Jazza zentzurik zabalenean

Amaia Urbieta Arruti 2018ko ots. 8a, 07:30
Martin Bidaurrek (aurrean) eta Iñigo Astizek errezitaldia eskaini zuten abenduan, Marina Txiki tabernan. (Patxi Gaztelumendi)

Marina Txiki tabernan emanaldiak antolatzen dituzte Tarteka Jazzeko kideek. Jazza ardatz hartuta, herrian nabaritutako kultur hutsunea betetzea dute xede.

Itsasaldea gertu sentitzen duten jazz musikari amateurrek sortutako elkartea da Tarteka Jazz. Proiektuak martxan pare bat urte daramatzan arren, abenduan hasi zen elkartea programazio erregular bat plazaratzen. Berriz abian jarri zenetik, Zarauzko malekoiko Marina Txiki tabernan egiten dituzte emanaldiak ostegun iluntzeetan.

Tabernako jabea den Esteban Altunak sortu zuen Tarteka Jazz. Gaur egun hamabost dira antolakuntzan diharduten kideak, baina bazkide berriak ongietorriak direla azaldu dute. Kideetako bat da Nere Arruti (Zarautz, 1966), eta elkartearen sortzaileak jazz zaleak diren arren, Arrutik proiektua literaturarekin uztartzera bideratu du, bi diziplinek elementu asko dituztelako komunean. Beraz, jazza beraien ardatza bada ere, horrekin lotuta dauden beste zenbait arlo literario zein musikal ere lantzen dituzte; betiere, inprobisazioarekin nolabaiteko lotura mantentzen dutenak. Elkarteko kideak eta antolatzaileak Julio Cortazar idazle argentinarraren aipu bat ekarri du  gogora generoaz solasean: «Jazza tokira egokitzen den hizkuntza unibertsala da».

Jazz ekitaldiak antolatzen dituzte, eta antolatzaileak ere halaxe izaki, Tarteka Jazz musikari amateurrentzako topagune izatea da elkarteko kideen helburuetako bat. Beste hitz batzuetan, gazte sortzaileei beraien lanak erakusteko aukera emateko abagune bat izatea nahi dute antolatzaileek.

Formatu txikiko emanaldiak izaten dira, ostegun iluntzeetan, taberna giroan. Arrutiren hitzetan, «giro goxoa» sortzen da horietan. Agian, topatzen horren erraza ez den formatu honek esperimentatzeko aukera ematen dio artistari.  Esaterako, Iñigo Astizek Martin Bidaurrekin batera abenduan eskaini zuen errezitaldian, ordu erdi iraun zuen poema bat errezitatu zuen. Arrutiren arabera, eskakizunak handiagoak direnean edo  jende gehiago dagoenean esperimentatzea zailago da. «Literatura ikuspuntutik, giro samurrak aukera ematen du arrisku handiagoak hartzeko».



Kontsumo ohitura berriak

Lehen saioetara publiko askorik hurbildu ez zen arren, pixkanaka-pixkanaka kopurua areagotzen doala dio Tarteka Jazzeko kideak. Horrez gain, azpimarratu du kontsumo ohitura berriak sortzea garrantzitsua dela. Elkarteko kideek Euskal Herritik kanpo ikusi duten kultur mugimendua aintzat harturik –batez ere, Irlandan eta Eskozian–, bertan horrelako proiektu baten hutsunea zegoela nabaritu zuten.  Arrutiren arabera, esparru kultural gehiagotan ere gertatzen da hori. «Zineman, esaterako, jendea etxean gelditzen da ordenagailuan beraiek aukeratutakoa ikusten, zinema aretoetara edo estreinaldietara joan ordez».

Halako ohitura gehiago ere azpimarratu ditu, egun kultura kontsumitzerakoan jendeak dituen jarreren inguruan. Adierazi duenez, gaur egun oso zaila da kontzertu batean jendeak mugikorrik ez ateratzea. «Ikusitako eta bizitako guztia erakutsi behar diegu besteei, dena erregistratuta gelditu dadin nahi du­gu». Dirudienez, ordea, Marina Txikiko emanaldietan jendeak beste jarrera bat izan du orain arte: «Alde horretatik, pozgarria da. Tarteka Jazzen izan ditugun emanaldietan jendeak zuzenekoak daukan xarma hori errespetatzen eta momentua gozatzen jakin du. Uste dut gaur egun galtzen ari garen balio bat dela».

Arrutik Zarautzen dagoen idazle kopurua handia dela nabarmendu du. Hori aintzat hartuta, eta aurrera begirako asmoen artean, egile gazteei txoko bat eskaintzea ere elkartearen helburuetako bat da. Beraien lanak partekatzeko, proiektu berrien aurkezpenak egiteko eta, oro har, plaza bat eskaintzeko, Marina Txiki artistek erabili ahal izango duten leku bat izatea nahi luketela dio literaturzaleak.