Ehunka pertsona Mobibike Eguneko bizikleta martxan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko urr. 29a, 12:01

Jende ugari bildu du Mobibike Egunak gaur. Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteak antolatuta, goizean BTT irteera eta triatloi txikia izan dira, eta ondoren bizikleta martxa pertsonaia ospetsuekin, besteak beste, Porrotx eta Haimar Zubeldiarekin.

11:00ak puntuan eman diote hasiera elkartasunezko martxari, eta herrian zehar eman dute itzulia ehunka lagunek, gazte zein heldu. Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berezia izango da Aritzbatalden, 17:00etatik aurrera. Askotariko eragileak batuko zaizkie oholtza gainean, pailazoekin batera abestu eta dantzatzera.