Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

"Oraindik asko dago egiteko, baina gero eta hezkideagoak gara"

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 2a, 14:10
Ikastetxeko ordezkariak, Berritzeguneko Jose Luis Alberdi eta Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal).

Berdintasunaren aldeko manifestu bateratua irakurriko dute Martxoaren 8an herriko ikastetxeek, Alde Zaharreko kaleetan ibilbide bat egin ondoren. Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurtik hasi eta martxoaren 10a bitartean.

Zarauzko Udalak ere bat egiten du Martxoaren 8ko greba deialdiarekin, eta greba eskubidea erraztu nahian, aurtengo ekitaldia aurreratu egingo du: 10:00etan hasiko da, Musika Plazan. Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, Kosta bailarako herrietako –Aia, Orio. Getaria, Zarautz eta Zumaia– udalek eta ikastetxeek bat egin dute, Berritzeguneak koordinatuta. "Bidea luzea da, eta oraindik asko dago egiteko, baina herriak eta eskolak gero eta hezkideagoak gara", azaldu du Berritzeguneko ordezkari eta Hezikidetza Foroko kide Jose Luis Alberdik.

Hezikdetza ikastetxeetan sustatu dute, eta Martxoaren 8aren harira, egungo errealitatea hausnatzen eta lantzen aritu dira. "Hortik ateratako ondorioa udalak eskainitako kartulina more batzuetan islatuko dituzte, eta iritzi, helburu nahiz ideia horiek herrian zehar zabalduko dira", zehaztu du Alberdik. Era berean, ikasleen etxe guztietara eskutitz bat bidaliko zaiei eskoletatik, "Martxoaren 8an zer egitekoak garen azaltzeko". Horrez gain, udalak eskainitako pankarta batzuk jarriko dituzten hezkuntza zentroetan eta hainbat udal eraikinetan.

Martxoaren 8an bertan kaleko ekintza egingo dute. Musika Plazan elkartuko dira ikastetxe guztiak, eta Alde Zaharreko kaleetan iblbide bat egingo dute goizean, Musika Plazan amaituz. Bertan, guztien artean adostu duten berdintasunaren aldeko manifestua irakurriko dute, eta bailarako beste herri guztietan ere manifestu bera irakuriko dute. Bukatzeko, amaiera ekitaldia egingo dute.

Horrez gain, udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurtik hasi eta martxoaren 10a bitartean. Gainera, herria morez janzte aldera, balkoitan jartzeko banderatxoak Herritarren Arreta Zerbitzuan eskuratu daitezkela gogora ekarri dute.

"Ez da justua"

"Emakumea izateagatik diskriminazioa sufritzen dugu", nabarmendu du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek, ondorengo adibideak aipatuz: gizonezkoek baino soldata txikiagoa, aginteko postuetara heltzeko zailtasunak, pobrezia gehiago, pentsioak txikiagoak eta indarkeri matxista. "Era berean, etxeko lan eta zaintza gehienak gure kargu izaten dira, eta hori guztia ez da justua".

Emakumeen lana eta parte hartzea "funtsezkoa" dela arlo guztietan dio zinegotziak, baina askotan gutxietsi egiten dela: "Gure lorpenak eta esfortzuak ikusgarriak izatea eta balioa ematea aldarrikatzen dugu. Horixe da greba honekin agerian jarri nahi duguna: emakumeok planto egingo bagenu, mundua hankaz gora geratuko litzatekeela".

Hori horrela, "denok batera, neskak eta mutilak, gizonak eta emakumeak, elkarrekin lan egin behar dugu eskubide berdinak izateko gizartean".