'Toldotxo' dastatzeko aukera izango da Euskal Herriko XII. Pintxo Txapelketan

Zarauzko Hitza 2017ko urr. 22a, 08:48
'Toldotxo' pintxoa (Aritz Mutiozabal)

Astelehen honetan hasi eta asteazkena bitartean, urriaren 23tik 25era, txapelketa ikustera bertaratzen direnek 2016ko pintxo sarituak eta Zarauzko pintxoa probatzeko aukera izango dute, lehiaketatik kanpo.

Zarauzko ikur gastronomikoa izateko sortu zuten iaz Toldotxo pintxoa. Herriko ostalaritza eta merkataritza dinamizatze aldera, udalak bultzatutako proiektua izan zen, Zurekin ostalari elkartearen eta Argiñano jatetxearen laguntzarekin. Orain, Donostiako Kursaal jauregian izango den Euskal Herriko XII. Pintxo Txapelketako protagonistetako bat izango da.

Astelehenetik asteazkenera jokatuko da lehiaketa, urriaren 23tik 25era, baina 'Toldotxo' ez da lehian izango. Txapelketa ikustera bertaratzen direnei dastatzeko emango diete, 2016ko sarituekin batera; hau da, Hondarribiko Sardara jatetxearen Barbalada pintxo txapelduna eta  Hondarribiko Gran Sol jatetxeko Lingote de pato a la naranja txapeldunordea.

Toldotxoren osagai nagusia legatz frijitua da. Patatazko oinarri baten gainean doa, eta bere inguruan, ogi eta urdaiazpiko iberiko birrindua du, hodar hori irudikatuko lukeena. Legatzak ali-oli saltsa suabea darama gainaldean, eta piper berde zinta batzuk alboetan, hondartzako toldoen itxura emateko.