Zarauzko Kirol Sariak 2017

Kirolari onenak saritu zituzten ostiralean, Kirol Sarien ekitaldian

Zarauzko hitza 2018ko ots. 3a, 12:37

Zarauzko kirolari onenen sariak banatu zituzten ostiral iluntzean, Antoniano aretoan egindako ekitaldian. Hunkituta jaso zituzten aitortzak kirolariek.

Ainara Aymat surflaria, Eneko Goenaga eskubaloi jokalaria, Zarauzko emakumezkoen futbol taldea, ZAEko gizonezko jubenilak, Pablo Cazalis, Patricia Damian, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II. eta Babyauto babeslea saritu zituzten, eta aipamen bereziak jaso zituzten Rafa Olaizolak eta Jesus San Martinek.

Iban San Martin zinegotziak zabaldu zuen ekitaldia, eta kirolak Zarautzen duen "pisua" nabarmendu zuen.
Ainara Aymat Kanariar Irletan surf zirkuitua jokatzen ari da egunotan, eta bere anaiak izan zuen saria jasotzeko ardura. Eneko Goenaga, aldiz, bertan izan zen; eta esker hitzak izan zituen saria eskuetan hartuta. Ondoren, Zarauzko emakumeen futbol taldeko hiru ordezkarik jaso zuten talderik onenaren saria; baina gogoan izan zituzten taldekide guztiak. ZAEko gizonezkoen jubenilen taldeak oholtza bete zuen eta pozez jaso zuten aitortza. Pablo Cazalisek entrenatzaile onenaren saria jaso zuen, eta Zarautz Balea Igeriketako kideak aipatu zituen, baita gainontzeko entrenatzaileak ere. Horretaz gain, gaur egun Zarautzen 211 igerilari direla nabarmendu zuen. Patricia Damianek jaso zuen ondoren boluntariotzari eskainitako saria, eta Zuzendaritza Batzordeari, Zarauzko Udalari eta Triatloi Elkarteari eskertu zien egindako lana. Erretiroa hartu eta berehala aitortu zioten kirol ibilbidea Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II-ari, eta belaunaldi berrietan herri kirola sustatzea garrantzizkotzat jo zuen. Ibon Mozo ere bertan izan zen Babyautoren izenean, eta Zarauzko Rugby taldea gertuko dutela aipatu zuen saria jaso ondorengo hitzartzean. Azkenik, Rafa Olaizola eta Jesus San Martin igo ziren oholtzara. Zarauzko Kirol Elkarteko presidentea zeneko oroitzapenak gogora ekarri zituen Olaizolak, eta esker hitzak izan zituen San Martinek. 

Erlazionatuak

Irudietan: Kirol Sarien ekitaldia

Zarauzko hitza 2018 ots 03 Zarautz