Udal Gobernuaren irakurketa: 'Terrorismoaren biktima anonimoei'

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 11a, 13:55
Krabelin zuriekin gogoratu dituzte terrorismoaren biktimak

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin bat eginez, ekitaldia egin du gaur eguerdian Zarauzko Udalak Arrosategi parkean. Xabier Txurruka alkateak sarrerako hitz batzuk egin ondoren, Udal Gobernuaren testua irakurri dute euskaraz Jesus Arana EAJko bozeramaileak eta gaztelaniaz Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak. Bost minutuko isilunearen ondotik, lore eskaintza egin dute.

Hau da Udal Gobernuaren testua, osorik:

"TERRORISMOAREN BIKTIMA ANONIMOEI
Aurten berriro ere “Arrosategia” parke honetan elkartu gara terrorismoaren biktimak gogoratzeko. Parke hauxe da udalbatzarrak 2007an aukeratu zuen lekua bidegabekeriaren eta basakeria terroristaren biktimen memoria mantendu eta ondratzeko.

Europar Batasunak martxoaren 11 Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Europako Eguna izendatu zuen. Europan eta munduko beste toki askotan dago terrorismoa. Eta ez dugu ahaztu behar Zarautzen ere terrorismoa izan dugula, urteetan eta urteetan, eta horrek kalte konponezina eragin diela familia askori, eta gure gizartera ekarri dituela samina, beldurra, gorrotoa, ikusiezina…

Gaur gogora ekarriko ditugun pertsona hauei bizitza txikitu zieten; mehatxatuak, estortsionatuak, bahituak eta hilak izan ziren.

Eta hori Zarautzen gertatu zen, eta Zarautzen gogoratuko dugu.

Behin eta berriro azpimarratu behar dugu Bizitzarako Eskubidea dela lehenengo Giza Eskubidea, bizitzarik gabe ezin delako beste eskubiderik eduki. Gaur hemen salatzen ari garen giza-eskubideen urraketak eta hilketak egiteko ez zen egon, ezta egongo ere, inongo justifikaziorik. Ez zen inoiz gertatu behar. Ideia, proiektu politiko, erlijio, edo helburu bakar batek ere ezin du terrorismoa justifikatu.

Gertatu zenaren memoria eta egia bizirik mantendu behar ditugu. Eta halaxe egin behar dugu erabateko uste demokratikoa dugulako. Gaurkoa bezalako ekintzak beharrezkoak dira memoria hori mantentzeko eta gizarte honi erakusteko, berriz ere, biktimen aldamenean gaudela.

Gaur berriro ere berretsi nahi dugu bortizkeria ezin dela izan sinisten duzun horren alde borroka egiteko baliabidea. Hau da, aldarrikatu egin nahi dugu pertsona bakoitzak bere ideiak defendatzeko daukan eskubidea, eta entzuna eta errespetatua izateko daukan eskubidea, horixe baita bakean eta askatasunean bizi izateko oinarria.

Aitortza-ekitaldi xume baina benetako honekin, gure berotasuna eta solidaritatea helarazi nahi dizkiegu terrorismoaren biktimen senitarteko eta lagunei.

Esan nahi dizuegu bene-benetan sentitzen dugula zuen galera eta zuen mina, eta konpartitu egiten ditugula. Bidegabekeria hutsa izan zen, eta ez dugu nahi gure herrian horrelakorik gertatzea berriro ere.
Aurten, gainera, bereziki aipatu nahi ditugu eta gure maitasuna eta solidaritatea erakutsi nahi diegu, zerrenda ofizialetan ez agertuta ere, terrorismoaren bortizkeria isilpean bizi izan duten pertsona, agian anonimo, guzti-guztiei; gure artean bizi dira, gizarte honetan, eta mehatxatuta, mespretxatuta, irainduta, estortsionatuta egonda (baita euren familiak ere) beldurra, panikoa, terrorea eta bakardadea bizi izan dituzte.

Gure maitasuna eta errekonozimendua, beraz, terrorismoaren biktima anonimoei.

Gaur biktimekiko solidaritateak eta bortizkeriaren gaitzespenak elkartzen gaitu. Terrorismoaren aurrean bakearen eta bizikidetzaren kultura defendatzen jarraitu behar dugu, ziur gaudelako Giza Eskubide guztiak erabat errespetatuta, gizarte aske, justu, solidario, etiko eta demokratiko batetik, eta gertatutakoa ahaztu gabe, gu guztion artean eraiki ahal izango dugula bizikidetzarantz irmo doan Zarautz; biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari erantzuna emango dion Zarautz.

“Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz”."