Pro Zarautz 2018

Aranburu, Yeregi, Collazo eta Erostarbe final zortzirenetarako sailkatu dira

Zarauzko Hitza 2018ko api. 6a, 07:51
Pauline Ado frantziarra. (Poullenot/WSL)

Pro Zarautz surf txapelketako bigarren jardunaldian, Aritz Aranburu eta Hodei Collazo zarauztarrek eta Imanol Yeregi zumaiarrak lortu dute hurrengo txandarako sailkatzea mutilen kategorian. Neskek, berriz, txapelketako lehen jardunaldia izan dute, eta Nadia Erostarbe zarauztarrak bere txandan aurrera egitea lortu du. Olatuak lagun izan dituzte gizonezkoen kategoriako surflariek, baina arratsalde parterako indarra galtzen joan dira.

Gizonezkoen hirugarren errondako azken 8 mangek hasi dute eguna, eta neskak 11:00tan check ina egitera deituta bazeuden ere, 15:00ak arte ez dira uretara sartu. Olatuei dagokienez, adituek diote goizean olatu egokiak izan direla, nahiz eta arratsalde parterako indarra galtzen joan diren.

Emakumeek olatu ahulagoak izan dituzte beraz, eta zarauztarrei dagokienean, Erostarbek lortu du final zortzirenetarako txartela. Aymatek, berriz, ez du lortu bere mangako lehenengo bi postuetan sailkatzea.  Hirugarren jardunaldian, 10:00etarako ezarri da emakumezkoen check ina.

Gizonen kategorian, Aritz Aranburu eta Hodei Collazo zarauztarrek eta Imanol Yeregi zumaiarrak lortu dute final zortzirenetarako txartela. Baita aurreko urteko txapeldunak, Gony Zubizarretak, ere. Yeregi eta Aranburu manga berean ikusiko ditugu gaur final laurdenetarako txartelaren lehian. Iker eta Adur Amatriain, Lander Davila eta Igor Muniain, berriz, lehiatik kanpo geratu dira.

Orain arteko jardunaldi guztiak bezala, txapelketa www.worldsurfleague.com webgunean zuzenean ikusi ahal izango da.