Abenduaren 15ean omenduko ditu aldundiak frankismoaren biktimak

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 29a, 10:36
Imanol Lasa bozeramailea azalpenak ematean atzoko agerraldian (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Jazarpena jasan zuten pertsona guztiei egin die ekitaldira bertaratzeko deia; horretarako aldundiarekin harremanetan jartzeko aukera eskaini dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Dominarekin omendu nahi ditu 1936an eta gerraostean hil zituzten pertsonak, espetxeratu zituztenak, erbestea edo konfinamendua jasan zutenak, errepresio sozio-ekonomikoa jasan zutenak, eta beren eskubide sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak zapalduak izan zituztenak. Aldundiko bozeramaile Imanol Lasaren esanetan, "pertsona horiek guztiek egiaren, justiziaren, aitormenaren eskubidea dute, eta omenaldi bat izatea merezi dute, gizarte osoaren aitortza, ahaztuak izan ez daitezen, hartara gure herriaren memorian izan daitezen eta hurrengo belaunaldiek ere jakin dezaten".

Ekitaldia abenduaren 15ean izango da, 18:00etan, foru jauregian. Aldundia harremanetan jarri da agintaldi honetan memoriari lotuta antolatutako ekitaldietan parte hartu duten elkarteekin, biktimekin eta zuzeneko familiartekoekin, gonbidapen jaso dezaten. Hala ere, deia zabaldu nahi die jazarpen hori jasan zuten pertsona guztiei, eta ekitaldian parte hartzera animatu ditu. Horretarako, harremanetan jar daitezke 943-11 37 61 telefonora deituta edo kabinetea@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.

"Ezin dugu hutsunea bete, baina bai memoria sendatu. 36ko belaunaldi hark egin zuen sakrifizioaren zordun gara. Gaur aldarrikatzen ditugun balioak emakume eta gizon horiek gerran eta ondoren aldeztu zituzten horiek berak dira. Pertsonak daude esperientzia ororen atzetik; eta hurrengo belaunaldiok memoria hori gordetzen dugu, hartara berriro antzekorik gerta ez dadin", esan du Lasak. Hori dela eta, ekitaldian plaka bat inauguratuko dute, aldundian geratuko dena ohorezko solairuan ikusgai, hurrengo belaunaldiek garai hartan izan zen sufrimenduaren lekukotza izan dezaten.