Kuadrilla Eguna 2017

Festei abiada bizia emateko

Hainbat lagun goitibeherak prestatzen asteartean, Zinema pilotalekuan (Aritz Mutiozabal).

Bost urtez jokatu gabe egon ondoren, goitibeheren lasterketa berreskuratu dute aurten Kuadrilla Egunerako. Larunbatean askotariko ekitaldiak izango dira.

Itzuli da Kuadrilla Eguneko ekitaldi ikusgarriena: goitibeheren lasterketa. 2012an jokatu zuten azkenekoz, aurreko urteetan gainbehera izan zela kontuan izanda.  Larunbaterako ekitaldi hori berreskuratzea erabaki dute, egun horretako «jardunaldi ederrena» dela medio.  Irailean egin zuten bilera irekia aurtengo Kuadrilla Eguna antolatzeko, eta 15 bat lagun bildu ziren bertan; tartean, Iker Itxaso zarauztarra.

Proposamen zehatz bat egin zuen hark: lasterketa berreskuratzeko helburuarekin, kuadrillei goitibeherak eraikitzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen. «Pentsatuta agian gazteek beraien kabuz goitibeherak ez zituztela egingo, nire prestutasuna agertu nuen ibilgailuak nik neuk egin eta kuadrillei lasterketan parte hartzeko aukera eskaintzeko», adierazi du.

Izan ere, beretzat goitibeheren lasterketa da festa horietako «saio onena». Itxasoren esanetan, «kontuan izanda Zarauzko jende askok –nire anaia gazteak, tartean– ez duela halakorik ikusi, berriz ere saio hori bultzatzeko grina sortu zitzaidan».

Horretarako ere bilera bat deitu zuten, eta sei-zazpi kuadrilla izan ziren bertan. «Prest agertu ziren goitibeherak egiteko». Hala, bi topaketa egin dituzte lagunartean ibilgailuak sortzeko, «dakitenek lagunduz eta ez dakitekenek nola egiten diren ikasiz». Udalak utzita, Zinema pilotalekuan jardun dute hainbat lagun taldek azken bi astearteotan lanean; hau da, buru-belarri ibilgailuen egiturak osatzen, egiturei gurpilak jartzen eta bestelako lanak egiten. Materiala udalak emanda nahiz handik eta hemendik lortuta, goitibehera zaharrak konpondu eta berriak eraiki dituzte. Egunotan azken ukituak emango dizkiete larunbaterako guztia prest izateko. Guztira, bost bat dira egitekoak. Era berean, beste hiru bat lortu dituzte, eta Mutrikutik ere ekartzekoak dira baten bat.

16 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte etzi jokatuko den ekitaldian. 10:00etan erlojupeko lasterketa jokatuko dute Vista Alegre auzoan, baina aurrez, 09:00ak aldera, entrenamendu saioak egingo dituzte. Sariak ere izango direla iragarri du Itxasok.

Jaitsiera amaitu ondoren, 11:30 aldera arte, nahi duenei aukera emango diete auzoko aldapa ibilgailu horien gainean jaisteko.  Larunbaterako euria iragarrita baldin badago ere, ez dira eguraldiaren beldur. Haratago, euria eginez gero «gehiago irristatuko» direla dio Itxasok barrez.


Hainbat gune

Goitibeheren jardunaldiarekin hasiko dute Kuadrilla Eguna, eta hortik aurrera askotariko ekitaldiak izango dira ordu txikiak arte. Aurten ere hainbat gunetan banatuko dute jaia, adin tartearen arabera. Gaztetxoentzako hiru izango dira: bata, 4-8 urte bitartekoentzat ,Salbideko parkean; bestea, 9-11 urte bitartekoentzat, Arrosaleda parkean; eta  hirugarrena, 12-18 urte bitartekoentzat, Lege Zaharren enparantzan.

Horiez gain, 18 urtetik gorakoentzako beste gune bat izango da Musika plazan. 17:00­etatik aurrera, berriz, gune guztiak zeharkatuko dituen kalejira bat egingo dute Musika plazatik abiatuta. Gauean ere izango dira ekitaldiak, guneka banatuta: disko jartzaileak Lege Zaharren enparantzan; Abiba diskojaia, Zinema pilotalekuan; Garilak 26 erromeria taldea, Musika plazan; eta Gaugiro musikatua, txosnan.

Erlazionatuak

Kuadrilla Eguneko egitaraua ikusgai

Zarauzko Hitza 2017 urr 11 Zarautz