Martin Bidaur: “Nire mugak gainditzen saiatzen ari naiz, literaturari dagokionez”

Maria Maya Manterola 2017ko abe. 5a, 10:36
Martin Bidaur. (Leire Cano)
Martin Bidaur idazlearen eta filosofia ikaslearen (jaiotza izenez Peru Iparragirre, 1996) Itzulera poema bilduma argitaratu zuen urrian Susa argitaletxeak.

 

Hainbat fanzine eta proiektu bultzatu dituen Itu Banda literatur taldeko sortzaileetako bat ere izan zen, Itu Bandak argitaratzen duen Lekore aldizkarian ere parte hartzen du.

Martin Bidaur goitizenez argitaratu duzu liburua. Zergatik?
Hau da behin eta berriro egiten didaten galdera, Martin Bidaur bezala ez, bestela ezagutzen nautenek gehienbat. Erantzuna sinplea da, idatzitakoa argitaratzeko luma-izen bat hautatu nuen, ez anonimotasunean ezkutatzeko, egiletasunari hesitxo bat jartzeko baizik. Lekoren argitaratutako testuekin ez dut bestelako arazorik izan, baina hau hain liburu pertsonala izana uler dezaket harridura, liburua ezinbestean nire biografiaren argipean irakurtzen dutenengan batez ere.

Itu Bandako eta Lekoreko kide ere bazara.
Bai. Beno, Itu Bandako kide naiz eta argitaratzen dugun Lekore aldizkarian ere parte hartzen dut. Alde batetik, Lekoren testuak argitaratzeak esperimentatzeko balio dit, testuekin eta argitaratzearekin berarekin harremantzen. Gainera, Itu Bandaren babesa ere garrantzitsua da niretzat, idazteko eta literaturaz jarduteko esparru eta lagun talde bezala.

Itu Bandarekin ere argitaratu zenuen Lekore aldizkarian poema bildumatxoa. Horren jarraipena al da Itzulera?
Egia da Lekore aldizkariaren separata gisa ateratako bilduman ere joan-etorri bati, bidaia bati, erreferentzia egiten zitzaiola, Itzuleran ere agertzen dena. Gaiari dagokionez sorta hartako poemek liburuan ere lekua izango luketela uste dut, eta garaikideak ere badira izatez. Jarraipena baino sorta eta liburua bateragarriak direla esango nuke.

Zure bizipenetatik sortutako poesia bilduma dela esan genezake?
Nire bizipenak oinarri idatzitako poemak dira, bai, eta zentzu horretan, liburua aski pertsonala dela esan daiteke.

Bost kapitulu ditu liburuak. Bidaia bat irudikatzen duzu.
Liburuak nolabaiteko hari kronologikoa jarraitzen du atalez atal, baita leku eta momentu zehatzez gain, dagoen egoera emozionalen segida bat ere. Hori izan daiteke aipatzen duzun bidaia. Joan-etorri fisikoak eta memoriari lotutako bidaiak ere ageri dira.

Gai gordinen inguruko poesiak idatzi dituzu.
Ez dakit zergatirik ematen, barruan neukana idatzi dut, ikusten nuena… Baina liburua irakurrita badirudi gai gordinak edo gogorrak direla nagusi. Izan daiteke horiek zirelako beste inola adierazten jakin ez, baina nola edo hala kanporatu behar nituen gauzak.

Noiz hasi zinen Itzulera liburuan jasotzen diren poemak idazten? Zerk bultzatu zintuen?
2015eko iraila alderako baneukan dagoeneko bilduma bat, liburu izan nahi zuena baina iristen ez zena. Poema horietako gehienak 2014-15 ikasturtean eta uda hartan idatziko nituen. Ordutik gaur egungo emaitza arte asko aldatu da bilduma. Lehenagotik banuen poemak idatzi eta blog batean argitaratzeko ohitura, eta horren jarraipena izan zen bilduma batean biltzen hastea.

Nolakoa izan da liburuaren idazketa prozesua?
Poemak idazten jarraitu nuen eta bilduma hura eguneratzen joan nintzen, harik eta Susakoak liburua argitaratzeko prest agertu ziren arte. Orduan, bilduma hari liburu forma ematen hasi ginen, poemak antolatzen, atalak finkatzen, poemak berrirakurtzen eta zuzentzen. Izan dudan laguntzari eta babesari esker, prozesu aberasgarria izan da oso.

Korapiloak askatzeko balio izan dizu?
Zalantzarik gabe. Liburua idazteak berak baino liburua bukatu eta argitaratzeak halako lasaitasun bat eman dit. Ez horregatik bakarrik, imajinatzen dut, baina zerbait gainditu izanaren sentipena daukat.

Paris aipatzen duzu, eta pasarte batzuetan Zarautz ere ageri dela dirudi.
Batetik besterako horretan hainbat leku ageri dira liburuan zehar: atal oso bat dagokio, adibidez, Parisi, eta Donostia ere askotan ageri da, baina badira poemetan ageri diren eta agian oso argiki identifikatzen ez diren beste leku ugari ere, horietako bat da Zarautz.

Beste proiekturik ba al duzu buruan?
Idazten jarraitzen dut, baina ez daukat berehala beste libururik argitaratzeko presarik. Batzuetan iruditzen zait ja egin behar dudala zerbait, eta gero konturatzen naiz ez dagoela horretarako ez presiorik ez beharrik. Oraingoz ikasten ari naiz eta, literaturari dagokionez, nire mugak gainditzen saiatzen.

Erlazionatuak