Omenaldi herrikoia egingo die Udalak duela 30 urte surf txapelketa sustatu zutenei

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 27a, 15:28

Ostiralean 19:00etan Malekoian da hitzordua, Beraza parean. Pukas eta munduko txapelketako lehen edizioa sustatu zutenak omenduko ditu Zarauzko Udalak. Herritar guztiei dei egin die bertaratzera.

1988an egin zuten aurrenekoz Zarautzen munduko surf txapelketa. Ordutik hainbat aldaketa eta gorabehera izan du lehiaketak, baina hasiera hura gogoratu nahi dute, eta sustatzaileak omendu, tartean Pukas.

Horregatik, martxoaren 30ean, ostirala, Malekoian omenaldi herrikoia egingo da. 19:00etan da hitzordua, Beraza parean. Mikel Urigoitia surflariak aurkeztuko du ekitaldia, DJ Makalaren laguntzarekin.

Zarauzko Udalak herritar guztiak eta bereziki surflariak eta zaleak animatu ditu omenaldi herrikoira bertaratzera.

Omenaldia Pro Zarautz surf txapelketaren bezperan izango da ia-ia, handik bost egunera hasiko baita QS/1.500 mailako munduko surf txapelketa Zarauzko hondartzan.