza batzuk euskaraz badauzkagu, nominak euskaratuta-eta ditugu. Pauso batzuk emanda dauzkagu, baina euskarari ez zaio ematen benetan eman behar litzaioken garrantzia: ikusgai dagoena, harremanak... Horretan guztian atzeraka egiten ari dela esango nuke. Azkenean, kontratazioek euskaldun garenoi eragiten digute besteekiko harreman guztia erdaraz normalizatzen baitugu, eta justu kontrakoa izan behar luke joerak.

Langileen aldetik  ikusten al duzue euskararen normalizaziorako sentsibilizaziorik?
Tailerrean oraindik ez dugu proiektua aurkeztu, momentuz  bi sindikatuetako [LAB eta ELA] ordezkarion arteko lanketa da. Proiektua gure lantegira nola ekar dezakegun hitz egiteko bildu ginen. Gero, langileen aldetik zer konpromiso egongo den? Askotan, guk enpresari eskatzen diogun hori langileok hasi behar dugu egiten, langileok erakutsi behar dugu gogoa eta konpromisoa. Lan mundua euskalduntzeko guk geuk ez badugu ezer egiten, konpromisoa ez badugu hartzen eta pausoa guk ez badugu ematen, alferrik ari gara.

Elayra egindako bisitan parte hartu zenuen. Zer ikusi zenuten bertan?
Elayn ikusi genuenarekin eta azaldu zigutenarekin harrituta gelditu nintzen. Aurrena, aurkezpen bat egin ziguten, eta, gero, tailerra bisitatu genuen. Ikus daitekeen guztia euskara hutsean dago eta softwareak euskaratuta dituzte. Elayko ordezkariak kontatu zigun Alemaniara makina bat eskatzen badute, programa informatikoak ingelesez eta euskaraz izatea eskatzen dutela. Horregatik, besteak beste, euskaratuta dute makina guztien funtzionamendua. Hala ere, eskualdean baditugu enpresa euskalduntzeko pausoak ematen ari diren lantegien adibideak, Zumaiako GKN da bat. Lan mundua euskalduntzeko bidean, eragina izango du enpresaren, langileen eta denon  konpromisoak .