Ekainaren 10eko giza katean hiru kilometro osatzeko erronka izango dute zarauztarrek

Zarauzko hitza 2018ko mar. 17a, 14:06

Ekainaren 10eko giza katea Zarauztik pasako dela jakinarazi dute Antoniano aretoan egindako aurkezpenean. Autopistako biribilgunetik Getariara doan errepide erdirainoko eremua beteko dute zarauztarrek.

Ekainaren 10ean Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko dituen giza katea eta Herritarron Ituna aurkeztu dituzte gaur eguerdian Antoniano aretoan. 201,9 kilometroko bidea egingo du kateak, Eman eskua etorkizunari! lelopean, eta Zarauztik igaroko dela jakinarazi dute.

Hiru kilometro betetzeko erronka izango dute zarauztarrek. Zehazki, autopistako biribilgunetik hasi eta Getariara doan errepide erdirainoko eremua osatuko dute. Giza kateko izen-emate fitxak banatu dituzte, eta apirilaren 21ean jasoko dituztela jakinarazi dute; 12:00etatik 14:00etara udaletxean jarriko duten mahaian.

Bestetik, giza katearen amaieran Gasteizko parlamentura eramango den Herritarron Ituna osatzeko bi hilabete eta erdiko epea izango dute zarauztarrek, erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoiak biltzeko. Hemendik aurrera, herritarrek euren artean eztabaidatu eta idatziz adieraztera animatu dituzte. Aurkezpenaren ondoren egin duten luntxa baliatu dute arrazoi horietako batzuk biltzeko.

Bost urteotan "hamaika borondate josi" dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. Hain justu, pasa den maiatzean 5.000 zarauztarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zutela gogora ekarri dute.