Hondakinen bilketa sistema «behar bezala» hornitzeko eskatu du Urola Kostako EH Bilduk

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 30a, 15:36
Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako EH Bilduko ordezkariak, atzoko agerraldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Urola Kostako EH Bilduk uste du ezarpen faserako lau hezitzaile bideratzea ez dela «nahikoa» eta eskatu du aurrekontuetan kontrol neurrietarako partidak jasotzeko.

Aurreikuspenen arabera, otsailean jarriko dute abianhondakinen bilketa sistema berria  kostako bost herrietan .  Urola Kostako EH Bilduk ohartarazi du sistemak funtzionatu dezan baliabide«egokiak» jartzea eta jarraipen «estua» egitea «beharrezkoa» dela. Zentzu horretan, «kezkaz» irakurri dituzte Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak elkarrizketa batean esandakoak: «Garrantzia kendu dio sistemak izan behar duen jarraipenari. Eskualde osoan lan hori egiteko lau hezitzaile soilik bideratzea ez da nahikoa». Koalizioaren ustez, hamar hezitzaile beharko lirateke.  

Zentzu horretan, Zumaiako EH Bilduko zinegotzi eta mankomunitateko zuzendaritza batzordeko kide Alex Olidenek adierazi du Debagoina hartu dutela eredu gisa: «Bertan ezarpen prozesuan garrantzia handia eman zitzaion hezitzaile kopuruari, benetan arrakastatsua izan zedin hasiera hura». Horregatik,  hondakinen bilketa sistema «behar bezala» hornitzeko eskatuko dute. Hala, 2018ko aurrekontuak erabakitzen ari diren honetan, herri bakoitzak udal elkartera bideratu beharreko partidetan alderdi hori kontuan izateko galdegingo diote zuzendaritzari. «Hain garrantzitsua den ezarpen fasean oso garrantzitsua da jarraipen lan hori modu egokian egin ahal izatea. Hezitzaileek herritarrekin zuzeneko harremana izango dutela gogoratu du, eta horregatik «beharrezkoa» dela kontrol eta jarraipen neurriak martxan jartzea.

%80ko sailkatze tasa

Koalizioak sistema berria babestea erabaki du, bilketa eredu horrek beste eskualde batzuetan emandako emaitzak ikusita eta ekarpenak egin ondoren. «Ikusi dugu %80eko sailkatze tasa lortzeko aukera ematen duela», adierazi du Goenagak. Nola lortu baino, gure nahia hori baita: ahalik eta tasa altuena lortzea».
Gaineratu du Urola Kostan ez ezik, Gipuzkoa osoan aplikagarria izan beharko lukeela sailkatze tasa hori lortzea ahalbidetzen duen sistema. «Sailkatze tasak geroz eta altuagoak dira probintzian. Gipuzkoan %80ko sailkatze tasa lortzera helduz gero, ikusaraziko dugu gaur egun Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren beharrik ez daukagula».   

Halaber, Urola Kostako EH Bilduk herritarrek egindako lana balioan jarri du. Goenagak gogoratu du 2012an abian jarritako hondakinen mahaiaren barruko prozesu parte hartzaileetan egindako ekarpena «garrantzitsua» izan dela. «Alderdien arteko akordio ez da halamoduz iritsi; eskualdeko herritarren lan itzela dago oinarrian. Haiek jarri dituzte bilketa sistema horren oinarriak mahai gainean».