Vista Alegreko parkeko arkamurkak babesteko hainbat neurri hartu dituzte

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko aza. 3a, 09:45
Arkamurkako kideak, udal ordezkaria eta auzotarrak parkea aztertzen (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Zuhaitz horri lekua egiteko zenbait espezie inbaditzaile kenduko dituzte, eta arkamurka berriak landatuko dituzte garbitutako guneetan. Panel informatiboak ere jarriko dituzte.

Zarauzko Udala hainbat lan ari da egiten Vista Alegreko parkean, inguruari balioa emateko asmoz.  Horrekin lotuta, Arkamurka natur elkartearekin hitzarmena du sinatuta. Helburua da arkamurkak edo artelatzak berreskuratzea, «parkearen izaera urbanoa galdu gabe». «Bi aldeak uztartzea beharrezkoa da Natura 2000 sarean dagoen parke hau berreskuratzeko», nabarmendu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Horri lotuta, asmoa da gaur egungo artelatzak mantentzea eta horien presentzia areagotzea, zuhaitz gehiago landatuz.  Hala, aisialdirako parkea «zertxobait» aldatuko dute, hainbat zuhaitz kenduz mehatxupean daudenei tartea eginez. Modu horretan, Europako ingurumen legea beteko dute, hau da, arkamurken egoera hobetuko dute.

«Zuhaitz batzuk derrigor kendu behar dira inbaditzaile garbiak direlako eta kontrolik gabe ugaritzeko joera dutelako», azaldu du Arkamurkako kide Jon Zulaikak.  Haren arabera, artelatz batzuk «menderatuta» daude inguruko zuhaitzengandik nahiz espezie exotikoengatik. Hala, hainbat tuliparbola txiki kanporatuko dituzte, eta baita palmondo batzuk ere.

Era berean, bospasei haritz kentzekoak dira. «Arkamurkengandik hain gertu egonik, bata edo bestea hautatu beharra daukagu. Ez zaigu gustatzen neurria, baina leku zehatz honetan haritza arrunta da arkamurkarekin alderatuz».

Zuhaitzen artean «izugarrizko lehia» dagoela adierazi du eta, kasu gehienetan, arkamurka dela «ahulena». «Horren ondorioz, artelatz batzuk hiltzear daude, eta beste batzuk lehiagatik hil dira dagoeneko. Beste batzuen egoerari ezin zaio buelta eman».  Zentzu horretan, garbiguneak sortuko dituzte artelatzei tokia eginez. Bestalde,  «ahalik eta arkamurka gazte gehien» landatuko dituzte.

Horrekin batera, «baso naturaletan ohikoak diren elementuak ere gehituko ditugu; lehortutako enborrak, esaterako». Halaber, saguzarrentzat babeslekuak  eta panel berriak jarriko dituzte, arkamurkak berreskuratzeko egingo diren lanen nahiz espezie berezien inguruko informazioa helarazteko.


40 artelatz

«Vista Alegreko parkea beti izan da berezia, bertan aurkitzen baitira espezie oso bitxiak», nabarmendu du Arkamurkako ordezkariak. Haren esanetan, batetik, bertako zuhaitzak aurki daitezke parkean, eta bestetik, «bistakoenak» direnak, kanpokotik ekarritakoak, sekuoiak eta tuliparbolak, esaterako. «Duela 100 bat urte, garai hartako modak jarraituz, atzerritik ekarritako hazi ugari landatu zituzten, eta horren emaitza da gaur egungo baso berezi hau».

Aldi berean, bertako landaretzak ere iraun duela dio Zulaikak. Horien artean, artelatzak. «Atlantiar isurialdean ez daude izaera mediterranearra duten hainbeste zuhaitz», gogoratu du. Basoa «hain da bitxia», Europako habitat berezien zerrendan sartuta dagoela, eta ondorioz, babestu beharra dagoela esan du. «Garate eta Santa Barbara inguruan 200 hektareatik gora babestu dira, eta tartean sartu dute Vista Alegreko parkea».  Hain zuzen ere, 40 bat artelatz daude bertan. Horregatik, parkeari duen balioa eman behar zaiola nabarmendu dute Vazquezek eta Zulaikak.

Erlazionatuak

Irudietan: Vista Alegreko parkea

Zarauzko Hitza 2017 aza 03 Zarautz