Txibiak izango dira larunbateko Merkatutik Zuretzat saioko osagai nagusiak

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 13a, 12:00
Merkatutik Zuretzat zikloko saio bateko irudia.

11:00etatik aurrera izango da, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan.

Kosta Gastronomika egitasmoaren bat eginez, larunbatean izango da Zarauzko Udalak, Urkomeren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, antolatutako Merkatutik Zuretzat! zikloko hurrengo hitzordua. Kasu horretan, udazkeneko lehenbiziko txibiak, porrua, tipula eta sagarra baliatuko dituzte Aiala sukaldaritza eskolako ikasle Lierni Gutierrez eta Eneko Arandiak plater eta pintxo bana egiteko. Zehazki, porru egosiak, datilaren ozpin-olio eta maionesa epelarekin zein txipiroi barrubeteak tinta beltzean eta arroz kurruskariarekin prestatuko dituzte zuzenean, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan.

Aurrez, Merkatu plazako Itziar arraindegiko Jon Andonegik txibiei buruzko azalpenak emango ditu, eta Argoin Txiki baserriko ordezkari batek garaiko eta bertako barazkien inguruko informazioa eskainko du. Era berean, Talai Berri txakolindegiko Itziar Eizagirre txakolinaren berezitasunez ariko da. Showcooking-aren ostean, bertaratzen direnek pintxoak nahiz Talai Berri txakolina dastatzeko aukera izango dute eta baita errezetak eskuratzekoa ere.

Halaber, haurren txokoa izango da erabilgarri Merkatu plazan eta bertako produktuen otarraren zozketa ere egingo dute. 11:00etatik aurrera izango da ekitaldia.