Osasuna, solas egiteko gaia

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 8a, 09:00
Gema Rodriguez, Miren Letamendia eta Karol Juan, hitzaldiko kartelekin (Zarauzko Udala).

Osasun arazoei aurre eginez: emozioak, beldurrak, kezkak… hitzaldia antolatu du Zarauzko Osasun Mahaiak biharko; Antoniano aretoan izango da, 18:30ean hasita.

Osasunaren arloan lan egiten duten Zarauzko elkarteen jarduna ezagutzera ematea du helburu Osasun Mahaiak. Joan den apirilean osatu zuen udalak, herriko osasun elkarteekin elkarlanean; osasun gida kaleratu zuten, eta berau aurkezteko ekitaldi berezi bat egin zuten Lege Zaharren enparantzan. Oraingo honetan, hitzaldi bat eskainiko dute, Osasun arazoei aurre eginez: emozioak, beldurrak, kezkak… izenburupean; mahaiak antolatzen duen estreinakoa, eta bihar izango da, 18:00etatik aurrera, Antoniano aretoan.

Hiru hizlarik hartuko dute parte saioan: Minbiziaren Aurkako Elkarteko Lara Franco psikoonkologoak, ADAHIGI Gipuzkoako Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatearen Elkarteko kide Karol Juan eta Bizi Bide Gipuzkoa Fibromialgia, Neke Kroniko Sindromea, Sentsibilizazio Kimiko Anizkoitza eta Elektrohipersensibilitatearen elkarteko Gema Rodriguez gizarte langileak. Horiekin batera, osasun arazoak dituen pertsona batek bere esperientzia kontatuko du.

Osasun arazoen aurrean norberak egiten duen barne prozesuari eta norberari sortzen zaizkion emozioei buruz ariko dira solasean. Era berean, egoera horretan familiak duen papera azalduko dute, baita hori guztiari aurre egiteko elkarteek eskaintzen duten babesa ere.


«Babes garrantzitsua»

Hamazazpi dira Zarauzko Osasun Mahaia osatzen duten elkarteak, eta kolore biziak dituen aterkia da beraien irudia, «elkarte hauek eskaintzen duten babes garrantzitsua islatu na­hian». Halaxe azaldu Osasun zinegotzi Miren Letamendiak: «Oraingo honetan ere, laguntzeko prest daudela erakutsiko digute, hitzaldi baten bitartez».

Letamendiaren esanetan, gaixotasun kronikoa duten herritarrak eta haien familiak galduta sentitzen dira askotan, eta «laguntza eta aholkularitza beharra» izaten dute. «Horregatik, osasun elkarte asko sortzen dira, menpekotasun arazoren bati edo gaixotasun baten ondorioz sortutako arazoei aurre egiten laguntzeko. Zentzu honetan, boluntarioen lana txalotzekoa da, benetan». Hori guztia aintzat hartuta eta herritarretzat lagungarri izateko kaleratu zuten osasun gida eta antolatu dute biharko hitzaldia. Aurrera begira ere, helburu berarekin hitzaldiak eskaintzen jarraituko dutela dio zinegotziak.