«Txapelketa ez da bertsogintza osoa»

Aritz Mutiozabal 2017ko abe. 14a, 10:31
Andoni Egaña. (Aritz Mutiozabal)

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da igande honetan, Barakaldon. Lau aldiz txapeldun izandako Andoni Egañak oso gertutik jarraitu du aurtengo txapelketa, eta saioaz gozatzeko irrikitan dago.

Txapelketako finalaren atarian, garai bateko urduritasun berarekin al zaude?
Ez, askoz ere erlaxatuago nabil. Garai batean lan gutxiago eta kezka gehiago izaten nuen, eta orain lana bakarrik daukat. Eta lana denean, ez da kezkarik. Pilatu zaizkit elkarrizketak eta halakoak, baina gustura egiten ditut, eta, batez ere, libratu daitezela zortzi finalistak horrelakoetatik.

Segur aski zuk baino hobeto gutxik jakingo dute zer bizitzen ariko diren egunotan zortzi bertsolari horiek?
Bai, baina ahaztu ere egiten zara. Lehen aldiz duela ia 32 urte hartu nuen nik parte finalean, 1986ko martxoan, eta ahaztu egin naiz egia esan nola pasatu nuen aste hura. Zazpi final jokatu ditut, eta ez naiz kapaza finalaren aurreko asteetan zer egin nuen gogoratzeko. Gogoratzen dudana da pilota gero eta  handiagoa zela. Hasieran, 1986an, prentsaurrekoa larunbat arratsaldean egin genuen, belodromoan bertan edo Xanti hotelean. Gerora, larunbat goizean egiten hasi ginen Donostiako udaletxean, eta orain hiruzpalau egun lehenago egiten da Barakaldon. Pilota gero eta handiagoa da komunikatiboki. Bertsolariaren kezka eta prestakuntza intimoa berdintsua izango dela pentsatzen dut.

Oihartzun mediatikoak erantzungo lioke gizartearen interesari. Duela 30 urtetik hona horrebeste aldatu al da?
Nik uste dut muina ez dela aldatu, eta 1986tik hona publiko kopurua ere ez dela hainbeste aldatu. 9.000-10.000 pertsona egongo ziren belodromoan nire lehen finalean; 1982tik 1986ra bai aldatu zela, Karmelo Baldako 2.000­tik belodromoko 9.000ra jada saltoa zegoen. Baina azken 32 urte hauetan 9.000tik 14.000ra ez da hainbesteko saltoa. Aldatu dena da finalerako sarrerak noiz agortzen diren: lehen bezperan agortuko zirela pentsatzen dut, eta orain hilabete eta erdi lehenago. Gizarte modu diferentean bizi gara, eta 1986a izan zen lehen txapelketa komunikabideek arreta handia eskaini ziotena: ETBk zuzenean eman zuen eta orduko egunkariek –Egin, Deia eta hauek– inportantzia handia eman zioten, gehigarriak argitaratuz. Orain dagoena da hedabide gehiago, tokikoak eta abar. Etxe beraren barruan borroka handiagoa programa bakoitzera joan daitezen finalistak... Sortzailearentzako kristoren putakeria!

Publikoaren figura ere aldatuz joan al da?
Ez horrenbeste. Beti esaten da publiko gaztea dela, baina inoiz ez da neurketarik egin... Esango nuke guri iruditzen zaigula hala dela, baina 1986an ere adin tartea ez zen izango gaur egun baino askoz zaharragoa; bost-sei urte zaharragoa zen, agian. Nik uste dut zelofana dela aldatzen dena, eta ez muina.

Bada uste oker bat egungo finalistak garai batekoak baino gazteagoak direla dioena.
Bai, hori ez da egia. Aurtengoa izango da aspaldiko finalik zaharrena. Norberak duen adinaren arabera iruditzen zaio ala ez gaztea. Finalisten artean gazteenak 30 urte ditu, Beñat Gaztelumendik, eta 1986an 30 urtetik beherakoak bost ginen.

Zortzi urte pasatu dira zure azkeneko finaletik. BECeko oholtzara berriro igotzeko inbidiarik ez al dizu ematen?
Ez, batere ez. Nahikoa bizi izan nuen hori eta, gainera, zurrunbiloaren barruan zabiltzanean ez diozu hainbesteko garrantziarik ematen. Orain, kanpotik begiratuta, bertigo pixka bat ematen dizu. Aurtengo txapelketa nahiko zehatz jarraitu dut, eta miresmen puntu bat ematen didate alanbre fin horretara igotzeko kapaz diren nire kideek.

Aurreko txapelketatik hona sentipen berak al dituzu?
Aurreko txapelketetatik lau urte bakarrik pasatu ziren, eta final hartara seguru hunkituko nintzela pentsatuz  joan nintzen, baina ez nintzen hunkitu alde liturgikoetatik, baizik eta lagunen bertso mailagatik. Espero nuen protokoloetan hunkituko nintzela, baina ez... Kristoren bertso saioa egin zutelako hunkitu nintzen. Bertsolari izateaz gain, bertsoa gustatzen zait niri; hau da, gustatzen zait ikustea zer joera berri dauden eta zer joera zahar, testuaren eta kantaeraren barruan. Lehengaiari dagokiona da nire interes handienetako bat, eta, alde horretatik, asko gozatzen ari naiz txapelketarekin. Baita asko sufritzen ere, jakin baitakit zer egoeratan egon behar izaten duen bertsolariak bere onena eman ahal izateko.

Une oro bertsoak aztertzen ala modu erlaxatuan entzuten?
Bertsorik ez dut sekula erlaxatuta entzun! Neuk kantatzen nuenean baino urduriago jartzen naiz besteek kantatzen dutenean. Nahigabe hasten naiz aztertzen: non hasi den eta non bukatu, zer esango du, hemen ez dabil ondo, hemen zer ondo... Dena nahasten zait barruan, eta ez naiz gai bertsoak lasai entzuteko. Bai, etengabe aztertzen. Oholtzatik kanpo beti errazago pentsatzen denez, oso ongi ari zarela iruditzen zaizu ari ez zarenean. Ari zarenean zailagoa da.

Eta horren sasoiko egonda, zergatik utzi zenion txapelketetan parte hartzeari?
Zazpi final jokatu ditudalako... Sarriegik esaten zuen igandeko Berrian berak sei txapelketetan hartu duela parte, eta ez direla asko izango sei baino gehiagotan parte hartu dutenak. Zerbaitegatik izango dela esaten zuen. Bai, zerbaitegatik izango da. Edukiko ditugu gure anbizioaren eta grinaren mugak. Gainera, hau ez da beste jarduera batzuk bezala. Normalean lehia kirolean ezagutzen dugu, eta le­hiatik kanpo geratzen direnak jardueratik kanpo geratzen dira. Bertsotan ez da hori gertatzen: txapelketak utzita ere segi dezakezu saio asko eginez, eta zeure buruari langa goi samarrean jarriz. Txapelketa ez da bertsogintza osoa. Batzuetan pentsatzen dut zergatik utzi nion 48 urterekin txapelketak jokatzeari, baina uste dut zazpi final jokatzen dituenari ere etorriko zaio uzteko gogoa.

Komentatu da emakumeren bat edo beste gehiago iritsi zitekeela finalera, aurpegi berriren bat, gazteagoak... Azkenean, duela lau urteko antzeko zortzikoa izango da BECen. Harritu egin al zaitu?
Ez nau harritu. Zortziko oso logikoa iruditzen zait, eta merezimenduz sailkatu da bakoitza. Esaten zenean bi emakume iritsiko zirela finalera parte hartzen zuten emakumeekiko injustua zen. Esan zein bi! Inork ez zuen esaten «baietz bost gizonezko» izenik eman gabe. Esan «baietz Maialen eta Nerea», «baietz Nerea eta Alaia» edo «baietz Oihana eta Onintza». Zakuan sartzea iruditzen zait, baina zortzi bertsolari bikain horietatik hiru emakumeak izatea ez zatekeen harrigarria izango, baina betiere izenekin.

Maila aldetik nola ikusi duzu aurtengo txapelketa?
Oro har esatera ez nintzateke ausartuko. Diferente dator. Esango nuke oso zehatz datorrela. Bertsogintza aldatu da, eta, orduan, zertzeladari garrantzia handiagoa ematen zaio, kontundentziari gutxiago... Badaude bertsogintzaren aldaketaren arrasto asko txapelketa honetan. Rol bat hartzen denean zer ikuspegitik ekiten zaion eta horrelako gauzak hartzen ari dira garrantzia handia lehengo aldean.

Horrek esan nahi du bertsogintza ez dela iritsi bere mugara?
Ez, aldatzen joango da etengabe. Bertsolariak sortzaileak dira, eta bertsogintza da tradizioaren eta sormenaren arteko oreka bat. Boladatan tradiziotik gehiago sormenetik baino, eta alderantziz. Bien arteko koktel interesgarri bat da. Sormenetik baduenez, tradizioa beti berrituz joaten da, eta beti garatzen doan zerbait da, bestela ez litzateke interesgarria izango niretzat.

Finalek ateratzen dute bertsolari baten onena?
Bai eta ez. Bertsolari baten onena jakiteko agian urtean bere ehun saio entzun behar dira, eta, beharbada, Eskoriatzako Apotzaga auzoan eduki du bere urteko egunik onena, eta han zeukan etorria nahiz inspirazio maila ez du beste inon izango urte horretan. Kasualitatea litzateke egunik onena BECen tokatzea. Egia da jendea prestatuta iristen dela, bere proposamen pertsonalarekin, eta salto batzuk ematen direla sarerik gabe. Eta horrek interesa pizten du.

Faborito nagusirik ba al da?
Beti izaten dira faboritoak. Gertatzen dena da ezaugarri nabarmen bat duela aurtengo txapelketak: bertsogintza oso garatua dago, eta bospasei estilo, lengoaia modu edo papera hartzeko modu diferenteren arteko talka izango dela. Ederra ikusteko eta entzuteko!

Finalaz gozatzeko irrikitan ikusten zaizu.
Halaxe nago. Bertsogintzaren aldetik, batez ere. Hango 14.000 lagunen artean sortzen den giroa polita da, baina ni bertsolaria naiz, eta niri lengoaiaren tratamendua bertsolari bakoitzaren ahotan interesatzen zait. Gogoz nago bakoitzaren proposamen estilistiko-ideologikoa nola gauzatzen den sumatzeko.

Aulki-jokoa telesaioan ere bazabiltza, saioen nolabaiteko analisia egiten. Ikuspegi kritiko horretatik jarraituko duzu finala? Epaimahaikide baten prismatik begiratuta?
Ez, epaimahaikide izateko ez nuke balioko. Beti modu berean puntuatuko nituzke gehienak. Lagunak ditudanez, bertso horren ona bota ez badu ere puntu erdi bat gehiagorekin puntuatuko nuke bata, erakutsitako intentzioagatik; eta besteari pixka bat gutxiago puntuatuko nioke, aurretik puntu gehiago eman dizkiodalako... Azkenean, ia berdinduta bukatuko lukete guztiek. Epailea ez naiz, baina lehen gaiaren tratamendua zein izan daiteken asko interesatzen zait. Nik neuk hobetu nahi dut eta besteengandik ikusten dut zer interesatzen zaidan, zertan asmatu duen eta zertan ez. Jendaurrera atera behar duzunean komeni zaizu ikaste prozesua jarraia izatea. Bestela, segituan geratzen zara atzean.

Txapelketan aritu diren askoren erreferente izango zara, eta zu haiengandik ere ikasten?
Bai, urteak daramatzat horretan. Ez dakit zenbateraino naizen haien erreferente, baina beraiek badira nireak. Haiekin partekatzen ditut urtean egun ugari, eta pixka bat argi egon beharra daukazu, bestela jan egiten zaituzte.

Aulki-jokoan zure txokotik aztertzen dituzu saioak: zuk lortutako txapelak, oroigarriak, argazkiak... Behia jezteko aulkiak ere badira.
Aulkiak etxean zeuden eta Lander Garro zuzendariaren ideia izan zen horietan esertzea. Aulkiak dira urteetan oparitu izan dizkidatenak, 2005eko finalean botatako bertsoaren ondorioz.

Jendearen memorian geratu den bertsoa izan zen. Xalbadorri txistuak jo zizkioteneko gertaera hura bezala?
Ez hainbeste... Bertso bat zen bederatzikoa, eta globalizazioa aipatu gabe asmatu nuen metonimizatzen behiak jezteko aulki txikitik globalizazioa. Kritikatzeko modu bat izan zen. Agian, geratu da jendearen memorian, bai, baina hori ere gertatzen da. Aurten ere egongo da bertsoren bat  geratuko dena seguru.

Lau txapela segidan irabazita, ez diezu besteei erraz utzi marka hori ontzeko bidea.
Bertsotan errekorrik ez ditugu inoiz aipatu. Hori gehiago da kirol parametroa. Gurea ibilia da, eta ahal den bitartean plazaz plaza segi. Txapeldun nintzen garaian eta irabazteko zortea izan nuen garaian ez nion inportantzirik eman bat, bi edo hiru txapela irabazi. Pozik handiena ez nuen txapela batekin jaso, baizik eta nire lehen finalerako sailkatu nintzenean. 24 urte nintuen, eta agian on samarra nintzela eta plaza dezente egin nitzakeela pentsatu nuen. Txapelek balio izan didate aukeratu nuen bizimodua egin ahal izateko. Azken 25 urtean sormen lanetatik bizi ahal izan naiz, nik hala erabakita, eta hori zorte handia da.

Bosgarren txapelaren lehian ez, baina Zarauzko Kopla Txapelketako zintzarria defendatu beharko duzu hurrengo astean.
Hori da. Zintzarri hori da orain arte ez neukan saria. Gero, oso harro nago Zarautzekin lortu genuen herriartekoarekin, eta txapela hark asko aski etsi ninduen, Iñigo Mantzizidor Mantxi-rekin eta Julen Zulaikarekin lortu nuelako. Baita Zarauzko beste taldekoekin –Nahikari Gabilondo, Imanol Epelde eta Aritz Aranbururekin– ere entrenatu ginelako. Eta zintzarriak ere ilusioa egin zidan... Ea hurrengo astean zer moduz pasatzen dugun!

Lehiarako baino gehiago parrandarako bide ematen du.
Bai. Gainera, biak konbinatzen asmatzea ez da erraza izaten, eta badirudi ni espezialista naizela.

Erlazionatuak