Gurekin Jairen lekukoa hartzeko bilera egingo dute larunbatean

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 5a, 10:01
Sanpelaioetako baltsa lasterketa (Aritz Mutiozabal).

Munoa plazan jarri dute hitzordua, 11:00etan. Herria eta, batez ere, herriko gazteak aktibatzeko helburuz deitu dute bilkura.

Euskal Jai Egunean eman zuen amaitutzat bere ibilia Gurekin Jaik, azken topa eginez. Duela hamar bat egun agurreko oharra argitaratu zuen Zarauzko Hitzaren komunitatean, bukaeran honako mezua luzatuz: «Eskerrak eman eta animatu na­hi dugu jendea, Zarautzen jaiak herritik eta herriarentzat ospatzeko, amets egiteko txosnagune bat sortzera». Orain, dei horri erantzute aldera, lekukoa hartzeko borondatea duen gazte batzuek bilera deitu dute; larunbatean izango da, 11:00etan, Munoa plazan.

«Gazte eragile bat galdu du Zarautzek, baino ez du gazterik galdu. Eta Zarauzko gazte horiek bagara zein, badugu zer esan eta badugu zer egin! Baina herri duin batean bizi ahal izateko, guk geuk ordezkatu beharko ditugu gure kezkak, gure arazoak, gure borrokak... geure buruak. Guk geuk sortu beharko dugu gure izenean inork sortuko ez duena», azaldu dute deitzaileek.

Gurekin Jaik bere bidea bukatu duen arren, bideak hor jarraitzen duela diote, beste norbaitek urratzeko zain. «Benetan nahi badugu gizarte hau, herri hau, gure neurrikoa izatea, guk geuk eraiki beharko dugu. Ezarri beharko ditugu oinarri sendo batzuk, benetan nahi badugu gizarte eredu bidezko, euskaldun, parte hartzaile eta feminista bat».

Horretarako, «herriak mugitu» behar duela uste dute, «eredu ho­ri gazteon harremanetan, hausnarketetan eta festetan islatu nahi badu». Herria aktibatze aldera deitu dute bilera, «gazteria konprometitu baten bitartez herri konprometitu bat sortzeko».